Olinpiar Joko batzuetan lehen aldiz egon nahi duen kirolari baten ilusioa antzematen zaio hitz egitean eta begietan Maialen Chourrauti (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Baina, sailkatuz gero, Pariskoak laugarrenak lituzke. Ezagun da «oso gustura» dagoela egiten ari den lanarekin. Kontxako hondartzari begira, Donostiako Atleticoren egoitzako atarian egin ditu hausnarketak.
Olinpiar Jokoen ondoren, kirolari guztiek zera esan ohi duzue: «Orain deskonektatu egin behar dut». Deskonektatu zenuen Tokiokoen ostean, jakinda ziklo olinpiko hau motzagoa zela?
Bai, noski. Inoiz baino gehiago. Tokiokoak amaituta, bi hilabetez hartu nuen atseden. Sekula halakorik egin gabe nengoen. Denboraldia amaitu eta berehala hasten nintzen entrenatzen. Baina Tokioko Jokoen ondoren, behar nuen. Eta iazko ebakuntzaren ostean ere etena egin nuen. Alde horretatik, fresko nago.
Sorbaldako ebakuntza egin zizuten iazko otsailean. Ahaztuta daukazu? Zer moduz zaude?
Ondo. Sorbalda ondo osatzen ari da. Alde horretatik, oso pozik nago. Izan ere, negu oso ona pasatu dut entrenatzen; zoragarria izan da. Aurrera egitea zen helburua, eta lortzen ari gara. Lehen, piraguan nengoenean, sorbalda nuen buruan etengabe. Beldurra nuen min hartzeko. Muga bat zen. Orain, aldiz, ez. Oso gustura ari naiz uretan, asko gozatzen.
Olinpiar Jokoen aurreko urtea izanda, eta ziklo hau hiru urtekoa izanda, nola doa prestakuntza? Aldaketarik egin duzu?
Prestakuntza urtez urte egiten dugu. Iaz, sorbaldako ebakuntzaren ondoren osatzea zen lehentasuna. Aurten, berriz, bestelako helburuak ditugu: jarraitutasun batekin entrenatzea, fisikoki ondo egotea, lehiaketetan onena ematea, eta batez ere, Londresko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioarentzat Pariserako toki edo leku hori lortzea. Hori kontuan hartuta, egunero hobetzea dugu buruan, eta horretarako ari gara lanean. Urratsez urrats joatea gustatzen zait, pixkana, beti helburua argi izanda.
Aurreko Jokoetan, bost urtekoa izan zen zikloa, pandemiagatik. Bost urte luze egiten dira, eta hiru motz?
Argi dago bost urte luze egin zirela. Baina, bestelakoan, ez dut horretan pentsatzen. Esan bezala, eguneroko lanean jarrita daukat arreta osoa, eta hobetzea dut helburu. Orain, sailkapen probak prestatzen ari naiz buru-belarri. Martxo hasieran ekin genion kayak krosekoari, eta, Aste Santua igarota, eslalomekoarekin hasiko gara. Apirileko azken asteburuan amaituko dira. Fase hau oso garrantzitsua da, selekzioaren multzoan sartzea ez baita erraza. Proba horietan, intentsitate eta tentsio handia dago; hala ikusi da azken asteburuetako lehietan. Dena den, tentsio hori polita da, pizgarria. Eta nik aprobetxatu egin behar dut tentsio hori bizitzeko, ez baitakit berriro biziko dudan. 23 urte daramatzat horrekin bizitzen. Gaizki pasatzen dut tentsioagatik, baina, aldi berean, asebetetzea hain da handia egindako lana ondo ateratzen zaidanean!
Zer moduz sumatu duzu zeure burua lehia horietan?
Egia esan, ez naiz oso eroso ibili. Baina ona da bidean zailtasunak aurkitzea, esan bezala sailkapen probak ez direlako errazak izango, ezta Munduko Txapelketa ere. Lekua lortuta, gero zure izena eduki behar du. Baina esan bezala, neguan egindako lanari balio handia eman nahi diot; teknikoki hobetu nahi nituen gauzetan aurrerapausoa eman dudala uste dut. Adin honetan oraindik gauzak ikastea pizgarria da niretzat.
Aurreko zikloan asko kostatu zitzaizun piragua aproposa topatzen. Alde horretatik arazorik izan duzu oraingoan?
Zorionez, ez dut arazorik izan horrekin, eta lasaitasun handia ematen dit horrek. Izan ere, arreta osoa uretan jarri ahal izan dut. Tokiorako aukeratu nuen piragua modeloarekin jarraitzen dut. Oso-oso gustura nago horrekin. Nahiz eta piraguak aldatu eta egokitzapen puntu bat izan beti. Gainera, orain kayak krosa ere egiten dugu, eta piragua berriak ateratzen dira. Ikusiko dugu.
