Ekonomiaren moteltze, geldotze, krisi... hotsa hemen da. Adituek aho batez, erritmikoki, astindu dituzte krisi-kitin-ak: hazkunde txikiagoa dator. BPGarena. Ez da beti esaten-eta. Krisi? Zer krisi? 2008an al gaude? Beste suave desaceleración bat (ZP), kapitalismoaren refondation berri bat akaso (Sarkozy)? Hazkunde negatiboko bi hiruhileko? Hori ote arriskua?
Ez gaude 2008an, ezer ez da berdin. Edo bai. Nago bikoizkeria moduko batek bizi gaituela, diglosia ekonomiko ekologiko moduko batek: jarraitu al dezakegu betiko lez hazkundeaz kezkatuta, planeta pikutara doala dirudien honetan? Klima larrialdia AHT-tik aldarrikatzen? Inork ba al daki Silicon Valleyn AHT geltokia non dagoen? 9 eta ? nasan? Ai, Arantxa, gure lehiakortasunaren gakoa AHTren atzerapena balitz... Sevillak duela 27 urte daukana falta ote zaigu lehiakor izateko? Kia.
Biodibertsitatea, itsasoko ur eta aire garbia, planetako batez besteko tenperatura; horiek ez daude BPGan. Aldiz, BPGrik izan dezagun ezinbesteko dira. Elkargoko kideen artetik Ekonomista Saria jaso berritan astindua eman zigun Koldo Unzetak: hau guztia aldatu behar da, eta ekonomistak bakarrik ez gara gai izango. Beste jakintza arlo batzuk behar dira; umilago jokatzea dagokigu.
Jarraitu al dezakegu hazkundea goresten, beronen aztarna ekologikoa eta zehar-kalteak kontuan hartzeke? Errenta banaketaren, zaintzaren, geure osasunaren gutxienekoak finkatzeke? Garapen eramangarri baterako helburuak iparrorratz hartzeke? Enpresek mozkin finantzarioa beste ezelako helbururik gabe? Teknologia berriek eta digitalizazioak hau dena aldatu nahi dute. Eta ari dira, baina denboraren orratz orain kuantikoek norantz garamatzate? Googlek daki.
Ez baita gauza bera plastiko, automobil eta hegazkin gehiagotan oinarritutako hazkundea sustatu, edota digitalizazio, energia berriztagarri eta ekonomia zirkular(ago) baterantz jotzea. Geure kasuan, besteak beste, lehengai kontsumo apalagokoa. Prest al gaude auto, hegazkin, erabili-eta-botatzeko jantzi, bidaia, jaki, joan-etorri horiek bazter uzteko? Bihar bertan hirietatik autoak kanporatzeko? Kontsumoaren gurpil zorotik jaisteko? Gai al gara? Nahi al dugu (saiatu)? Nola egin hori, geure zaborra hondakin gisa batzeko gai izan ez eta erretzera lerratu bagara? Erosokeria, ero-so-keria.
Zenbateko hazkundeaz soilik ez, zelako hazkundeaz galdezka hasteko ordua dugu; berandu gabiltza. Geurean zerga ordaintzaile nagusia petrolio findegi bat dugu; garraio pribatu kutsatzailea den autogintzakoak dira gure esportazioen zati esanguratsueta lantegirik handienak; eta Norteko Ferrokarriletik hona, kontsumo gizarte bihurtu gara, landa eremuari, naturaren erritmoei eta emaitzei, bizkar emanda. Ordutik, atzerriko energia ez-berriztagarria, erregai fosilak, inportatzean oinarritzen da geure egungo ongizatea, ekonomia, bizimodua. Eta horixe, bizimodua, da esportatu ezin daitekeena.
Langile txiroei soldatak igotzeak, hegaldi merkeetarako bada, ez du emaitza onik ekarriko. Ezin eskiatua berez iritsiko zaigu agian Pirinioetara. Gobernuei inoiz onartuko al diogu arrakasta gisa «ekonomia %1 uzkurtu da, baina CO2 isurpenak %3 murriztu eta biodibertsitatea zaindu ditugu» moduko zerbait? Aurrekontuaren zein zati bideratuko dugu kutsadura benetan gutxitzera edota geure basoak bertako espeziez hornitu eta zaintzera, CO2 xurga dezaten? Zerga ekologikoak gogo onez ezarriko al dizkiegu geure buruei, petrolio, plastiko, zabor eta abarretan? Prospektiban motz gabiltza.
Munduko oihalgintzaren jardun masiboak eragin suntsitzailea du hainbat alorretan. Prest gaude Zara-ri eta Primark-i uko egiteko, euren arrasto ekologikoa itzela dela frogatuz gero? Arropa gertuko nonork jos diezagun, iraun dezan konponduz, orduko 8-10 euroko soldatan, orain erosten dugunaren prezio... seikoitzean? Zero kilometroko jakiak? Trenez edo busez joango al gara gehienok Kantaurira oporretara, eta ez Mediterraneora edo Karibera? Kurduei jaurtitzen ari zaizkien armak gurean ekoitzi badira, BPGaren hazkundea ospatuko al dugu? Errefuxiatuak pertsona gisa ikusteko gai al gara? Edo urrezko kaiola mina dugu?
Desazkundea aipatzen digutenean, maiz, badirudi beste norbaitek egin beharko dituela ahalegin guztiak. Aberatsek edo. Edo teknologia ahalguztidunak konpon dezala bestela. Eta bai, hor apustu funtsezkoak ditugu jokoan; gure Stanford/Harvard propioa sortzea, geure Silicon Valley horni dezan. Baina aldi berean, geure inguruko plastiko eta autobide guztiek erakutsi beharko ligukete ezetz, ez goazela hain ondo, geure kontsumo ohiturak moldatu behar ditugula. Eta akaso, zenbait arrantzale nolabaiteko piratakerian dabiltzala Somalian pare hortara doazenean, geuk pintxoetan hegaluzea jan dezagun, geure flysch-a plastikoek irentsia dagoelarik.
Geure inguru hurbilari begiratzeko ekonomian soilik oinarritutako betaurrekoak hankamotz gelditu dira. Munduko beste puntan, Zelanda Berrian, ongizateari gehiago eta BPGari gutxiago begiratzeko hautua egin dute, ongizatearen neurri zabalago, osoago eta holistikoago baten bila. Gertuago, Putinek uste du beroketa globala ez dela hain txarra: Artikoan garraioa eta Errusia iparraldean bizimodua erraztuko zaielako. Eta geu Espainiako erreinura begira. Moteltzeari so. Motel antzean.
'Krisi-kitin' hotsak: zenbatekotik ala nolakotik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu