Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Akelarrearen adarrak

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Saiatu naiz, baina ez dut izkin egiteko aukerarik izan. Ezin astea itxi Akelarre aferaz zerbait esan gabe. Ezer baino lehen, gogorarazi nahi nuke testuingururik gabeko bideo tarteak, bata bestearen segidan, ez direla helduleku egokia ondorio sendoegiak ateratzeko. Hala egin nahi duenak, hobe du saioa bere horretan ikusi. Ahal dela, atal bat baino gehiago. Oroitu, bestela, Euskalduna naiz, eta zer? saioarekin zer gertatu zen. Valeria Rosen ezjakintasun (mingarri) hori saioko elkarrizketen berezko ezaugarria da, eta ez da, soilik, euskaldunen kontrakoa. Horrek, dena den, ez dio baliorik kentzen sortu den eztabaidari. Ezta bertan esan diren kontu nagusiei ere.

Xabier Euzkitzek Twitterreko harian esandakoak, adibidez, hitzez hitz sinatuko nituzke: dioenez, ardura ez da aurkezlearena; saioa egitea erabaki dutenena baizik. Zergatik egin da umorezko saio bat euskal munduaren ardatzetik erabat aparte bizi den jendearekin? Gaztelaniazko katea izatea nahikoa ez, eta Espainiari begira ari den katea izan behar ote da? Hori da telebista publikoak eskaintzeko diguna? Telebista ereduaz nazio eztabaida bat behar dela adierazi du, eta bai. Baina kosta behar zaigu ados jartzea.

Juan Kruz Lakasta kazetariak beste gogoeta batzuk haizatu ditu gaiaren aitzakian. Eta horiek ere hona ekartzeko modukoak dira. Izan ere, Akelarre-k euskaldunoi begiratzeko duen modua bezain sumingarria da tono eta ezaugarri bertsuko euskarazko saiorik ez izatea. Dio Espainiako umorea erabat berritu dela azken urteotan; stand-up-a oinarri, eta joera zaharrunoagoak alboratuta. Euskaraz, salbuespenak salbuespen, ez dela izan halako aldaketarik. ETB1ek apustu sendoa egin behar duela lehenbailehen, eredu berriago bat —gaurko gazteekin konektatuko duena— sor dadin. Deserosoa izango da, eztabaidak eragingo ditu, eta bat baino gehiago haserretuko da prozesuan. Baina ez dago beste biderik.

Ez da Akelarre saioa euskal telebistak duen gaitzik handiena. Baina bideo horrek balio badu—sorgin ehizak alboratuta— , behingoagatik, euskal telebistaren norabideaz eztabaida taxuzko bat abiatzeko, ez da alferrik izango. Hori bai: ez nuke nahi, batzuek aldarrikatu duten moduan, saioa kolpetik kentzerik. Egin dezala bere bidea: horrela egingo baitu bidea eragin duen suminak eta eztabaidak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.