Egunerokoan kezka eragiten zizuten gauza horiek alde batera uzteak lasaitasuna emango zizun ezta? Sorbalda, piragua…
Bai, noski. Horiek kenduta nahi bezala aritzen ez banaiz, izango da ez naizelako onena ematen ari. Gauzak gaizki egiten ari naizen seinale izango da.
Londresko Mundu Txapelketa nola ikusten duzu?
Ez da erraza izango. 2015ean han banatu ziren Rioko Jokoetarako lekuak, eta lautik bakarra lortu genuen. Oso kanal zaila da. Abenduan eta urtarrilean han izan ginen entrenatzen, eta maiatzean ere joango gara, baita udan ere. Nahiz eta bidean beste txapelketa eta lehiaketa batzuk izan. Oso garrantzitsua da Munduko Txapelketak ondo prestatzea. Europako Jokoetan ere leku bat egongo da jokoan.
Zertan da zaila Londresko kanala?
Indar handiko kanala da, eta asko eskatzen du. Ur asko dauka, mugimendu ugari eta desnibel handia. Halako txapelketetan jartzen dizkiguten maniobrek, gainera, asko eskatzen dute. Ez dira normalean entrenamenduetan ondo ateratzen zaizkizun horietakoak. Oso erraza da bidetik ateratzea edo ate bat jotzea. Oso ondo prestatuta joan behar dugu.
Paris, geografikoki, ez dago horren urruti. Kirol ikuspegia kontuan hartuta, urruti edo gertu ikusten duzu?
Oraindik pauso asko falta zaizkigu hara iristeko. Baina esan bezala, oso gustura nago ikusita gauzak nola doazen eta uretan nola nabilen. Orain dela urtebete, oraindik besoa lotuta neukanean, horrela egongo nintzela esan izan balidate, gustura konformatuko nintzateke. Gero, ikusiko da.
Aurreko Jokoetan eta horiek prestatzeko prozesuan izandako esperientziak zenbateraino laguntzen dizute hurrengoak prestatzeko?
Kirolean ez ezik, bizitzen ditugun esperientzia guztiek orainean ere eragiten digute. Egindako bideak lan egiteko modu bat ezartzen lagundu dit, bai bakarka eta bai taldean. Izan ere, ez naiz ni bakarrik. Prestatzaile eta laguntzaile multzo bat dago nire inguruan. Pilatutako esperientziak lagungarri izan zait ziurtasun handiagoa edukitzeko egiten ari naizen bidearen eta lanaren inguruan, horretan sinesteko. Lehen, agian ez nuen hainbesteko ziurtasunik. Eta zailtasunak edo zalantzak ditugunean, argi izaten dugu baditugula moduak eta bideak horiei aurre egiteko.
Olinpiar Jokoetan kayak kros modalitatea izango da berritasunetako bat. Horretan parte hartzeko aukera pizgarri izan da?
Bai. Pentsa, Tokioko Jokoak bukatu eta astebetera modalitate horretako sailkapen proba bat egon zen, Espainiako Txapelketan. Uste nuen dagoeneko talde barruan nengoela, eta salbuetsita nengoela. Baina ez zen horrela, eta lehiatu egin behar izan nuen. Kayak krosean ia entrenatu gabe nengoen. Izan ere, kontaktu handiko modalitatea da, eta min hartzeko arrisku handiagoa dago. Arreta osoa eslalomean nuen, eta Tokioko Jokoetan. Gainera, kanporatu egin ninduten irteeran, baranda bati eutsi niolako. Beste parte hartzaile batzuek ere egin zuten, baina ez zituzten kanporatu. Amorru handia eman zidan, eta, Tokion lortutakoaz disfrutatu ordez, haserre nengoen gertatutakoagatik. Bi Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa falta ziren denboraldia amaitzeko. Garbi izan nuen Munduko Txapelketan ez nintzela lehiatuko; bai, ordea, Munduko Kopetan. Eskarmentua hartzen hasi nahi nuen kayak krosean. Amorru eta gogo hori izateak sentiarazi zidan olinpiar aldi honi heldu nahi niola, jarraitu nahi nuela eta banuela oraindik zer eman. Bi aste behar izan nituen horretarako. Hori hala izan balitz, ez dakit zer gertatuko zen. Izan ere, oso nekatuta nengoen, eta ez nekien zer egin. Argi nuen bakarra zen atseden hartu behar nuela, eta ondo pentsatu. Txapelketa edo proba batera joan, eta bi modalitatetan parte hartzeko aukera izatea motibazio handia da, esperientzia izugarria. Zer esanik ez Olinpiar Joko batzuetan. Erronka polita da, fisikoki eta mentalki. Azken batean, lehiatzea dugu gustuko. Asko gustatzen zait, eta nire ametsa bietan lehiatzea da.
Oso diferenteak dira? Prestakuntza egokitu behar izan duzu?
Gauza txiki batzuk bai, baina, oro har, prestakuntza oso antzekoa da, nabigatzeko modua berdina baita. Nahiz eta buruz buruko lehia bat izan lau piraguisten artean, eta piragua eta ateak desberdinak izan. Gainera, eslalomean ezin ditugu ateak ukitu, eta kayak krosean, aldiz, bai. Bestalde, ateen muntaketa ez da hain erraza, eta horrek entrenamenduak zailtzen ditu. Baina bidea egiten ari gara.
Tokion zilarra lortuta, hiru domina olinpikoak dituzu: urrea, zilarra eta brontzea. Horrek presioa kendu dizu?
Beti izaten da lekua dominentzat. Horrekin amestea oso polita da, eta pizgarri ere bada. Beti esaten da amestea dela gauza bat lortzeko lehen urratsa. Baina, gero, lortu egin behar da. Ez dago soilik nire esku, gainera. Nik onena eman dezaket, baina, beste hiruk nik baino lan hobea egiten badute, ez dut lortuko. Dena den, onena ematen badut, nahiz eta ez lortu, oso harro eta lasai egongo naiz neure buruarekin.
Tokion esan zenuen eskarmentua funtsezkoa izan zela domina lortzeko orduan. Oraingoan, zein izango da gakoa, zure ustez?
Oraindik oso urruti dago horretan pentsatzen hasteko.
Aurreko Jokoak oso arraroak izan ziren COVID-19arengatik. Gogoa izango duzu berriz ereJokoetan murrizketarik gabe aritzeko, eta, gainera, etxetik hain hurbil.
Dagoen horretara egokitu behar duzu. Baina argi dago Parisen izateak, horren gertu izateak, berezi egiten dituela. Bai gertutasunagatik, baita frantziarrek kirolaren inguruan duten kulturagatik ere. Paris gertu egonda, jende gehiago joan ahal izango da hemendik, eta zaleen babesa beti eskertzen da. Bestalde, prestakuntza ere erosoagoa izango da. Izan ere, Jokoetako kanalean entrenatzeko Nazioarteko Federazioak egun jakin batzuk jartzen ditu, eta Japoniara eta Riora joatea, adibidez, nekeza zen: hegaldi luzea, ordutegi aldaketa... Orain, ordea,gauzak errazagoak izango dira alde horretatik. Aukera ematen diguten ia guztietan joaten gara. Dena den, baldintza batzuk izan edo besteak izan, Olinpiar Joko guztiak izan dira bereziak niretzat.
Zer dakizue Parisko kanalaz?
Aspaldi ireki zuten, eta izan dugu han entrenatzeko aukera. Ireki zutenetik aldaketaren bat egin dute. Baina azken aldaketa egin zutenetik ez gara han egon. Izan ere, aurrena, esan bezala, Londreskoa dugu. Arreta osoa hor daukagu, eta ezin dugu indarra xahutu Pariskoan pentsatzen. Baina esan dezaket antz handiagoa duela Rioko eta Tokioko kanalekin, nahiz eta ferra forma izan. Azkenaldian aldaketaren bat egin dute, ura gehiago mugitu dadin, hasieran geldo samarra geratu baitzitzaien.
Pariserako lehia horretan nola ikusten dituzu aurkariak?
Jendea oso azkar eta indartsu dabil, eta hori ona da. Denak ari gara gogor entrenatzen. Hori ederra da, baita ni hor egotea ere. Asko gozatzen dut.
Asko begiratzen diozu haien jardunari?
Bai. Ni eslalomaren frikia naiz, eta lehiaketa guztiak ikusten ditut. Gustatu egiten zait, oso interesgarria da. Gainera, ikusteak lagundu ere egiten dit, zertan hobetu behar dudan jakiteko, hain zuzen.
Arantza geratuko litzaizuke Parisera ez joateagatik, edo dominarik ez lortzeagatik?
Parte hartu izan dudan Joko guztietatik bueltatu naizenean esan izan dut bidea dela garrantzitsuena. Horri ematen diot balioa. Eta hori ez dut esaten gauzak ondo ateratzen zaizkidanean bakarrik. Alde horretatik, oso harro nago egiten ari naizen lanaz, eta ikasten ari naizenaz. Argi dago ez joatea zartakoa izango litzatekeela. Baina buelta ematen jakingo nuke, bidean lan ona egiten ari bainaiz. Domina, berriz, oso zaila da.
Maialen Chourraut. Piraguista
«Asko motibatzen nau Jokoetan bi modalitatetan lehiatu ahal izateak»
Maialen Chourrautek «ahaztuta» dauka iaz sorbaldan egin zioten ebakuntza. Entrenamendu betean igaro du negua, eta irailean izango du 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako mugarri nagusia: Munduko Txapelketa, Londresen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu