Euskaraldia, entitateetan Klika egiteko ordua!

Alizia Iribarren Andueza eta Mertxe Mugika Balanzategi
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Dagoeneko abian da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra, ilusioz beterik ibiliko gara berriro; berriro sumatuko dugu gure inguruan belarriprest edo ahobizi txapen konplizitatea.

Alabaina, bigarren edizio honek badu berezitasun handi bat: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa erraldoi honetan, protagonistak ez gara norbanakoak bakarrik izango; oraingoan, entitateetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu eta lanketa egitea izango da gakoa. Berritasun garrantzitsua, bai horixe.

AEK hasieratik izan da Euskaraldiaren sustatzaile. Izan ere, gure ezaugarrietako bat da euskararen erabilera bultzatzea, euskaldun aktiboak sortzea baitugu xede; euskara ezagutu ez ezik, erabili ere egingo dutenak, alegia. Horretarako, euskara praktikoa irakasten diegu gure euskaltegietan ari diren milaka ikasleei, eta euskara praktikatzeko bideak ezagutarazten dizkiegu gure praktika-jardueretan ari diren beste hainbesteri, izan berbalagun, mendilagun edo beste edozein -lagun. Horrez gaiz, hizkuntza-aholkularitza ematen diegu hainbat entitateri, eta, bi urtean behin, Euskal Herria korrika jartzen dugu, euskararen alde.

Hala, eta esanetatik ekintzetara pasatzearen aldekoak garenez, AEK-k dagoeneko eman du izena Euskaraldian parte hartzeko. Gure euskaltegiren batera hurbiltzen den orok, urteko gainerako egunetan bezala, euskaraz aritzeko gune bat aurkituko du azaroaren 20tik abenduaren 3ra. Gure euskaltegietan, barne zein kanpo-ariguneak osatuko ditugu. Barne-ariguneak gure ohiko dinamika euskaraz delako, eta kanpo-ariguneak herritarrek une oro dutelako euskaraz artatuak izateko bermea. Izena ematea, beraz, gauza logikoa da, berez horrela jarduten dugulako bestela ere; halere, eredu izan behar dugulakoan gaude, eredu eta eragile, besteei bidea erakusteko eta ekimen ikusgarria bihurtzen laguntzeko.

Horrenbestez, lerro hauen bidez, entitateak Euskaraldian parte hartzera, izena ematera, animatu nahi ditugu. Beharbada, entitate askok ez dute izango AEK-k adina arigune sortzeko aukera, baina seguru gaude konpromisoak hartzeko modu asko daudela, batzuk besteak baino sakonago edo zabalagoak, baina denak norabide berean eta dauden aukera guztiak baliatuta: hizkuntza-ohiturak aldatzera goaz, eta, izan belarriprest edo ahobizi, euskaraz bizitzeko hautua sendotzen eta trinkotzen, euskal komunitatea indartzen, ariko gara.

Sarritan aipatzen da euskara bidegurutzean dagoela... bada, bidegurutzetik ateratzeko, euskara gure bizitzako eremu guztietan txertatu behar da. Euskaraldiak eta antzeko ekimenek parada aparta ematen digute horretarako; izan ere, jakitea ez da nahikoa, erabiltzeko ariketa egin beharra dugu, kontzienteki horren alde jarri eta ekin. Izena emateko arrazoiak askotarikoak dira, jendarte hobea nahi dugula eta euskarak berdinago egiten gaituela, besteak beste, batzeko tresna denez gero. Herri euskalduna dugu amets, gizarte-erantzukizuna dugu; guk ez badugu egiten, nork egingo du? Entitateen barne- kohesioari onura besterik ez dio ekarriko, ariguneak sortuta elkarren arteko errespetua, elkarri ulertzea eta aberastasuna bultzatuko ditugu, askatasun eta aukera-berdintasun osoko esparruak eraikiko ditugu, euskarari behar eta merezi duen lekua emango diogu.

Euskaraldian parte hartzeak, argi dago, onura besterik ez dakar. Bai norbanakook bai kolektibook nor izateko gogoa dugu, eta euskara gehiago, gehiagotan eta pertsona gehiagorekin egiteko abagunea aprobetxatu egingo dugu, zalantzarik gabe.

Horregatik guztiagatik, anima ditzagun entitateak izena ematera, beren konpromisoa sendotzera, klika egiteko ordua da, eragiteko ordua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.