EHUk ere ez gaitu gehiegi maite

2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Estitxuk pirata izan nahi omen du. Ba, EHUn egin nahi baditu ikasketak, joan dadila zientzien bidetik, Jainkoaren izenean! Eta pikutara piraten ameskeria eta erromantizismo txatxuak! Ulisesen odisea errepikatzearen ametsari uko egin beharko dio aitaren batean, ipso facto.

Selektibitatea nire garaian (dela hogei urte edo) egin zuena, agian, orain dagoen haztapen sistemak zertxobait nahastuko du —katramila ederra!—, baina bi hitzetan azaltzen saiatuko naiz: EHUk letretako ikasleak gai ez direla uste du. Zertarako ez gai? Ba, beste pare bat hitzetan, Letretako fakultatean sartzeko izan ezik, ia beste edozertarako. Kontua sinplifikatzen ari naizela, falazia dela, pentsa dezake norbaitek, eta ez naizela bidezkoa. Letretakoon ohiko erreakzio hiperbolikoa dela ere esan dezakete. Norberak juzga dezala.

Gaur egun selektibitatean, barka, USEn (Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa) —izena ere aldatu zioten, selekzionatzea zela helburua esatea gogorra egiten zitzaien antza... Eufemismoz blai—, egin beharreko azterketak bost besterik ez dira, hots, enborreko ikasgaienak: Euskara, Gaztelera, Ingelesa, Historia eta ondoren, letretakoek Latina, artistikokoek Artearen Oinarriak,zientzietakoek Matematika eta gizarte zientzietakoek beste Matematika bat. Beste azterketak hautazkoak dira: nahi —edo behar— badu egiten ditu ikasleak. Karrera bakoitzean ikasgai ezberdinek haztapen ezberdina dute; hau da, ikasleak dituen nota batzuk 0,1 edo 0,2 edo 0,3 aldiz biderkatuko dira, ikasgai jakin bateko notari pisu handiagoa emateko. Ulertzeko: ikasgai guztiek ez dute pisu bera karrera guztietan. Segun eta zein ikasketa egin nahi dituzun, ikasgai batzuek beste batzuek baino gehiago balioko dute. Ingeniari izan nahi duzu? Fisika hartu (x 0,1). Zuzenbidea ikasi nahi duzula? Aukeratu Filosofia (x 0,2). Zure bokazioa maisu ala maistra izatea al da? Orduan, dudarik gabe, ikasi Mate! (x 0,2). Zergatik? EHUn letretako batxilergoa edota batxilergo artistikoa egin duten ikasleek ez dituztelako zientzietako eta gizarte zientzietako ikasleek dituzten aukera berak. Eta hau diskriminazioa da (eta ez positiboa!). EHU letretako eta arteetako ikasleei esaten ari zaiena zera da: Magisteritza egiteko beste batzuek baino gaitasun gutxiago dutela. Ez dituztela fakultatean nahi, alegia.

Eta EHU bakarrik aipatzea ez da funtsik gabeko komentarioa, ez. Batetik, gure unibertsitate publikoa delako, guztiona; eta bestetik, estatuko beste unibertsitate publikoetan—Madrilen, Katalunian, Salamancan edota Nafarroan, adibidez— ez delako gertatzen! Maisu ala maistra izan nahi duten ikasleen modalitateko enborreko ikasgai guztien notek pisu bera dute! Nahikoa da, EHU!

SEEC-Euskadik (Sociedad Española de Estudios Clásicos) EHUri hori argitzeko eta aldatzeko eskaera egin dio eskutitz bidez eta erkidegoko Latin edota Grezierako irakasleok gure sinaduraz babesa eman diogu. EHUk honi buruz esateko duena irakurtzeko irrikan nago. Badira pare bat urte jada, nire ikasleekin batera gai honi buruz eskutitza idatzi genuela, change.org-n irakasle mordoxka batek sinatu zuela eta EHUk fakultate bakoitzaren erabakia zela erantzun zigula. Hitz egiteko dekanoekin. Hor konpon! Pilate style.

Eta gauzak nola diren: Bingen Zupiriak, apirilaren 29an, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, udaletxeetan edota euskaltegietan lan egiteko euskal filologo nahikorik ez dagoela zioen (beno, institutuetan klaseak emateko ere ez dago filologo gehiegi...). Bere azalpena: azkeneko urteetan «letretako ikasketa asko bigarren mailan geratzen ari direla» (sic). Futbolean antzera, mailaz jaitsi dira, ala zerbaiten eraginez geratu dira «bigarren maila» horretan? Zientzia eta steam-en aldeko etengabeko kanpaina sutsuak izango du zerikusirik, ala? Ez du inork pentsatuko halakoak ustekabean eta supituki gertatzen direnik, ala?

(Euskal) filologoak falta dira, gazteek letrak ikasten ez dituztelako. Gazteek ez dituzte letrak ikasten, humanitateak guztiz gutxietsita daudelako. Humanitateak gutxietsiak daude, gizarteak mespretxatzen dituelako. Gizarteak mespretxatzen ditu, letrek eguneroko bizitzan ezer gutxirako balio duten ideia hori oso zabaldua dagoelako. Eta ideia hori hain hedaturik egotearen arrazoietako bat azken hamarkadan steam-en propaganda itsua besterik izan ez dugula da. Instituzioetatik egin den propaganda bortitza. Eta Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics honen burrunba amaiezinaren ardura har dezatela hartu behar dutenek.

O tempora, o mores! Garai eta ohitura kaskarrak humanitatearentzat. Humanitas denok gara.

'ADDENDA ET CORRIGENDA':2021eko maiatzaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, EHUri buruzko ebazpenean (2021/03/20) zera adierazten da: «Hezkuntza arloko hiru fakultateek eskatu zuten Haur Hezkuntzako Gradurako eta Lehen Hezkuntzako Gradurako onarpen nota kalkulatzeko parametroak alda zitezen. Aldaketa hori 2021eko martxoaren 18ko unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen». Zer? Ba Artearen Oinarriak, Matematikek bezala, x0,2rekin haztatzea! Eta Latina?Latina ez. Hau iraingarria ez ezik, diskriminatzailea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.