Bakarrik eta oinez; hala irudikatu zuen Ignazio Loiolakoa, Azpeitiko santu ospetsuaren biografia idatzi zuenean, Jose Ignacio Telletxea Idigoras historialariak. Eta halaxe egin zuen, bakarrik eta oinez, Werner Herzog zinemagileak Munich eta Paris arteko ia 750 kilometroko bidea 1974an, Lotte Eisner zinema kritikari eta aditua gaixorik zegoela jakin zuenean, hari omenaldi sinbolikoa eta bisita egiteko, gero Vom Gehen im eisliburuan (Izotz gainean ibiltzeaz) kontatu zuen moduan. Oraingo honetan, berriz, Pablo Maqueda espainiar zinemagileak bide bera egin du, bakarrik eta oinez hark ere, Herzog eta haren 1974ko bidaia oroitu, omendu eta, ahal den neurrian, berriro bizitzeko, gero Dear Werner ingelesezko filmean (Filmin, 2020) kontatu duen moduan.
Bakardadeak protagonismo handia du Maquedaren filmean. Parisko Zinematekara iritsi arte, ez du inoren lekukotasunik jasotzen ibiltariak. Parisa iritsi baino lehen, bidean aurkitzen duen soldadore baten une bateko agerpenak baino ez du urratzen bidaiariaren bakardade erabatekoa.
Orain arte esandakoak pentsarazten duen moduan, ez da edonori eta edonola aholkatzeko moduko filma, baina aldez aurreko neurri prebentibo egokiak hartuz gero, jakinda non sartzen ari garen, gustura ikusten den pelikula da, soiltasun erabatekoak batzuetan lortzen duen magia baitauka, ez film osoan zehar, hori ia ezinezkoa baita honelako kasuetan, baina bai une batzuetan behintzat.
Mendian ibiltzearen pareko sentsazioa lortzen du zenbaitetan Maquedak, kamera begien ondoan jarri eta pausoen erritmoan batetik bestera mugituz, ibiltariaren ikuspegira hurreratuz, eta ondo lortzen du mendian ibiltzeak eragiten duen denboraren erlatibizazio moduko hori islatzea. Beste une batzuetan, aldiz, ahuldu egiten da filma, batez ere egilearen beraren off-eko ahotseko hitzak topiko ezagunegi batzuetara lerratzen direnean.
Oso genero zaila da Maquedak lan honetarako aukeratu duena. Oso zaila finantzaketa lortzeko, aldez aurretik jakina baita honelako lan batek ez duela arrakasta komertzialik izango; baina oso zaila, batez ere, hain elementu gutxirekin ia ezinezkoa delako ikuslea harrapatuta edukitzea. Dear Werner-ek tarteka behintzat lortzen du, eta horrek daukan meritua aitortu behar zaio.
EKOGRAFIAK
Bakarrik eta oinez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu