Euskararen erabilera apalarekin benetan kezkaturik gauden 90 euskaltzaleren dei zoliari uztailaren 12an EAEko boz autonomikoetara aurkezten diren hiru alderdik erantzun diote: EH Bilduk, PSEk eta Equok. Haien erantzunak laburbilduz eskertuko diegu euskararen aldeko deia aintzat hartu izana.
Kezkarik sortzen die euskararen erabilera apalak? Bai, hiru alderdiei. Sozialistek eta equotarrek diote erabilera sustatzeko politikak behar direla, eta EH Bilduk euskararen erabilera apalaren erantzulea seinalatzen du: norbanakoek baino erantzukizun gehiago hizkuntza politikaren arduradunek dute.
16 urte arteko eskolatzean euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari dagokionez, EH Bilduk hizkuntza-ereduen sistema gaitzetsi eta murgiltze ereduaren alde egiten du. Murgiltze eredua tokian tokiko egokitzapenekin, hartara ikasle guztiek derrigorrezko eskolaldiaren amaieran euskara maila jasoan bizitzerik izan dezaten. Sozialistek Patxi Lopez lehendakari zela sustaturiko erreformak aipatzen dituzte, haiek egokitzat joz, eta equotarrentzat hezkuntzako ereduen sistema zaharkitua dago eta eredu bakar batean bateratu behar dira, eskola-adinean dauden guztiek euskara ikasiko dutela bermatzeko, ikasle etorkinei errefortzu eskolak eskainiz.
Oinarrizko hezkuntzatik unibertsitatera igaroz, PSEkoek diote Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenei jarraituz ikusarazi beharko liekeela unibertsitate pribatuei euskarari leku egiteak duen garrantzia. EH Bilduk, Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldarriarekin batera, Euskal Unibertsitatearen aldeko mugimendua berpiztu eta indartu beharra aipatzen du.Equok dio unibertsitatean oreka bilatu behar dela Euskadiko hizkuntza ofizialen eta beste lan-hizkuntza batzuen artean. Eta delako oreka horrek ez luke oztopo izan behar ikasle euskaldunek irakaskuntza beren hizkuntzan jasotzeko, baina ez luke eragotzi behar euskal unibertsitateak munduari irekitako gune bihurtzea.
Irakaskuntzatik beste alor giltzarri batera igaroz, administrazioan euskarak izan behar duen lekuaz den bezainbatean, euskararen erabilera sustatzeko neurriak badituztela aipatzen dute sozialistek eta equotarrek, eta bildutarrek diote gobernuaren goi-mailako hizkuntza politikarako zuzendaritza orokorra ezinbestekoa dela, Kultura Sailaren menpeko, ez Hezkuntza Sailaren menpeko, ezta bestelako sailen menpeko ere.
EAEko alderdien hizkuntza praktika inon nabarmen agertzen bada, hori Gasteizko Eusko Legebiltzarrean da, bestelako erakundeak gutxietsi gabe. Horrako, sozialisten iritzian, inor ezin da derrigortu euskaraz jakitera; beraiek badituzte euskaldunak legebiltzarrean euskaraz ere mintzatzen direnak. Equotarren ikuspegian, boto-emaileei dagokie erabakitzea ea hautagai batek betetzen dituen kargu publikoa izateko beharrezko baldintzak. Legearen aipamenik ez; boto-emaileek dute erabakitzeko ahalmena. EH Bildurentzat bi hizkuntza ofizialak jakin behar dira herritar guztien eskubideak bermatzeko.
Ikus-entzunezkoen munduan murgilduak bizi garenez, zer diote EITBz? Equok audientzia independentzia ideologiko eta politikoarekin lotzen du, eta dio audientzia haziko dela sinesgarritasuna handitzen denean. PSErentzat giltzarria edukien kalitatea da telebista publikoarekiko interesa berreskuratzeko. Kalitate hobea audientzia hobea, hizkuntza gorabeherak alde batera. EH Bildurentzat, euskaldunen hedabideak, euskaraz egin eta hedatzen direnak, ezin egon daitezke erdal hedabideen mendean. Euskaldunen hedabideek askatasuna lortu eta Euskal Herriko erdal hedabideetan euskararen normalizaziorako planak egitea eskatzen dute (ETB2, Radio Euskadi eta abar). Halaber 1982ko legea eguneratu beharra; izan ere, haren arabera, EITB «Espainiako Irrati Telebista» da.
Galdetegian sakontasun politiko handiko itaun bat zegoen: Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean? Itaun horri inork ez dio zuzenean erantzun, baiezko edo ezezkoarekin. PSErentzat euskaldunon eskubideak bermatu egin behar dira, baina euskara askatasunez bizitzearen aldekoak dira, erabiltzeko orduan, inork inposizio bezala sentitu barik. Equo alderdiak hizkuntza normalizazioa eta eskubide berdintasuna defendatzen ditu, eta ideia hau agertzen du: «Gaur egun euskararen biziraupena ez dago hitz egiten dutenen esku, ezagutzen dutenen eta hitz egiten ez dutenen esku baizik», eta hor Jaurlaritzak esku hartu behar luke. EH Bilduri dagokionez, esanguratsua da EITBz aritzean 1982ko legea zaharkitua dagoela azpimarratzea, eta, are, kaltegarria dela ere.
Sozialistak ere 1982ko legea berritzearen alde ageri dira, eta Equok dio 1982ko legean proposa daitezkeen aldaketek hausnarketa prozesua eta eragile politiko eta sozial guztien parte hartzea galdegiten dutela, eta aldaketa horien helburua izan behar dela herritar gehienek euskara ondare komun gisa ulertzea.
Plazara-tik animatzen ditugu erantzun duten alderdiak eta erantzun ez dutenak uztailaren 12ko hauteskunde kanpainan euskara inoiz baino ugariago erabiltzera, eta azkenik, eskaera larri bat zuzendu nahi diegu euskaldun guztiei: bozketa orduan ez ditzatela inolaz ere baloratu gabe utzi alderdi politiko bakoitzak gure hizkuntzarekiko dituen jarrerak eta erakusten dituen erabilera-mailak —erantzutera jarri direnak zein izan diren, eta zein ez ere erreparaturik, bide batez—, orain egingo dugun hautua, onerako zein txarrerako, geroko egoera linguistikoaren zutarri nagusietako bat izango baita.
Euskararen galdetegia: alderdien erantzunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu