Zergatik eraman behar dut musukoa patioan?

Isabel Canales eta Gontzal Martinez de la Hidalga, Nahia Idoiaga, Iratxe Artetxe
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Haurrak ez dira inoiz hiperkutsatzaileak izan pandemia honetan, are gutxiago haur gazteenak, eta umeen artean immunitate naturala duten beste herrialde batzuetako datuak esanguratsuak dira. Gainera,adin horietan musukoak erabiltzeari eusten dion ebidentziarik ez dago, «erabilera egokiaren» arauak betetzea zaila baita eta ez baitago horren eraginkortasunaren ebidentziarik, batez ere aire zabalean. Halaber, haurrei zuzenean eragin dieten neurriak (konfinamendu zorrotza, eskolak ixtea, parke itxiak, eskola-kirola debekatzea... ) askotan ebidentziarik gabe hartu izan dira eta helduekiko diskriminazioz, txikienen bizitzak astinduaz. Unicefek pandemia honek umeen osasun mental eta fisikoaren gainean izan duen narriatze larria azpimarratu du. Deseskalatzean hori guztia konpontzen saiatu beharko ginateke.

Joan den astean egunkarietan irakurri genuenez, 12 urtetik gorako haurrek patioan musukoa erabiltzeari utziko diote, eta segurtasun-distantzia 1,2 metrora jaitsiko da; 12 urtetik beherakoek, berriz, txertaketa-kanpainan sartu ez den taldea izanik, musukoa eramaten jarraitu beharko dute.

Erabaki ona da 12 urtetik gorakoen artean deseskalatzea bultzatzea eskoletako kanpoaldeetan musukoaren erabilera arinduaz. Baina sinesgaiztasunez etadesadostasunez bizi dugu 12 urtetik beherakoetan beronen erabilera mantentzea. Erabakia ezin da ulertu, ezta zein arrazoi eta ebidentziatan oinarritzen den ere. Hausnartzeko hainbat lerro:

Ez al ziren, eta dira, haur gazteenak adingabeen artean transmisore txikienak pandemia honetan, orain arte argitaratutako ebidentzia zientifiko guztiaren arabera? Adingabeek duten SARS-CoV2 birusaren transmisio tasa helduena baino nabarmen txikiagoa da, orain arte behintzat. Gauzak okerrago joan al dira ikastetxeetan maskararik eraman ez duten herrialdeetan? Erantzuna argia da: Ez.

Gai nagusia ahaztu gabe, zer ebidentzia dute musukoek adin horretan? Zer kalte eragin lezakete? Balizko kalte horiei dagokienez, ez da gauza bera musukoa hilabete bat eraman beharra edo 18 hilabetez; ezta egunean ordubete edota etenik gabe zazpi ordu edo gehiagoz eraman beharra ere.

Zein da eskola-ingurunean eta aire zabalean, musukoari dagokienez, 12 urtetik gorako eta 6-12 urte bitarteko haurren artean horrelako alde nabarmena sortzen duen erabaki horren arrazoia?

Pentsa al daiteke, aipatutako berriak adierazten duen bezala, musukoen deseskalatze justifikatua eta desiragarria adin horietako txertaketarekin lotzen ari dela? Hala bada, 12-15 urteko nerabeen txertaketari buruzko eztabaida lasai batera gonbidatzen duten pisuzko gaiak alde batera utzi gabe, deseskalatzea, kasu honetan musukoei dagokienez, ez baimendua ez eskuragarri ez dagoen 5-12 urteko txertaketa batekin lotzea diskriminazio argia izango litzateke, eta ez genuke onartu behar.

Gainera, egunotan kezkaz ikusi dugu berrietan nola hainbat ikastetxek erabaki duten 12 urtetik gorakoek ere musukoarekin jarrai dezatela eskolako espazio irekietan. 6-12 urteko haurren diskriminazioaz hitz egin beharrean neurri diskriminatzailea guztiei aplikatzen zaie, berdindu nahi horretan guztien eskubide murrizketa ezkutatuaz.

Protokoloak 12 urtetik gorakoekin behintzat lanketa bat egiten hasteko zirrikitu bat uzten du, eta lehenengo erantzuna kasu askotan ezetza izan da: ezetza, erresistentzia eta beldurra. Haurren eskubideak errespetatzen eta haien garapena babesten ari al gara?

Momentu hauetako lehen erresistentzien ondoren, beldurra eta inposaketa lasaitzen hastea espero dugu. Bat egiten dugu Iñigo Salaberria ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteko lehendakariarekin, ostiral honetan nabarmendu baitu neurriak oso zuhurrak direla eta murrizketak are gehiago leundu beharko liratekeela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aurrera egiteko. Ikasturtean zehar arau malguagoak dituzten protokolo berriak martxan jartzea espero duela ere adierazi du. Ados gaude ikastolen elkarteak lehen hezkuntzako ikasleentzat patioan derrigorrezko musukoa kentzeko eskaerarekin ere. Eta, jakina, 12 urtetik gorakoetan ere deseskalatzea aplikatzea eskatzen dugu, protokoloak dioen bezala.

Beraz, mamiak eta formek kezkatzen gaituzte.

Imajinatzen al dugu 6-12 urteko umeek zer sentituko/ikasiko duten beren musukotxoekin patioan daudenean, beraien erreferenteak, haur nagusiak, musukorik gabe ikustean? Zergatik? Galdetuko diote elkarri. Eta orain 12 urtekoek musukoa kendu dezaketela jakinda, baina neurria aplikatzen ez dela ikusita, ez al dute pentsatuko beraien garapen osasuntsuarekiko eskubide eta betebeharrak baztertzen ari garela? Zer egiten gabiltza gu helduok terrazetan, kaleetan, kanpoaldeko ekintzetan?

Guztiok dugu, ez arduradun politikoek bakarrik, erantzukizun handia mezu egiazkoak, errespetuzkoak transmititzeko, inolako diskriminaziorik gabe, eta are gutxiago talde zaurgarrienekiko. Haurrak populazio zaurgarria direla ezin dugu inoiz ahaztu, eta, beraz, haien bizitzei eragiten dieten erabakiek, eskura dagoen ebidentziarik onenean oinarrituta egoteaz gain, haien ezaugarri bereizgarriak eta errealitatea ere jaso behar dituzte, saihestu nahi dugula diogun baino kalte handiagoa egin ez diezaiegun, eta betiere errespetu handiz egin dezagun. Ez baitugu zalantzarik denok partekatzen dugun helburua haurtzaroaren ongizatea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.