Euskararen kasua adibide perfektua da erakusteko hezkuntza sistema ez dela nahikoa hizkuntzaren normalizazioa bermatzeko. Hau da, bestelako tresnak eta espazioak ere beharrezkoak dira euskararen erabilera sustatzeko zein bermatzeko. Horien artean, hedabideak daude. Idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak. Publikoak eta pribatuak.
Eskozian bizitzen eman nituen hiru urte eta erdi, BBC Alba telebistaren kasua aztertzen; gaelikoz emititzen duen telebista katea, hain zuzen. Eta bertako lagunei azaldu nien, euskararen kasua adibide hartuta, hezkuntza ezin zitekeela tresna bakarra izan gaelikoa bizirik irauteko. Bestelako tresnak ere sustatu behar zituztela. Tartean, haien telebista.
Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Zuzendariak esan duenez, krisialdi honetan areagotu egin dira hizkuntza eskubideen urraketak. Euskararekin zer gertatzen ari den aztertzen dabiltza, eta aurreratu du urraketa «dezente» daudela.
Hedabideetara etorrita, ETB adibide hartuta, euskararekiko urraketa dezente ikusi ditugu konfinamendu garaian. Informazioaren eta entretenimenduaren aldeko apustua egin du ETBk. Horri esker, kasurako, audientzia sendotu dute albistegiek. Bereziki, Teleberri-k: itxialdia ezarri zenetik, ikusle kuota %18tik ia %24ra igo da. Areago, ETBren arabera, albistegien audientzia %30etik gora igo da. Zer esan nahi du horrek? Gertuko komunikabidea dela ETB.
Halere, konfinamendu garaian egindako esfortzu handiena gaztelerazko katean kontzentratu da. Salbuespenezko saio batzuk kenduta —ETB3ko Bitartean, etxetik ikasten edota ETB1eko Etxekoak—, euskarazko espazio berri gutxi egon dira. Ez hori bakarrik: kirol saioen errepikapenekin bete dute ETB1eko ia programazio osoa. Audientzia datuak, nola ez, horren ispilu dira: ETB1 izan da autonomia erkidegoetako kate bakarra behera egin duena. Zer esan nahi du horrek? Zerbait gaizki egiten garela.
Arduradunak ETB2ko datu onak ospatzen ariko dira. Eta ospatu nahi ez dugunoi, akaso, honako hau esango ligukete: krisialdi honetan, euskara baino gauza garrantzitsuagoak daudela. Hori esatera etorri zen lehendakaria, ETB2n eta gazteleraz emandako elkarrizketan. Baina diskurtso horrek, Eskozian zein Euskal Herrian, hizkuntza gutxitua du jokoan. Eta arriskua handia da.
EKOGRAFIAK
Hizkuntza dago jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu