Hezkuntza sistema berriztatzeko ekarpenak

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Bederatzigarrenez hezkuntza lege berri bat ezarri dute Espainiako Estatuan, 2006ko LOE aldatzen duen Lege Organikoa —LOMLOE—. Lege berri honek, beste behin ere, izaera zentralista bat du, Espainiako Estatuaren hizkuntz kultur nortasunak osotasunez kontuan hartu gabe garatu da—gure kasuan Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa—. Baita ere metodologiaren aldetik, LOMLOE legeak, XX. mendeko metodologia zaharkituen erabilera arautzen du, ebaluazio proba, promozioa eta titulazioa baldintzatzen dituztenak. Aipatzekoa da baita ere hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen integrazioaren aldetik legediak ez duela haien integrazioa era eraginkor batean bermatzen, inolako printzipiorik gabe eskolatzen baititu ikasle mota horiek. Horregatik, gaur egun Euskal Herrian ditugun bi hezkuntza sistemetan aipatutako hiru ardatzetan oinarritzen den hurrengo ekarpenen beharra dago:

Lehenik, euskal hezkuntza curriculuma Espainiako Erresumak gure lurraldean ezartzen duen organo-legearen artikuluen bidez zuzentzen da.Legearen artikulu batzuk bete beharrekoak dira. Esaterako, azkenengo hezkuntza legean —2/20 Errege Dekretua, 2020ko abenduaren 29koa, 2012koa LOMCE legea indargabetu duena— azken xedapenetako 5. eta 7. puntuetan autonomia erkidegoak derrigorrez bete behar dituzte. Horrek suposatzen du euskal nortasun kulturalak kontuan hartu gabe garatzen direla euskal eta nafar curriculumak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafar Foru Gobernuaren eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena. Euskal eta nafar begirunea duen curriculum eraginkor bat garatzeko, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak curriculumaren zehaztapena %100ekoa izan behar dute. Horren bidez, gure lurraldeetan nortasun kulturak aintzat hartuko dira.

Hala ere, euskal curriculumaren helburua ez da soilik izan behar euskaldunon berezko kultur prozesu eta ekoizpenak bakarrik garatzea, kulturaniztasun ikuspuntu batetik gizateria osoarenak ere hartu behar du bere baitan. Nabarmendu behar da baita ere curriculumaren eskumen osoa edukita hizkuntza murgiltze-eredua arautzeko aukera dagoela; izan ere, ikertutako hainbat datu ikusi ondoren, eredu hori da eraginkortasunez euskalduntzen duena. Datuek erakusten dute soilik murgiltze sistema batean eskolatutako haurrak direla gai Euskal Herrian dauden bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko.

Bigarrenik, arlo pedagogikoan aldaketak gauzatu behar dira, gaur egungo legedia irakaskuntza tradizionalean oinarritutako ikasketa prozesu memoristiko eta sistematikoak sustatzen duen eredua da, baina XXI. menderako zaharkituta dago. Izan ere, ez die ikaslearen gaitasunei erantzuten. Horregatik, konpetentziak lantzen dituen ikasketa eredu bat garatu behar da. Egoera errealak hartu behar dira aintzat, eta ikasgelan ikasitakoa aplikatzeko bideratu behar dira jarduerak. Ikasleari aktiboki parte harrarazi behar zaio jakintza bilatzen, aztertzen, esperimentatzen, gogoeta egiten, aplikatzen eta komunikatzen. Horrenbestez, esandakoa lantzeko, irakaskuntza metodorik eraginkorrena Montessori hezkuntza metodoa da, eta haren ezaugarriak hauek dira: batetik, irakasleak umearen beharren arabera hainbat ekintza planteatzen dizkio ikasleari, baina ikaslea izango da burutu nahi duen ekintza aukeratuko duena. Ondorioz, erabakiak hartzeko independentzia izango du eta bere gaitasunak kontuan hartuko dira. Bestetik, irakasleak prozesu horretan ez du esku hartuko, umearen askatasun maila hobetzeko helburuarekin, bere papera prozesua erraztera mugatzen baita. Metodo hori lantzean ikaslearen prozesu oso bat ebaluatuko da eta ebaluazio probetatik haratago doan hezkuntza eredua garatzen da.

Hirugarrenik, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzeari dagokionez, legeak ikastetxe arruntetan sartzea onartzen du, hezkuntza zentro bereziak arreta oso espezializatua duten kasuetarako utziz. Baina ez du inolako planteamendurik egiten ikasleek ikastetxean jaso beharreko trataeraren inguruan. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen gizarteratzearen alde egon behar da, baina arriskua aurreikusten da ikasle horiek jazarpena jasan eta jasotzen duten tratamendu desberdindua agerian ipintzekoa, eta horrek ez du ikasle horien integrazioa eta gizarteratzea bermatzen. Hortaz, proposamen bikaina litzateke Bank-Mikkelsenek emaitza arrakastatsuekin Danimarkako legedian sartu zuen Normalizazio-printzipioaren kontzeptua. Kontzeptu horrek urritasunak dituzten pertsonak onartzea inplikatzen du eta normalak diren bizi-baldintzak eskaintzea, hau da, beste herritarrek izan ditzaketenak bezalakoak. Prozesu inklusibo horren bidez, irakasleek irakaskuntza metodoak eta edukiak osatu eta bereganatzen dituzte, ikasle guztiak maila egokiko ohiko programetan sartu daitezen. Hain zuzen ere, prozesu integratzaile horren bidez, irakasleek metodoak eta instrukzio-edukia osatu eta lantzen dituzte, ikasle guztiak maila egokietan programa erregularrekin bat egin dezaten, eta ikasleen berezitasun guztiak saihesteko moduan bideratzen da.

Laburbilduz, aipatutako ekarpenekin euskal eta nafar hezkuntza sistemak berriztatzeko aukera dago. Izan ere, azaldutako hainbat metodo berritzaileren bidez XXI. mendera egokitutako hezkuntza sistema bat garatuko da gure lurraldeetan, eta Europako herrialde aurreratuen parera ipiniko da hizkuntzen, ikasketa metodologiaren eta aniztasun funtzionalaren tratamenduaren aldetik.

Hala ere, aipatuko ekarpen batzuk ezingo dira aurrera eraman esparru juridikoan Espainiako Estatuak erkidegoekin dituen harremanetan aldaketak gauzatzen ez badira. Hori dela eta, Espainiako Estatuak naziotasun kontzeptua aitortu beharko luke, erkidego bakoitzak dituen berezitasun eta nortasunak aintzat hartuta, lurralde bakoitzak bere esparru administratibotik berezko hezkuntza lege egonkor eta eraginkor bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.