Raaaas. Zinta itsasgarriari eten bat. Beste eskaera bat prest, kamioira sartu eta eskatzailearen etxeraino eramateko. Azokaren azken orduak dira, eta biltegian ez dago atsedenik. Raaas. Gerediaga elkarteko gerente Arantza Atutxa, mahai artean joan etorrian. «Gaurko erritmoa egunotako handiena dela esango nuke. Mugimendu asko dago oraintxe bertan, eta bihar ez dugu bukatuko paketeak egiten». Raaaas. Zintak eten beharrean. «Editorial eta diskoetxeak oso esker oneko daude gurekin, egindako lanagatik». Aurtengoa salbuespena izatea nahi luke Atutxak, baina, eta«datorren urtean lehengora bueltatzea». Ez da bakarra. Egunkari honek galdetutako argitaletxe eta diskoetxeetako ordezkari guztiek agertu dute desio bera.
OIER ARANZABAL (Zart )
«Badirudi aurtenliburu dendei esker salbatuko garela»
«Durangoko Azoka jendearekin aurrez aurre egoteko da, eta horren ondorioa izan ohi dira gero zenbakiak. Azoka erakunde gisa garrantzitsua da euskal kulturarentzat, eta txingar horri piztuta eutsi behar zaiolako animatu gara bertan parte hartzera. Gure kasuan behintzat, aurtengo zenbakiak ez dira izango, inondik ere, aurreko urteetan aurreikusten genituenak. Hala ere, harritu egin naiz salmenta batzuekin.
Urte hau ez da izaten ari aproposena erronka jotzeko, baina guk Pettiren, Mikel Urdangarinen eta Rafa Ruedaren lanak plazaratu ditugu, eta horiek eraman ditugu azokara. Azoka ez da dena, baina. Zart sortu genuenetik saiatu gara liburu dendekin ere lan egiten, horiei balioa ematen, eta badirudi horiei esker salbatuko garela aurten, orain arte ikusi ditugun zenbakien arabera.
PELLO ELZABURU (Pamiela)
«Hondamendia espero genuen, eta dendak sorpresa eman digu»
Hondamendia espero genuen, eta dendak sorpresa eman digu. Aurreko urteetan saldutakoaren laurdenera edo heren batera hel gaitezkeela ematen du. 600-700 erreferentzia desberdinekin etorri ohi ginen hona azken aldietan; aurten, gure erreferentziak ez dira 50era iristen. Horien artean, jendeak denetarik erosi du, baina, aldi berean, izen handietan fokalizatu dira salmentak: Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiarengan. Gero, haur literaturak azken urteotan pisu handia izan du gure proposamenetan, album irudidunen arloan, eta horiek ez dira hainbeste saldu.
Zein izan den hemengo ikasgaia? Lehenik eta behin, hau egin egin behar zela. Baina argi dago Durangok zentzua daukala alde sozialetik, komunitatea egiteko leku bat delako, eta hori berreskuratu behar dela. Alde ekonomikotik ere berreskuratu behar da. Nik bi kontu aipatuko nituzke aurrera begira: bihartik aurrera sor daitekeen konplizitatea Durangoko Azokaren eta liburu denden artean, batetik; eta, bestetik, jendeari datorren urtean ere birtualki sartzeko aukera eman beharko zaio, ziurrenik.
JORGE GIMENEZ (Alberdania)
«Elkartasunetik asko dute datuek, nik uste; eskertzekoa da»
Aurtengo 22 nobedadeak eta gure funtsetako 40 titulu eraman ditugu Durangora, hau da, 66 liburu. Denetik saldu dugu, baina helduentzako narratiba bereziki, nobedadeak batez ere. Haur eta gazte literaturaren alorrean jaitsiera sumatu dugu. Datuei begiratuta, iazkoaren %48an ibili gara azokaren lehen lau egunetan, salmenta aldetik. Gaur txukun-edo eusten badiogu horri, beraz, %40-50 inguruan ibiliko gara. Niretzat, sorpresa ikaragarria da hori. Uste dut elkartasunetik asko dutela salmenta datu hauek. Eskertzekoa eta estimatzekoa da. Orain, Durangok urte osora luzatu behar du bere itzala. Baina, noski, presentzialari eutsita, gure kultur ekosistemak erabateko premia duelako, eta ez nagusiki ekonomikoa, Durangoko Azokarena. Komunitatea trinkotzeko saio hauek gero eta garrantzitsuago izango dira, seguru asko, online kulturak daukan eragin atomizatzaile horren kontra egiteko.
IDOIA GONZALEZ (Erein)
«Birtuala izanda ere, azoka egin izana bera oso ona da»
Datu zehatzen faltan —datozen egunotan jasoko ditugu—, balorazio positiboa egiten dugu. Martxotik dakarkigun egoera hau kontuan izanda, birtuala izanda ere, azoka egin izana bera oso ona da. Gerediagak modua eman du aurtengo ekoizpena sarean ikusi eta eskuratzeko. Guretzat, zaila izan da aurreikuspenei ere neurria hartzea. Berria zen hau guztiontzat. Ehundik gora titulu eraman ditugu azokara eta, titulu batzuen kasuan, ale gehiago eraman behar izan ditugu biltegira, hasieran utzi genituenak saldu egin direlako, baina oraindik ez gara gai aurreko urtekoarekin alderaketa egiteko. Bagenekien ez zela aurtengoa izango, inondik inora, beste urteetako salmenten parekoa, eta aurreikuspenean asmatuko dugu. Edozein direlarik ere datuak, baina, okerragoa izan zitekeen.
