Ebaluazioen zurrunbiloa hasi da, beste behin ere, ikasturtean zehar metatutako hautsak harrotzen. Eta, albo-kaltea izaki, abian da kirioen dantza eroa ere: liburutegiak toperaino daude ikaslez, apuntez eta azpimarragailu fosforitoz; gurasoak, seme-alaben tutoreekin hitzordu bat zehazteko, ordutegiekin malabareak egiten dabiltza, eta pilatuz doaz bilerak irakasleen agendetan, pilatuz azterketak apalategietan.
Baina, zurrunbiloak zurrunbilo eta dantzak dantza, introspekziorako garaia ere bada ebaluazioena. Izan ere, ikasleenaz gain, gure jarduna ere kalifikatzen dugu garaiotan. Kolkorako galdetzen dugu, besteak beste, ea ikasleekiko hartu-emanekin asmatu ote dugun, ea saioak eta landu beharreko edukiak egokiro antolatu ditugun, edota ea ikasturte hasieran zehaztutako helburuak erdietsi ditugun.
Guk, Estitxuk eta Uzurik, zientziak irakasten ditugu, eta sarri izaten ditugu tankerako galderak hausnarketagai. Gaurkoan, baina, jardun indibidualetik harago doazen (eta, era berean, horiek erabat zeharkatzen dituzten) isilpeko arau, inertzia eta dinamikei hartu nahi diegu neurria: hezkuntza zientifikoaren backstage-aren zatitxo bat bistaratzera gatoz.
Oihalaren atzealdeari begiratu bat eman orduko ohartu gara ondorengoaz: Haur zein Lehen Hezkuntzako irakasleen formakuntzan inklusioa ahoz aho dabilen garaiotan, zientzia irakasten dugunok esklusibotasuna sustatzen jarraitzen dugu, eta esklusibotasun horrek badu generotik, badu arrazatik, eta badu klasetik. Izan ere, zientziak irakasterakoan, hartzaile maskulino, zuri eta klase ertain-altukoari pribilegioak ematen zaizkio, oraindik ere.
Generoari dagokionez, adibidez, ikerketa andana egin dira neskek zein emakumeek testuliburuetan daukaten presentziaren eta presentzia horren nolakotasunaren inguruan. Matematikako testuliburuetan, kasurako, buruketetako protagonisten gehiengoa mutilak izaten dira. Presentzia horren nolakotasunari dagokionez, pertsonaia femeninoek rol pasiboa hartu ohi dute, eta esfera pribatuan kokatu ohi dira; maskulinoek, ordea, rol aktiboagoa dute, eta botere handiagoa edo estatus altuagoa aitortu ohi zaie.
Irakasleok ere ez gaude inertzia horietatik salbu: genero-rolak eta estereotipoak indartzen dituzten jarrerak erreproduzitzen ditugu. Konpetentzia zientifikoari dagokionez, mutilak neskak baino jantziago daudelako ustea izan ohi dugu, eta batzuen eta besteen arrakasta eta porrotei kausa ezberdinak esleitzen dizkiegu: neska arrakastatsuak langile fintzat dauzkagu, eta, mutilak, berriz, adimentsutzat, bikaintzat. Bestalde, neska baten porrotak ezgaitasuna iradoki ohi digu; mutilarenak, aldiz, nagikeria edota heldutasunik eza. Halaber, irakasleek gehiago animatu ohi dituzte mutilak neskak baino, zientzia klaseetan.
Aipatu ditugun faktore horiek guztiek eragin egiten dute haurrek eraikitzen dituzten autokontzeptuetan, beraien buruari zein generoari dagozkienetan, besteak beste. Hala, neskak sei urtetik aurrera hasi ohi dira beren generoa gutxiesten, adimen gaitasunari dagokionez. Gainera, gutxiespen horrek neskon zientziekiko interesa murriztea ekarri ohi du.
Deskribatu dugun problematikaren inguruan irakurketa hau egin ohi da: «Diziplina batekiko atxikimenduak korrelazio estua dauka diziplina horretako erreferenteekiko dugun gertutasunarekin, eta, ondorioz, neskei gertu sentituko dituzten erreferenteak eskaini behar zaizkie». Bide horretan, azkenaldian loratu egin dira neskengan bokazio zientifikoa sustatzea xede duten programak. Programa horietan, emakume zientzialari eta teknologoak ikastetxeetara joaten dira, ikasleekin mentoretza lanak egitera.
Zientzia neskengana hurbiltzeko bitartekoak jartzeko saiakera oro da txalotzekoa. Iniziatibon oinarrian dagoena, ordea, add women and stir delakoa da. Honako hau da darabilten errezeta: «Hartu kasuan kasuko eduki zientifikoak, gehitu edukioi emakumeak, eta irabiatu». Ezagutzen generizazioari, arrazializazioari zein elitizazioari aurre egingo badiegu, baina, osagai gehiago behar ditu errezetak; konplexuagoa behar du izan prozedurak.
Descartesek, zientzia modernoaren bultzatzaile nagusietako batek, gizakia bi zati disjuntuk osatzen zutela postulatu zuen: gorputzak (materia gordina, pentsatzeko gaitasunik gabea) eta adimenak (alde arrazionala). Bada, gorputza/adimena dikotomiak bere horretan dirau, gaur egun, zientzia klaseetan. Izan ere, jarduera kognitibotzat (eta soilik kognitibotzat) dauzkagu, oraindik ere, zientzia egitea, irakastea zein ikastea.
Alabaina, zientzia egiten dutenak gizartean inskribaturiko gorputzak dira, eta ez adimen testuingururik gabeak. Eta gorputzok, zientzia egiten dutenean, pentsatzeaz gain sentitu ere egiten dute, eta desiratu, proiektatu, komunikatu, ekin. Hortaz, gure klaseetan itzalpean dauden sentimendu, emozio, desio, proiekzio, komunikazio nahiz ekintza horiek guztiak esplizitatu eta lantzea ezinbestekoa da, gorputz maskulino, zuri eta klase ertain-altukoen pribilegio inplizituak eraitsiko baditugu. Zientzian heztea dagokigu, zientzia irakasteaz haratago, hezitzaileak baikara, irakasleak baino gehiago.
Irakaskuntzaz, zientziaz eta 'backstage'-az
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu