Euskara menuetan, ezkutuan

Donostiako taberna askok ez dute menua euskaraz eskaintzen; beste askok gaztelera, ingeles eta frantsesarekin batera jartzen dute; gutxik ematen diote lehentasunik.

Gizon bat Donostiako Juantxo tabernako menua irakurtzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hainbat modutan aurkitu daitezke taberna eta jatetxeetako menuak Donostiako Parte Zaharrean: batzuetan plastikozko zerbitzari batek eusten ditu, jatetxearen kanpoaldean; besteetan, egurrezko kutxa moduko batean daude, kristal batek babestuta; batzuek eskuz idazten dute, koloretako klarionaz; besteek, berriz, ordenagailuz inprimatuta daukate eskaintza. Badago argazki eta guzti erakusten duenik ere. Baina, zer hizkuntzatan aurkezten dute bere eskaintza?

Bulebarreko kalean, Va Benehanburgesa jatetxearen kanpoaldean, mutil gazte bat zorua garbitzen ari da; lixiba usaina nabarmena da. Gazteleraz jartzen du bazkarietarako gordetako lekua dela garbitzen ari dena: «Local reservado para comidas». Menua kristalean itsatsita daukate, eta bertan ere ez dago euskararen arrastorik: gazteleraz, frantsesez eta ingelesez soilik irakur liteke jatetxearen eskaintza. Baita zerbitzari bila ari direla dioen oharra ere.

Antzekoa da egoera Garagar, Antonio Coctail eta Dionis Food & Drinks tabernetan: menua gazteleraz, ingelesez eta frantsesez daukate Bulebar inguruko taberna gehienek, eta hitz solte batzuk soilik irakur daitezke euskaraz horien kartetan: gosaria eta pintxoak bezalakoak.

Konstituzio plazan sartuta, kristal hotsa entzuten da etengabe, eta kamioiz eta furgonetaz beteta dago, bezperan kontsumitutako botila hutsak eramaten ari baitira ibilgailuetara. Horiek joandakoan bete da plaza aulkiz eta mahaiz, eta orduan geratu dira kartelak irakurtzeko moduan.

Ambrosio tabernan, adibidez, kanpotik begiratuta, atentzioa ematen dute zintzilik dituzten arbelek. Jatekoen eskaintza bertan daukate idatzita, klarionaz, amu gisa, eta gaztelera hutsean daude irakurgai. Gero, menua tabernaren kanpoaldean aurki daiteke, mahaitxo baten gainean; horietan bai, gazteleraz ez ezik, euskaraz eta ingelesez ere badute menua.

Menuaz gain, ordea, bezeroentzako oharrak ere badira hizkuntza paisaiaren erakusgarri. Konstituzio plazaren irteeretako batean, White Tara tabernan, adibidez, txartelez ordaindu ahal izateko gutxienez hamabost euroko gastua egin behar dela dio kartel batek: ingelesez eta gaztelaniaz soilik irakur daiteke.

Donostiako Parte Zaharreko kaleetan, berriz, joera bat gailentzen da: eskaintza lau hizkuntzatan idaztea. Dozenaka dira hautu hori egina duten jatetxeak: El Caserio, Gure Basque, Meson Portaletas, Gandarias jatetxea, Arde Donostia...

Lehentasuna, euskarak

Juantxo tabernaren kanpoaldean, ohiko ogitarteko eta pintxoen aukerak dituzte jarriak kartel batean. Euskaraz eta gazteleraz idatzita dago, baina hitz nagusiak ez daude itzulita (bokadilloak, pintxoak, razioak, tortillak...) eta bi hizkuntzetan ageri diren kasuan, handiagoak dira euskarazkoak. Nela de Cos Juantxo tabernako zerbitzaria da, eta irizpidea zein den zehaztu du: «Euskarak du pisurik handiena gure karteletan: euskara da beti lehenengo hizkuntza».

Dena dela, argitu du taberna barruan menua lau hizkuntzatan daukatela: kasu batzuetan, euskaraz eta gaztelaniaz, eta besteetan, ingelesez eta frantsesez. «Bi karta dauzkagu, euskaraz ez dakitenek ere eskura izan dezaten», esan du. Langileak ere saiatzen dira euskaldunak izan daitezen: «Langile guztiek dakigu euskaraz, eta bezeroei lehen hitza euskaraz egiten diegu beti».

Juantxoren alboan dagoen Danena tabernan, berriz, euskara eta gaztelania nahastuta daude janariari buruzko kanpoko kartelean: kalamarrak, albondigak, croquetas eta pollo frito al ajillo zerrenda berean daude. Barrura sartuta, Judith Sanz zerbitzariak azaldu du bi hizkuntzak nahasten dituztela beti menuetan.

Sanz donostiarra da, baina ez daki euskaraz: «Tabernan ni naiz ez dakien bakarra, baina berriro ekin diot ikasteari», esan du. Dena den, bezeroei oinarrizko gauzak euskaraz esaten ahalegintzen da: prezioak, esate baterako. Izan ere, bezero euskaldunek eskertzen diete euskaraz artatzea, turistek ez ezik, hiritarrek ere ostalaritza zerbitzuaz goza dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.