Txema Ramirez de la Psicina

Zoriontsu zara?

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Demagun, irakurle prestu hori, gaur bertan, kalean zoazela bisai atsegina duen inkestatzaile batek bat-batean gelditu eta —dotoreziaz, hori bai— hauxe botatzen dizula… «Barka unetxo bat mesedez, OME Osasunaren Mundu Erakunderako inkesta bat burutzen ari gara eta, zure baimenarekin, itaun zuzen hau egin nahi nizuke: une honetan zoriontsua al zara?». Zer erantzungo zenioke? Pikutara bidaliko zenuke, edo, agian, erantzungo zenioke?

Zuk nik beste dakizu zein gordina den bizi dugun egoera. Aldarte ona behar da amaiezina dirudien ziurgabetasun hau kudeatzeko, baita egoera aldakor honetan tokian tokiko agintariek zabaltzen dituzten irizpide are aldakorragoak egoki interpretatzeko ere. Jendearen hizketaldiak entzunda eta aurpegiak ikusita, denean sumatzen da antsietate eta tristura kolektibo bat. Horri guztiari mundu mailan dagoen egoera nahasia gehitzen badiogu, ateratzen zaigun emaitza benetan kaotikoa izan daiteke. Apokalipsiaren profetek mauka ederra topatu dute garai hauetan.

Hain gaizki al gaude? Benetan hain berria al da egoera hau? Pankaj Mishra filosofoak La edad de la ira. Una historia del presente liburuan gogora ekartzen du, 1916an Rabindranath Tagore poeta indiarrak, AEBetan zehar bidaiatzen ari zela, egin zuen gogoeta hau: «Antzematen da atmosfera trinko eta pozoitsua; susmoz, diru-gosez eta izuez betetako mundua». AEBak kapitalismo industriala eta masa-politikarako bidea igarotzen ari ziren orduan. Ehun urte geroago, AEBetatik datozen kronikek antzeko panorama aurkezten digute: agintariek bultzatutako polarizazio politiko ikaragarria, gorrotoari eta arrazismoari bide ematen dien atmosfera itogarria. Trump bakarra da munduan, baina ez dago bakarrik munduan. Eskuin muturra, autoritarismoa eta populismo autokratikoak hainbat tokitan dira nagusi, kontinente guztietan gainera. Balirudike, pandemiarekin batera, suminaren haziak ere lur emankorra topatu duela.

Egoera ez ba berria, baina. Aipatu liburuak ere Hannah Arendtek 1968an egindako hausnarketa dakar. Totalitarismoaren ezaugarriak aztertu zituen filosofo alemaniarrak hauxe esan zuen orduan: «Historian lehendabiziko aldiz, planetako herri guztiek orainaldi komuna daukate». Ondorioa ere aurreikusi zuen: «Elkarrekiko gorrotoaren hazkundea, guztiok guztion kontrako suminkortasun unibertsala». Egun antzeko zerbait sumatzen da. Herrialde eta estatu bakoitza gainerakoen lagun edo etsai amorratu bilakatu direla dirudi. Munduaren beste puntan jazotzen diren gertaerek segituan dute oihartzuna gurean. Wuhango ikastetxeak gure eskolak bezain ongi ezagutzen ditugu albistegiei esker.

Slavioj Zizek-ek Pandemia liburuan aurreratu zuen bezala, bizi dugun krisi honek hiru atal desberdin ditu: osasun arlokoa, ekonomikoa eta psikologikoa. Nago hirugarren horri ez gatzaizkiola behar besteko arretarik eskaintzen ari. Hortik dator atariko galdera: zoriontsu zara?

Oro har, zoriontsua kontsideratu ohi da, neurri handi batean, bere bizitza modu positiboan estimatzen duen pertsona; hau da, maila desberdinetan bere ingurukoengandik sentsazio atseginak jasotzen dituena. Pertzepzio orokor horretan, komunikabideen bitartez eskuratzen dugun informazio edo desinformazioek eragin handia izan dezakete nola gure aldartean hala mundua begiratzeko maneran. Eta,jakina, pandemiaren garai honetan horixe dugu erruz: informazioak eta sasi-informazioak.

'Infodemia'

Pandemiak xurgagailu erraldoi baten antzera jokatzen du, inguruan topatzen duen oro gupidarik gabe irensten du. Dena erakar eta diluitzen du; edota, okerragoa dena, bazterrean uzten du. Tramankuluak zarata itzela egiten du. Abian dagoen bitartean ezin da bere inguruan hitzik egin. Ezinezkoa, beraz, abstraitzea, ezta beste zerbaiti buruz lasaitasun minimo batez pentsatzea ere. Zurrunbilo horren barruan denetik dago: informazio ugari, desinformazio dezente, gezur handi askoak, zurrumurru nahikotxo eta albiste faltsu gehiegi. Zarata hori hain da handia ezen OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak ere, 2020ko otsailean, infodemia hitza ofizialdu baitzuenCOVID-19 gaixotasunaren inguruan sortu diren desinformazioaren eta zurrumurruen oparotasuna izendatzeko.

Infodemiak gertakariei buruz dugun pertzepzioa eta gure sentimenduak nahasten ditu. Gure aldarteari eta bizitzari eragiten die, eta gure osasun mentala ere nabarmen kaltetzen du. Infodemia ez da kasualitatez sortu. Interes zehatzak baditu ere, askotan, zaila da bere jatorria zehatz-mehatz identifikatzea. Baina badu erremediorik. Desinformazioaren eta manipulazioaren aurkako neurri eraginkorrak daude. Adibidez: pandemiari buruzko albisteen aurrean dugun esposizioa dosifikatu, informazio-iturri fidagarriak soilik aukeratu eta gure agenda tematikoa ireki. Hala eta guztiz ere, beti kolatuko zaigu fake news edo albiste faltsuren bat; besteak beste, informazio mota hori beti doakoa delako eta ez duelako interpretazio-ahaleginik behar. Hain dira erraz askoak irensteko! Aldiz, kalitatezko informazioak denbora gehiago eskatzen du eta, askotan, ordainpekoa da.

Infodemiak berak ere iragan hurbilean ditu oinarriak. Historian zehar informazioa maiz erabili da gerra tresna bezala, narratiba garaileak hauspotzeko eta matxinoen kontakizunak gutxiesteko, gerra informatiboa gerra psikologikoaren parte baita. Horixe egin zuten tropa faxistek beren propaganda-orriak eremu errepublikanoen gainean hegazkinetatik bota zituztenean eman ezazue amore, eman ezazue amore leloarekin, eta horrela egiten da egun ere; hori bai, tresna sofistikatuagoak erabiliz. Horra hor Cambridge Analytica enpresak Facebook-eko datuekin egindako amarru ikaragarriak Trumpen garaipena lortzeko edota Brexit-eko emaitzak bideratzeko.

Pandemia eta infodemia eguneroko ogia dugun garaiotan, populazioaren zati handi bat depresiotik gertu dagoen honetan, informazio zehatza eta egiazkoa lortzea txertorik eraginkorrena da. Bilatzen jakin egin behar da, hori bai. Ez dakit zoriontsuago egingo gaituen, baina informazio askeak seguru libreago egiten gaituela.

Eta orain, irakurle, esadazu faborez: zoriontsu zara?

OHARRA: Akats baten ondorioz, artikulu hau zatituta argitaratu zen iragan igandean, ez osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.