Ibai Zabala Gandarias

Hizkuntza, kultura eta arrazoibidea

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Aurrekoan, hezkuntzan kulturak izan beharko lukeen garrantziaren inguruko elkarrizketa bat irakurri nuen, Iratxe Retolazari egindakoa. Bertan, euskal kulturaren transmisioan gertatu den etenaz mintzo zen Retolaza, eta eten horrek hezkuntzan izan duen eraginaz. Elkarrizketa irakurtzen ari nintzela, aspaldian buruan bueltaka darabilzkidan ideien zuhaitza astindu zuen bere gogoetetako batek: «Hizkuntza garrantzitsua da (...) baina inportantea da baita ere hizkuntza horren bitartez zein kultur erreferentzia eraikitzen dituzun. Eta gurean hizkuntza gaitasunari garrantzia eman zaio, baina ez kultur komunitateari». Hizkuntza, kultura, komunitatea. Klik.

Badira zenbait urte ikas komunitatea ikastetxeetan garbi identifika daitekeen fenomeno bati bueltaka dabilela: D ereduak, EAEn, ez du ikaslea euskalduntzen gaur egun; zergatik? Nire ustez, erantzuna argia da: ikasleek hizkuntza baino ez dutelako ikasten eta ikusten. Azal dezadan.

Ikastolen magaletik sortu zen D eredua ikaragarrizko pausoa izan zen euskararentzat eta euskalgintzarentzat, baina ordutik honako bidean zerbait ahaztu dugu: hasierako eredu hark ez zuen ikaslea hizkuntza batean soilik murgiltzen, kultura oso batean murgiltzen zuen, baita komunitate baten kontzientzian eta harekiko atxikimenduan ere. Helburua ez zen euskaraz edo euskara ikastea, edo ez hori bakarrik, euskalduntzea baizik. Ahalduntzea, ez duntzea.

Gaur egun, hizkuntzatik kanpoko faktoreak ahanzturaren errautsen artean utzi dira eta euskara ingelesa bezala ematen zaie ikasleei: arauetan zatituta eta ahora, irentsi baino ez dezaten egin; jakin gabe zer den eta non ontzen den ahoko hori, zergatik irensten duten, edota zer ekarpen egin diezaiekeen beren egunerokoan zein etorkizunean. Horren guztiaren aurrean bi aukera dauzkagu: hitz-erdika jarraitzea edo eraginkorragoa izango den bide bat eraikitzea; estrategia berri bat diseinatzea. Hel diezaiogun bigarrenari.

Estrategia berri horrek hiru zutabe izan beharko lituzkeela uste dut, egun daukan bakar horren aurrean: hizkuntza, kultura eta arrazoibidea. Hizkuntzarena da egun zutik dagoen zutabe bakarra: euskaraz ikasten dute, baita euskara ere. Baina ondo irakasten al diegu hizkuntza? Bada, esango nuke lege zaharreko eskolaren sokari tiraka jarraitzen dugula oraindik. Euskara irakasleok ezin gaitezke hizkuntzaren arau gramatikalak azaltzera edo lexikoa aberastera muga, ondoren hori guztia azterketa idatzi batean neurtzeko. Non dago ahozko produkzioa? Nola nahi dugu gure ikasleak hiztun konpetenteak izatea ez baldin baditugu hiztun gisa hezten? Askoz trebatuago daude Administrazioari bidali beharreko gutun bat idazten, jendaurrean ahozko azalpen bat egiten baino. Ez al genieke, adibidez, gutun formalei eta subjuntiboei espazioa murriztu beharko ahozko jarduna lantzeari berea emateko? Eta horren lanketarako, esaterako, antzezlanak erabiliko balira? Hara! Kultura!

Agertu da landu beharreko bigarren zutabea: kultura. EAEko hezkuntza curriculumak kultura zehar-lerro izan beharko litzatekeela dioen arren, ez da halakorik gertatzen. Lehen toki askoz handiagoa zuen hezkuntzan, baina kapitalismoaren logika nagusituz joan den heinean, kulturaren lanketa indarra galduz joan da, bazter batean geratu den arte. Baina hezkuntza norbanakoaren garapenaren zerbitzura egon behar da, ez kapitalismoarenera. Hortaz, kulturak dagokion lekua berreskuratu behar du. Lehenik eta behin, munduari begiratzeko moduak zabaltzeaz gain, irizpide kritikoa lantzen eta sormena bultzatzen dituelako, eta hori dago sustatu beharra: munduari kritikotasunez eta euskaratik begiratzen dioten sortzaileak. Horrez gain, kulturak taldea sortzen eta ezinbestekoa dugun identitatea errotzen laguntzen digulako.

Oso garrantzitsua azken hori, euskal identitatea errotzearena, gurea erraldoi biren pean bizi den hizkuntza, kultura, herria delako. Ez gara txikiak, ondoan dauzkagun bi erraldoiek txikituak baizik; eta horretaz kontziente izan behar dugu. Bestela, etorkizuneko kultur sortzaile izan daitezkeen horiek egin diezaguketen galderarekin egingo dugu topo: zergatik euskaraz sortu, espainolez, frantsesez edo ingelesez sortu beharrean? Kontxo! Arrazoibidea!

Hirugarren zutarria: arrazoibidea. Kulturari eskainitako curriculuma dagoen bezala, soziolinguistikari begirako bat ere sortu beharko litzateke, eta arrazoibidearen lanketa zentroan jarri. Ahaztu egin baitugu non eta, batez ere, zer testuingurutan bizi garen hiztun gisa: hizkuntza hautuak une oro egiten diren lur batean. Eta gazteak horretaz ohartarazi behar dira. Horretarako, munduan hizkuntzekin zer gertatzen ari den erakutsi behar zaie; zer den egoera diglosiko batean bizitzea (gurean bizi duguna); hizkuntza gutxituak ez direla hiztun gutxi dituztenak, beste hizkuntza batek gutxituak direnak baizik. Finean, hiztun kontzienteak sortu behar dira, etorkizuneko hizkuntza hautuen aurrean jakintzaz erantzungo dutenak; eta arrazoibidearen lanketa ezinbestekoa da horretarako.

Horri lotuta, honakoa dio Jon Sarasuak Hiztunpolisa lanean: «Ez da zentzu onekoa hamazortzi urteko euskaldun batek, eskola ibilbidea bukatuta, matematikako, fisikako, historiako eta gizarte alorreko ehunka teoria jakitea, eta hizkuntzen dinamikari buruzko abc-a ez jakitea, bere bizitzan eragin handikoa izango den hizkuntza-desoreka baten biziko denean». Eta, zoritxarrez, hala gertatzen da.

Bada, has gaitezen, berandu baino lehen, zutabeon diseinu, eraikuntza eta aplikazio lanean. Hezkuntzaren etxeak eskertuko digu, baita euskararenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.