PATXI GOÑI (Gor)
«Beste astebete beharko genuke erosketa eskaera guztiei erantzuteko»
Durango beti da berezia, bertara joaten daramatzadan 37 urteek hala erakutsi didate, baina 2020 honetakoa benetan harrigarria izan da, zentzu guztietan. Ahal zen guztia egin dute Gerediagakoek azokari eusteko, eta gainerakook apustu horrekin bat egiten saiatu gara, ahal izan dugun neurrian. Webgunea badaukagunok ederki asko dakigu zenbateraino den zaila halako plataforma bat garaiz prestatzea, eta, hasierako zailtasunak gaindituta, azokaren webguneak bere funtzioa bete duela esango nuke. Beste astebete beharko genuke, agian, erosketa eskaera guztiei behar bezala erantzuteko, zenbait momentutan erosi nahi duen jende gehiago dagoelako erosteko aukera baino. Uste dut azoka bertan behera ez gelditu izana bera garaipen bat dela.
ARTZAI IRAURGI (Panda Artist)
«Urte normal bateko salmenten %15-20an ibiliko garela dirudi»
Urte normal batean saltzen denarekin alderaketa egiten badugu, aurtengoak ez dauka zerikusirik. %15-20an ibiliko garela dirudi, oraintxe dakigunarekin; asko, jota, laurdenera iritsiko gara. Gatiburen eta Zetak-en azken lanak eraman ditugu nobedade gisa.
Aurtengo egoera berezi honetan, lanon zabalpenak ahalik eta askotarikoena izan behar zuela erabaki dugu, eta azoka baino lehen ere egin dugu ahalegina entzuleengana diskoa helarazteko. Egia da, baita ere, diskoen salmenta behera doala Durangoko Azokan, urtetik urtera.
Oso sentsazio arraroak ditugu, baina ez bakarrik azokarekin, denarekin baizik. Jendearen harreraren neurria zenbaterainokoa den ez da erraza antzematen.
LEIRE LOPEZ (Susa)
«Eszeptiko geunden, eta gure aurreikuspenak gainditu diru azokak»
Durangoko Azoka bada irakurleekin, idazleekin, beste argitaletxe batzuekin, lagunekin elkartzeko leku bat, eta bagenekien horrelakorik ez genuela edukiko aurten. 2020ko azokaren izaeragatik, salmenta datuak eta Ahotseneko aurkezpenetan ikusitakoa baino ez daukagu balorazioa egiteko oraingoz, eta horrek badu arrisku puntu bat, ia merkatu irizpideak bakarrik geratzen zaizkigulako.
Egia esan, nahiko eszeptiko geunden azoka hasi aurretik, eta gure aurreikuspenak gainditu ditu. Pozik gaude Ahotseneara hurbildu den jende kopuruarekin eta han entzundakoekin. Salmentei dagokienez, balorazio ona egiten dugu. Iazkoaren erdia salduko dugu aurten, eta liburuen salmenta nahiko banatua egon da.
OLATZ OSA (Elkar)
«Salmentak funtzionatu du, oraindik datu zehatzak ez baditugu ere»
Oso arraroa izan da aurtengo azoka, baina azoka bera egitea berri ona da. Batetik, neurri handi batean, euskal kultura ikusgarri egiteko duen indarra bete du. Aurreko urteetan bezala, euskal kulturak erdigunea hartu du egun batzuetarako.
Bestetik, datu zehatzak oraindik ez baditugu ere, salmentak funtzionatu du. Ez aurrez aurrekoaren neurrian, baina kulturazaleak azokaren aldeko apustua egin du, bertan liburuak eta diskoak erosiz. Beste behin ere, txalogarria izan da euskaltzale eta kulturazalearen jarrera.
Urtero bezala, lanik berrienak izan dira gehien eskatu dizkigutenak. Musikan, adibidez, Xabier Leteren Ni naiz antologia, Xabi Solanoren Trikitixa liburua, Korrontziren Koplariak eta Habiren Koloreak. Literaturan, berriz, Antxiñe Mendizabalen Odolekoak, Idoia Garcesen Mendiko gaitza eta Joanes Urkixoren Orratza eta kaltea, besteak beste. Ohi bezala, Ttarttaloko haurrentzako eskaintzak ere harrera ona izan du.
Durangoko 55. Azoka
Orokorrean, uste baino hobeto
Amaitu da Durangoko Azoka ezohikoan erosteko aukera. Gerediaga elkarteko kideek eskariak bidaltzen segituko dute gaur. Argitaletxeak ez dira hurreratu aurreko urteetako salmenta datuetara, baina espero baino gehiago saldu dutela diote askok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu