Euskal Herri berria, ezker eskuz

Gemma Zabaleta eta beste
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Artikulu hau sinatzen dugunok bat gatoz hainbat puntutan. Politikan pedagogia errekuperatu beharra dagoela uste dugu, sinesgarritasunarekin eta errespetuarekin batera, alegia, bakoitzak defendatzen dituen proiektuak besteen aurka ez doazen ideia, baizik eta gure jendartea osatzen duten pertsonen alde. Era berean, uste dugu murriztuz doan demokrazia honetan galdutako eremuak errekuperatu beharra dagoela.

Ikuspegi demokratikotik, ezohikoa den egoera bat bizi dugu Euskadin. Alternatiba izan eta lidergoa irabazteko apustu politikoa egiteko bokaziodun euskal ezkerra falta da, Euskadik behar dituen erantzunak gurutzaldiko abiadan jartzeko. Euskadi batean zeinetan berdintasunik ezak eta lurraldeen arteko desorekek gora egiten duten, zeinetan erronka demografikoari edo gero eta zaharragoa den jendarte batentzako zaintza sistema propioari eusteko gaitasun falta nagusi den. Ezker zatikatua daukagu, anbiziorik gabeko Gobernuaren aurrean.

Artikulu hau sinatzen dugunok aldaketak nahi ditugu Euskadin, lagun diezaioten gure herriaren onerako etorri diren beste aldaketa batzuei, gaur bakearen airea arnasten baitugu. Izan ere, garai batean alternatiba politikoa izateko eta beste ezkerrekin elkar ulertzeko borondatea zeukan hori, gaurko testuinguruan konformatu egiten da Gobernuaren zeregin administratiboetan beste batzuei laguntzearekin.

Alternatiba politikoa izateko borondatea daukan euskal ezker baten aldeko hautua egin nahi dugu, beraz. Inoren kontsignak bete beharrean aurkituko ez den eta bere obsesioa Euskadiri zerbitzurik onena eskaintzea izango duen ezker baten alde gaude. Ezker ireki bat nahi dugu, pentsamenduko zein ekintzako aliantza estrategikoak lantzeko borondatea izango duena, alderdi politiko, erakunde zein pertsona ezkertiar den oro, beraz injustiziaren aurka borrokatzen den oro, biltzeko. Konfiantza eragiteko gai den ezker bat nahi dugu, irainaren aurrean elkarrizketari eutsiko diona, harropuzkeriaren aurrean apaltasunari.

Etorkizuneko Euskadi eraikitzeko ezkerra behar dugu, agenda berria eta hizkera berria sortzera oraintxe bertatik behartuko gaituena. Utz ditzagun atzean iraganeko aurpegiratzeak, zeren eta euskal ezker berria bidea irekiz baitator, belaunaldian eta bizian. Ez dugu iragana ahaztu behar, bertatik ikasi baizik. Baina ez dugu nahi iragana gure herriarentzako harlauza bilakatzerik ere. Ez diogu utzi behar ezkerraren zeregin komunari muzin egiteko aitzakia merkea bihurtzen.

Agenda berri baten edukia berrirudikatu behar dugu, bidea egin dezan eta subiranotasun partekidetuen agertokian horiei buruz gogoetatzera zein adostera eraman gaitzan, eta ez gai publikoen kudeaketa administratibo hutsa egitera. Azken jokaera hori jada iraganekoa baita.

Agenda berriak, XXI. mendeko Euskadirenak, subiranotasun handiagoa eskatzen du talentuaren trena galdu ez dezan kalitatezko hezkuntza sistema ahalbidetzeko, edo langileen lan baldintzak duinak izan daitezen, bestela ez baita etorkizunik izango lan prekaritatetik urrun. Bada pentsatzen duenik subiranotasun hori dela sistema propio edo nazionala eraikitzeko; agian bai, baina batez ere bat gatoz pentsatzen balio dezakeela sistema hobe bat eraikitzeko, ezkerraren ikuspegitik egiten bada, Ekitatea eta Justizia helburu eta lehentasun bilakatuz.

Artikulu hau sinatzen dugunok ez gara independentistak, baina defendatu egiten dugu independentistek daukaten eskubidea euren proiektua aurrera eramateko, horretarako gehiengoa badago, hori bera neurtu beharko litzatekeelarik eredu demokratikoen bidez, eta ez bakarrik demoskopikoen bidez, orain egiten den bezala.

Gehitu egiten duen ezkerreko alternatiba politiko bat nahi dugu, euskal herritarren konfiantza lortuko duena, gure ustez gaur egun alternatiba izateko baldintzak betetzen dituen eta horretarako nahia adierazten duen alderdi bakarraren inguruan batuta, EH Bilduren inguruan, alegia, gure anomalia demokratikoa zuzenduz.

Espazio horri eskatzen diogu irekitzeko bere proiektu politikoaren josturak, eta egin dezala oraintxe bertatik, baina hauteskunde testuinguruaz harago, begirada luzeko konpromiso tinkoarekin. Ireki dadila prest diren pertsona zein kidegoengana, artikulatzeko etorkizuneko euskal ezkerra, askotarikoa, abertzalea edo baskista, independentista, subiranista, federalista edo konfederalista, zoru partekidetu komuna defendatuz erabakitzeko eskubidearen alde, baina pentsamendu libre eta agenda berrituko ezkerra, aukera egon dadin Euskadi ezker eskuz gobernatzeko.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATU DUTE: Gemma Zabaleta (sailburua Patxi Lopezen gobernuan), Javier Madrazo (Ezker Batua-Berdeak alderdiko sailburua Juan Jose Ibarretxeren bigarren gobernuan), Manuel Diaz de Rabago (Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko gizarte arloko salako presidente ohia) eta Daniel Arranz (Bizkaiko gobernadore zibila Felipe Gonzalezekin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.