gorka julio
Irlen sarea

Ukigarritasunaz

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Digitalak, bere adieratako batean, hatzekin edo ukigarritasunarekin zerikusia badu, teknologiari lotutako adieran kontrakoa dirudi. Digitala, zerbait ukiezina, soft edo cloud, hodei lauso bat bezala aurkezten zaigu. Eta ukitzen saiatuko bagina? Gure zerbitzuak eta datuak, non dauden begiratuko bagenu?

Sareko edozein zerbitzaritako zerbitzuak non dauden jakitea erraza da. Kasu guztietan, ez da datu guztiz zehatza lortuko, baina gehienetan bai. Horretarako geotraceroute.com edo traceroute-online.com webguneak erabili ditzakezue, eta proba egin.

Nik proba egin dut gure hedabideetako batzuekin, ea haien zerbitzariak non dauden. Argia-k, Berria-k eta Naiz-ek, adibidez, Frantzian, Britainia Handian edo Herbehereetan dituzte beren zerbitzariak; Alemanian ere bai beste askok. Daturen bat oker egon badaiteke ere, errealitate bat da zerbitzu gehienak kanpoko azpiegituretan ditugula.

Espainiako estatuan zerbitzaria edukitzeak eragin duen (eta eragiten duen) ziurgabetasun juridikoa ahaztu ezin badugu ere (egun batean zerbitzariaren kokalekuko atea jo eta zerbitzaria eramateaz edota legalki ixteaz ari naiz), ez dut uste arrazoi nagusia denik.

Ez dugu azpiegitura propio handiegirik. Gure zerbitzari gehienak kanpoko datu zentrotan ditugu. Beste estatu edo lurralde batzuekin alderatuz, oso atzean gelditzen ari gara. Esango nuke ez dela inoiz egin datu zentro orokor bat egiteko saiakera garrantzitsurik. Agian hori ere ez da estrategia hoberena, baina ez da egon edo behintzat ez du arrakastarik lortu.

Bere garaian Interneteko puntu neutro bat izatera iritsi ginen, EuskoNIX. Datu elkartrukerako erabiltzen diren puntu horiek, Internet funtzionarazten dutenak, ezinbestekoak dira. Datuen biltegiratzean ez, baina konektibitatean burujabetzarako aukera hobeak ematen dituzte. Ez da horrelakorik egon biltegiratzeari dagokionez, eta EuskoNIX bera ere, jasangarritasun ekonomiko ezaren ondorioz, galdu genuen.

Estrategia bat behar da, gure datuak gordetzen diren lekuak gertuago, ukigarriago egin nahi baditugu behintzat. Eskala txikiagoko eta energia aldetik kontsumo jasangarriagoa egiten duten datu zentroak sor daitezke akaso. Ez dakit, baina ez dirudi ideia ona gure datu digitalen biltegiratzearen aferari kasurik ez egiten jarraitzea, datuak hain garrantzitsuak bihurtu diren garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.