Bruselan elkartu dira agintari europarrak. Troikaren garaiak atzean utzita, aurrerantzean amankomuneko politika ekonomikoaren norabidea Europar Kontseiluan erabakiko da. Hurrengo urte eta erdian, gutxienez, ez dira «beltzezko gizonak» etorriko, eta herrialde bakoitzaren programak garatzeko zorpetze gaitasuna eta europar likidezia egongo dela erabaki dute. Trantsizio ekologikoa eta eraldaketa digitala dira erronka nagusiak, hala ere, berrikuntza batzuk agertzen dira sinatutako itunean: negoziazio kolektiboaren bidez soldatak hobetzea, langabezia sari eta babes sozialeko neurriak indartzea, enpresa txiki eta autonomoentzako dirulaguntzak ematea eta soldaten eta etekinen arteko oreka fiskala gauzatzea.
Denok garaile?
Negoziazioan parte hartu duten guztien goraipamenek denak irabazle irten direla esatera eraman gaitzakete. Mediterranear herrialdeek diru transferentzia zuzenak eskuratu dituzte. Ortodoxia ekonomikoaren bozeramaileek maileguak ekuazioan sartu dituzte. Estatuei dirulaguntza zuzenak eskainiko zaizkie, bai, baina hasierako proposamenarekiko kopurua murriztu egin da. Europako Batasuneko (EB) ekonomietan dirua sartuko da eskaria bultzatzeko asmoz, agerian baitago eskari eta konfiantza barik ekonomia ez dela berpiztuko.
Estatuek Berreskurapen eta Erresilentzia Plan Nazionalak garatu behar dituzte. Herrialdeek burutu beharreko erreformak dira, alegia. Nazio Plan horiek estatu bakoitzak aztertuko ditu eta onartu edo ez onartu. Oraingoan Troikak ez du jendarme lanik egingo, EBko beste gobernuak izango baitira mugak definituko dituztenak. Horrek uneren batean diru laguntza zuzenak baldintzatuak izatea esan nahi du, aurrekontu publikoen oreka eta erreformen aplikazioen araberakoak hain zuzen. Gauzak horrela, Europako hegoaldean berrindustrializazio planek lekua izango al dute? Osasuna, hezkuntza, zaintza eta ongizate zerbitzuak hobetzeko gaitasuna izango al da? Gatazka ideologiko zein materialen zelai etengabea izango da 2020-2021ean finkatutako erabaki marko hau.
Oraingoz, finantzaketa lortzeko ez da eurobonu edo koronabonurik jaulkiko, baizik eta Europako Batzordeak urte anitzetarako egindako zor-jaulkipenak, hau da, datozen zazpi urteotako aurrekontuen kontura egindako jaulkipenak. Honen bidez zorren benetako mutualizazioa lor daiteke, bai, baina ez du zertan hala izan. Mutualizazio hori lortzeko, ezinbestekoa da finantza-merkatuen kapitalak erakartzea erreskate-funtsak elikatzeko. Europako Parlamentuak dirulaguntza zuzenak emateko bi bilioi euroko funtsa eskatu zuen maiatzaren 15ean. Agerian geratu denez, helburu horretatik oso urruti geratu da akordioa, %37,5ean hain zuzen, europar herrialdeetako ekonomiak kinka larrian dauden egoerarako ez nahikoak.
Zorraren katea
Nabarmentzekoa da Egonkortasun eta Hazkunderako Ituna ez dela aldatu, zorpetze publikoaren baldintzak finko daude eta. Gastu publiko hazkor bat behar denean araututako aurrekontu mugek berdin jarraitzen dute. Hala ere, epe laburrean gutxienez, zor publikoaren hazkunde kontrolatu eta bateratua da plan berriaren gako: Europako Banku Zentralak (EBZ) estatuak finantzatu gabe, eta erakunde amankomunen bidezko hedapen politika publiko-pribatua eginez.
Horren ondorioz, estatuek nazioarte mailako finantza botereekiko menpekotasuna handituko dute, hots, munduko elite aberatsen pean geldituko dira. Are gehiago entitate hauek soka finantzarioa gogor estutuko dute. Horrez gain, itunean argi zehaztu da, «baldintza ekonomikoek ahalbidetzen dutenean, epe ertainerako aurrekontu egoera zuhurrak lortzeko politikak eta zorraren iraunkortasuna bermatu» behar dituztela herrialde guztiek, egungo egoeraren salbuespen izaera nabarmenduz. Azken honek epe ertainean murrizketen bidea irekita geratzen dela iradokitzen du.
Europa nora?
Gauzak horrela, zer norabide hartu beharko luke Europako Batasunak? Diru politikaren independentzia izan da garai neoliberalaren diktat nagusienetarikoa. Baina, politika kontinental indartsua eta justua antolatzeko, EBZ-k esku hartu behar du. Diru politika erabilita, estatuak, enpresak eta familiak finantzatu beharko luke. Horrez gain, beste beharrezko erreforma bat egungo zor publiko eta gastu arauak kentzea da, politika ekonomiko anti-ziklikorako aukerak zabaltzeko. Sarrera fiskalen ahulezia da sistema publikoaren gabezien arrazoia. Fiskalitate programa indartsua behar da, eta, nola ez, paradisu fiskalekin bukatzea eta nazioarteko kapitalak zergapetzeko tresnak eratzea. Azkenik, ekoizpen eta zaintza eredu europarra berregituratzeko urratsak behar dira, baliabide ugari inbertituz, eta berrindustrializazio planek iparraldearen eta hegoaldearen arteko disparekotasunekin bukatu behar dute.
«Garaiak aldatzen ari dira» abestu eta sei hamarkadara, «eutsi begiak zabalik, aukera ez da berriro errepikatuko» berriz ere esateko unea da. Aldaketa nabarmenak bizitzeko zorian gaude, mundu osoan zehar sistema kapitalistaren bidegabekeria agerian utzi duen birus n?imin?o baten eraginez. Mundu justuago bat antolatzeko garaia da.
Europako ituna aldatzeko azken aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu