Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Haserre nago

2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gertatzen da tarteka, haserretzeko prest zaudela norbaitekin elkartu aurretik. Berdin dio zer esango duen, zer egingo duen edo zer ez duen egingo. Zu haserre zaude. Ez du axola. Edozein aitzakia, keinu edo hitz-erdi baliatuko duzu zure haserrea okatzeko. Gauza bera gerta daiteke telebistari begira jartzean. Aste honetan jazo zaidana da horren adibide. Amorratuta bainago, bai. Suminduta ETB2n umorezko talk show berri bat hasi direlako ematen, gaztelania batuan. El Terrat etxeak La Resistencia, Late Motiv, Nadie sabe nada... ekoitzi du, gainera, Espainiako telebistetan bigarren planoan ari ziren umoregile euskal herritarrak —euskaldunak direnik ez dakit esaten— lehen lerrora ekarrita. Akelarre du izena, eta ostegun iluntzeetan jarriko dute zuzeneko telebistan.

Haserre nago, euskarazko kateari nabarmen falta zaizkion bi elementu uztartuta egin dutelako saioa: umorea eta zurikeriatik ateratzeko askatasuna. ETB1eko saioek baino arrisku gehiago hartzen ditu, eta antzematen da ez dagoela publiko guztiei gustatzeko asmoz egina. La Sexta etxeko Zapeando saioan aritu izan den Valeria Ros da aurkezle nagusia. Hori da —nire suminetik— saioari barka diezaiokedan bakarra. Molde klasikotik jotzen du aurkezleak, iruzkin lizunak eta autofikzio esajeratua uztartuz, baina oraindik ezohikoa da telebistan emakumezkoei rol horiek baimentzea. Ez da gauza bera gizon heldu hetero batek gonbidatuekin nolabaiteko tonteoa antzeztea, edo hori bera egitea Valeria Rosek. La Resistencia-ko ohiko kolaboratzailea den Pablo Ibarburu eta Late Motiv-eko musikaria izan den Pirata dira kide osagarri. Protagonismo mugatua dute, baina aurpegi identifikagarri gehiago gehitzen dizkiote formatu berriari. Herrenak bezainbeste, baditu elementu interesgarriak: Ana Goitiaren kolaborazioa, egitura malgua... Baina haserreak beste galdera ilunagoetara eramaten dit gogoa: badu zentzurik ETBk jada gaztelaniazko umorearen eskaintza zabala are gehiago zabaltzeko lanak hartzeak? Zergatik ez da egin, Autentikoak geroztik, euskaraz antzeko zerbait egiteko ahaleginik? Nahikoa da pilotari bat gonbidatzea eta izen euskalduna jartzea Espainian egiten dena hona ekartzeko? Ez ote du, gaztelaniazko umorea nahi duen ikusleak, originala nahiago izango?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.