EHUren agonia

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Agonia terminoa Unamunok erabili zuen La agonía del cristianismo liburuan (Kristautasunaren agonia), borroka, tentsioak, arimaren gatazkak, Parisera erbesteratu zenean izandako urduritasuneta ziurgabetasun egoera adierazteko. Egoera horrek solasaldian dagoen Unamuno erakusten digu, bere buruarekin eztabaidan, aurkezten zaizkion bizi aukeren aurrean. Ildo horretatik, agonia terminoa erabiltzen dugu unibertsitatearen egungo egoera eta zenbait orientaziotara bideratzen duten barne indarren lerroak adierazteko. Zeintzuk dira indar lerro horiek?

Duela 200 urte, Kant-ek unibertsitatea «arrazoiaren leku» pribilegiatu gisa identifikatu zuen. Unibertsitatearen elementu bereizgarria giza ekintzaren funtsa eta zentzua izatean zetzan. Gaur egun ezin diogu eutsi Fakultateen arteko gatazka (1798) liburuan planteatutako berariazko ezaugarri horri. Ilustrazioko unibertsitatea arrazoimenaren funtzio fundatzailean oinarritzen bazen eta egun ezagutzaren totalizazioa zalantzan jartzen bada, horrek guztiak tradizioa berrikustera eta ezagutzaren batasuna kuestionatzera behartzen du. Nola interpreta dezakegu unibertsitatea komunitate autonomo eta kritikotzat (universitas), ekintza akademiko eta zientifikorako ez ezik, gizartea indartzeko ekintza publikorako tresnatzat ulertuta?

Unibertsitate publikoari buruz hausnartzea berau arrazionaltasun gatazka gisa pentsatzea da, edo, hobeto esanda, gatazkan dauden arrazionaltasunen gisa pentsatzea: egungo unibertsitatea ezagutza, gaitasun eta praktika askotariko eta heterogeneoen multzo gisa eratzen da.

Auzo zaharrak eta berriak elkarrekin bizi diren hiri bateko metafora erabil dezakegu unibertsitatearentzat. Auzoak elkarrekin bizi dira euren desberditasunean, eta desberdintasun hori auzoen artean dago, bizitza-komunitate baten elkarrizketaren adierazpen gisa. Hirientzako bezala, argudiatuz jarrai dezakegu orduan, unibertsitateko politika publiko baterako zentrala da, erretorikaz haraindi, aniztasun komunitarioaren eta zatiketaren kontzeptuen artean bereiztea, elkarrekin bizi diren arrazionaltasunen aniztasuna ulertze aldera.

Unibertsitatearen zatikatzea bizitza akademikoaren feudalizazioa da, eta entzierroa lehia eta ekoizpen eremu txikietan. Ideia hori funtzionala bilakatzen da merkatu akademikoaren ereduan, ezagutza merkatu kapitalistan sartzen den heinean, prozesu horretan ezagutza eta gaitasun batzuek beste batzuek baino balio handiagoa baitute. Unibertsitatearen aniztasun arrazionalaren ikuskera zatikatua azken hamarkadetan nagusitu nahi den unibertsitate neoliberalaren eredu utilitarioaren oinarrian dago. Unibertsitate bereko unitate akademikoak aurrekontuagatik elkarren lehia orokortuan daude. Horrela, unibertsitate publikoa bera lankidetza intelektualerako espazio egokitzat hartzea arriskuan jartzen da.

Unibertsitate zatikatuaren ideia alternatibo bat unibertsitatea komunitatetzat ulertzea da. Ideia horrek egokiagoa dirudi aniztasunaren batasuna pentsatzeko. Hemen kritikoa da gogoetarako galderak eta interpelazioak bilduko dituen programa bat pentsatzea, adostasun automatikoko klimatik harago kokatzen dena. Gure gizartearen gaur egungo testuinguruan unibertsitateak duen desberdintasun instituzionala pentsatuko duen —eta gizarte-esparruan izaera berezia ematen dion— programa, bere funtzio bikoitzarekin: unibertsitateak hezkuntzaren maila apalago guztiak oinarritzen dituena batetik, eta, aldi berean, hezkuntza zerbitzu publikoa koroatzen duena, bestetik.

Gaur egungo unibertsitatean, ezagutzaren politika akademiko gerentziala ezaugarritzen duen prozesu utilitario nagusirantz bideratzeari aurre egiteak bestelako posizionamendua eskatzen du, ezagutzaren ideia komunitariora itzuli behar duena, unibertsitateko gerentzia ereduaren ekonomia txikiaren kontabilitateko kalkulu teknikoen praktikatik aldenduz, batez ere, merkataritza logika balioesten duten estandar eta irizpideetatik.

Kontabilitate-unibertsitatea, pentsatu eta jardun komunitarioetan ez bezala, kalkulatzeko pribilegioan oinarritzen da. Merkatuan orientatzen du bere ekintzaren xedea. Unibertsitate komunitarioak, ostera, askatasun-maila handiagoa ematen dio praktika-aniztasunari eta haren ebaluazioei, merkataritza kalkuluaren logikara murriztezina den konpromiso politikoa duen jarrera akademikotikabiatuta.

Bere ekintzak eta programak inguruko bizitza sozial eta instituzionalean integratzeko oinarriari buruzko erabakiak bideratzen ditu unibertsitate komunitarioak, eta testuinguru hark ezarritako eskakizun eta mugen mende dago. Eskakizun eta muga horien dimentsioaniztasunak eskatzen du bizitza akademiko eta zientifikorako estandar eta irizpide dimentsioaniztunak kontuan hartzea, ezin baitira murriztu merkataritzako kontabilitatearen logikaren balorazio hutsetara. Logika horretan ordena jarraitua konjugatu nahi izateak, eta, aldi berean, unibertsitate komunitarioaren erronkei erantzuten saiatzea gaindiezinezko kontraesana da.

Unibertsitate komunitarioa ez dago merkataritza arrazionaltasunak alienatua, baizik eta dimentsio anitzeko elkarrizketa integratura eta gizartera bideratutako orientabideekin lerrokatua. Unibertsitateak berak finkatu behar ditu ekintza akademikorako bere estandarrak, arestian aipatutako konstrikzio-markoaren barnean. Hala egiten ez badu, beste batzuek harengatik egingo dute: agentzia politikoak, botere ekonomikoek, beste presio talde batzuek edo nonahiko rankingak betetzearen presioak. Bere balioak beste erakunde akademikoenekin konparatzeko irizpideak ezartzea beharrezkoa da; baina hori ez da arrazoia baldintza dimentsioanitzeko estandarrak ez finkatzeko, EHUren singulartasunarekin eta ingurunearekin duen harremanaren izaera bereziarekin bat datozenak: bizitza sozialean bideratutako estandarrak, alegia, ez soilik esparru ekonomikoaren balorazioetan.

Unamuno garaiko kristautasuna eta bere egoera indibiduala zeharkatzen zuten gatazka lerroak identifikatzen saiatu zen bezala, unibertsitate publikoak berez ikusi behar du zer bide aukeratzen duen hura eraldatzeko, egungo agonia definitzen duten lerroetatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.