Ghetto eta bunkerrak: eztabaida garden bat, arrakala murrizteko?

Sabin Zubiri eta Pablo Rey
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

Egun hauetan, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren aurkezpenaren ostean, euskal hezkuntza sistemaren desberdintasunei buruzko eztabaida zabaldu da berriro. Euskal eskola publikoaren alde egindako ekimen horrek adierazten du gure hezkuntza sistemak Europa osoko hirugarren sare pribatu-itundu handiena duela (Espainiar estatuko lehena), eta kezkagarria dela ikasleen segregazioa, klasearen eta jatorriaren arabera. Proposatuko neurrien artean, besteak beste, «itunpeko ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudia sortzea».

 

Ondoren, Ikastolen Elkarteak, bigarren ikastetxe kontzertatuen euskal patronalik handienak, publiko egiteko proposamen hori errefusatzen duela erantzun du, eta bere komunikatuan dei egin du «eztabaida zabal eta sakon bat» egitera, «guztion artean eginikoa, baita gure mugimendua eraitsi nahi dutenekin ere».

Gauzak horrela, eztabaida eraikitzaile baterako baliagarria izan daitekeelakoan, hona hemen bi zehaztapen eta gonbidapen baten ekarpena.

Lehenik, «eztabaida sakona» sustatu nahi bada, errealitate gordin bat aitortzetik hasi beharko litzateke. ilpeskolainklusiboa.eus webguneari begirada bat ematea gomendatzen dugu. Bertan material grafikoak daude, euskal eskola eremu bakoitzean klasearen (bekadun ikasleak) eta jatorriaren (ikasle atzerritarrak) araberako segregazioaren mapak barne. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitaratzen zituen datu horiek, eta ILP Eskola Inklusiboa kanpainan erabiltzen hasi bezain laster zabaltzeari utzi zioten. Hala salatu genuen orain dela hiru urte Eusko Legebiltzarrean. Urtebete pasatu da Eusko Jaurlaritzari zuzendurik informazio publikoaren eskaera erregistratu genuenetik, eta horri ezezko erantzuna eman zioten. Uda honetan berriro datu horiek eskatu ditugu, eta iluntasuna gailendu da berriro. Orain, lau hilabete daramatzagu Informazioaren Sarbiderako Euskal Batzordearen erantzunaren zain; izan ere, azaldu digutenez, gure gardentasun erreklamazioa galdu egin omen zuten.

Nolanahi ere, badirudi gaur arte ez dela interes handirik izan, argi eta garbi, egungo egoeraren erradiografia egiteko eta euskal hezkuntzan gertatzen ari dena aitortzeko: hau da, pairatzen ari garen gizarte-arrakala. Eta benetan eztabaida informatua izan nahi badugu, datu eguneratuak eduki behar ditugu.

Bigarrenik, «guztion arteko eztabaida zabal» bati buruz, gomendagarria da gogoratzea duela ia hiru urte aipatutako ILP Eskola Inklusiboa plataformak proposamen bat eraman zuela Eusko Legebiltzarrera, eskola segregazio gero eta handiagoaren aurkako neurriak eztabaidatzeko. Proposamen bat besterik ez zen; eztabaidagarria, noski, eta Legebiltzarreko agerraldien prozesu luzean erabat zuzengarria; ez zen inola ere zalantzan jartzen kooperatiben edo erlijio zentroen existentzia, baizik eta diru publikoa ikasleen aniztasunari (pobreak, etorkinak, desgaitasunak dituztenak) erantzuteko betebeharrari lotzea. Erantzuna danbatekoa izan zen, hau da, proposamena tramitatzeari edo eztabaidatzeari uko egitea.

Euskal hezkuntza sistema inklusibo baten aldeko sinadura bilketa hartan Kristau Eskolako eta Ikastolen Elkarteko langile eta familia askoren babesa izan genuen bitartean, tamalez, haien zuzendaritza taldeek aukera horren aurrean aldendu edo betoari babes esplizitua eman zioten, kasuaren arabera. Egia esan, ez zen jarrera egokiena izan elkarrizketa zintzo bat bideratzeko.

Amaitzeko, gonbidapen bat. Jokoan dauden pribilegio indartsuak eta euskal hezkuntzaren arazo estrategiko honi aurre egiteko trikimailuak ikusi ditugu. Baina badakigu borondate oneko jendea ere badela hezkuntza sare guztietan, eta uste dugu gainerakoek iraganeko jarrerak zuzen ditzaketela. Gutxieneko zeharkako eta premiazko ituna bultzatzeko garaia litzateke. Arazo honi aurre ez egitea eta sistemari buruzko pultsu globaletan mantentzea, statu quo bidegabe eta eraitsitzaileari eutsi nahi diotenen aldekoa da soilik. Hezkuntza inklusiboa lortzeaz gain, euskal gizartearen bizikidetza eredua bera ere jokoan dugu. Nabarmendu dadila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.