Istorio bitxi bat kontatuzigun lehengo eguneanMirenek. Zientzialaria da bera; Ander bikotekidea, aldiz, Lehen Hezkuntzako irakaslea da. Duela hilabete batzuk, bere bikotekidearen ogibideaz galdetuta, Mirenek lankide bati kontatu zion Ander maisua zela. Lankidearen erantzunak aho bete hortz utzi zuen: «Asko pozten nau hori entzuteak; bada garaia Lehen Hezkuntzan matematika ganoraz irakasten has daitezen», bota zion.
Baieztapen horrek iradokitzen duenez, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzaren feminizazioak (LHko irakasleen %80 inguru andrazkoak dira) gabeziak eragiten ditu etapa horretako matematikaren irakaskuntzan, eta, beraz, sekulako berri ona da hor gizonezkoak egotea, matematikaren irakaskuntzaren kalitateak gora egitea dakarrelako. Bada, sinesmenok uste baino leku eta eragin gehiago dute, oraindik ere, gure eskoletan, eta, leku eta eraginok ezaugarritze aldera, Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleekin hizketan aritu gara azken hilabeteotan, matematikaren irakaskuntzaren inguruan dituzten bizipenak eta begiradak gertutik ezagutu guran.
Enekorena da begirada horietako bat. Lehen Hezkuntzako Gradua duela gutxi burutu zuen berak. Gogoan du, graduaren baitan egin zuen lehenengo praktikaldian, tutoreak matematikan ona izatea exigitzen ziola, gizonezkoa izateagatik. Hirugarren praktikaldian, berriz, konturatu zen ikastetxean bazegoela gizonezko irakasle bat, eta horri egiten zizkiotela gainontzeko irakasleek matematikarekin lotutako galdera guztiak.
Eduki matematikoak modu eraginkorrean lantzen dituen irakasle on prototipikoa maskulinoa dela iradokitzen dute Enekoren bizipenek, baina baita, halaber, gainontzeko mintzaideek matematikako irakasleen inguruan egiten dituzten deskribapenek ere. Badago, ordea, deskribapen horien artean, irakasle onaren bestelako eredu bat, femeninoa dena, ikasleen behar emozionalei jaramon egiten dienarena. Eredu biak dira erreferente, baina erreferentzialtasun-maila desberdina da batean eta bestean. Erreferente maskulinoak badu nolabaiteko aintzatespen soziala; femeninoak, ostera, erreferentzialtasun intimoagoa du: gure mintzaideek irakasle ontzat dauzkate, zailtasunak izan dituztenean emandako laguntzagatik, baina ez dirudi aintzatespenak dimentsio pribatua transzenditzen duenik.
Bi ereduon arteko talka dago Ilargik bere bigarren praktikaldian bizitakoetan. Bi lerro zeuden eskola hartan, eta gela bietan ala bietan zeuden kohesio arazoak, emozionalak zein jarrerazkoak. Tutoreetako batek erabaki zuen matematikako saio batzuk erabiltzea gelako giroa hobetzen saiatzeko; besteak, aldiz, edukiekin ohi bezala jarraitu zuen. Lehenengo taldeko ikasleen gurasoak kexatu egin ziren orduan, ondoko gelako umeak beraien seme-alabak baino aurreratuago zihoazelako matematikan. Alegia, edukiak zaintzaren aurretik jarri zituen irakasleak lortu zuen aintzatespen soziala.
Matematikaren irakaskuntza lehenestearena ez dute gurasoek bakarrik egiten. Areago, Malenek uste du hezkuntza-sistema osoan errotuta dagoen sineskera eta praktika dela. Izan ere, hitzez adimen aniztasunaren teoria defendatuta ere, ekintzaz, oraindik orain, matematika adimenaren neurtzailetzat darabil bai eskolak, bai gizarteak. Hala, ez da harritzekoa, dio Malenek, gutariko askok hain ondo gogoratzea matematika irakasgaian umetatik egindako ibilbidea eta ibilbide horretaz hitz egin nahi izatea: beste irakasgaiekiko duen pribilegiozko posizioaren ondorioz, gure ibilbide akademikoa gehien baldintzatzen eta markatzen duen irakasgaia da.
Halaber, helmugari begirako matematika da eskola gehienetan ematen dena. Eirek bere lehenengo praktikaldian ikusitakoak dira horren adibide: nork galderari azkarren erantzungo, nork egitekoak lehenago bukatuko, matematikan abila etiketa jasotzeko aukera zuten ikasleak lehian aritu ohi ziren, klase ertain-altuko mutiko zuriak gehienak. Lehiaketa horretan lehenengo postuetan ez egoteak ikasleen artean larritasuna eragin ohi zuela oroitzen du Eirek. Anek, berriz, uste du irakasteko eta ikasteko modu horrek matematikarekiko hartu-emanak gaiztotzen dituela, batez ere, lehiakor izateko hezi ez dituzten ikasleen edota etxetik motxila betearekin datozenen artean.
Izan ere, begirada helmugan dagoenean, zaila da matematika egiten eroso sentitzea, matematika nork bere egitea. Eta horixe da, Lolaren ustez, ikasleek irakasgaiarekin dituzten hartu-emanek hobera egiteko bidea: matematika beraiena ere badela sentiaraztea. Nola egin dezakegu hori? Ikasleen egoerei eta beharrei jaramon egiteari, edukiak modu eraginkorrean lantzeari bezainbesteko aintzatespen soziala ematea izan daiteke gakoetako bat. Horrela, akaso, lortuko dugu ikasle orok izan dezan matematika bat norberarena.
Matematika bat norberarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu