Oraindik zerrendarik gabe

Europako funtsetarako egitasmoez xehetasunik ez du eman Pedro Azpiazuk. Espainiako Gobernuaren prozeduraz zalantza asko daudela dio. Oposizioak informazio falta salatu du

Pedro Azpiazu, atzo, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun batzordean. ASIER BASTIDA / IREKIA.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Catenaccio-a nagusi, oso laua joan zen atzo Europako suspertze funtsei buruzko Pedro Azpiazuren atzoko agerraldia. Oposizioak ez zuen lortu haren defentsa hausterik, eta sailburuak jarraitu zuen Europako Suspertze Funtsetara Jaurlaritzak aurkeztu asmo dituen proiektuen zerrendarik eman gabe, nahiz eta Azpiazuk esan gaiari buruz «egindako lanaren unean uneko emaitza azaltzera» zetorrela. Ziurrenez, guztiak ikus-entzule ugariagoko partidara zeuden begira, datorren asteazkenean Europako funtsei buruz Eusko Legebiltzarrean egingo den bilkura monografikora.

BALDINTZAK ETA LEHEN BERTSIOAK

Joko arauak azpimarratuz egiten hasi zuen Azpiazuk Ekonomia eta Ogasun Batzordeko mintzaldia: «Europak lupaz begiratuko du plan bakoitzak jasotako osagaiek beren egutegia izan dezatela bete beharreko mugarriekin, horiek ez betetzeak baldintzatu egiten baitu Erresilientzia Mekanismoko funtsak jasotzea. Horregatik, proiektuek errealistak eta bideragarriak izan behar dute».

Epeei buruz, «daukagun informazioaren arabera, Espainiak urtarrilean bidali nahi du Europara bere planaren lehen bertsio bat, eta, ondorioz, Euskadik bere lehen bertsioa hilabete honetan bidali behar du», aipatu zuen Azpiazuk. Izan ere, Bruselako mailara joan aurretik, Espainiako ligan ere jokatzen dira Europako funtsak. Ekonomia sailburuak berretsi zuen funtsetarako proiektuen bere zerrenda hori abenduaren 29an onartuko duela Gobernu Kontseiluak, eta hori ere «lehen bertsio bat» izango dela zehaztu zuen.

LEHEN ZERRENDA HURA

Abuztuan Madrilera bidalitako proiektuen zerrenda hartaz ere hitz egin zuen sailburuak. Azaldu zuen Pedro Sanchezek hala eskatu ondoren bidali zuela zerrenda hura Iñigo Urkullu lehendakariak, erkidegoetako presidenteen konferentzia baten ostean.

IKUSPEGI ESTRATEGIKOA ETA HERRI ARIKETA

«Gaizki ulertuak» sortzen ari den gaia «garbitu» nahi zuen atzo Azpiazuk: «Lehen zerrenda bat zen hura, ez behin betikoa, eta ez du inondik ere Euskadi Nexten onartuko dugun eduki globala jasotzen».

Baina, hala ere, ez zuen Euskadi Nexteko zerrenda horren xehetasun berririk eman, azaro bukaeran jada aletu zituen ildo eta gai orokorrez aparte. Proiektuen zerrenda osatzeko elkarrizketetan dabiltza oraindik, eta, Azpiazuren ustez, egitasmo zehatzak aipatzeak «zarata» sortuko luke. Gaineratu zuen Jaurlaritza osatzen ari den zerrendaren lehentasuna «Euskadik programa estrategiko propioa» izatea dela.

Zerrendarik ez, ezta zerrendara ekarpenik egiteko modurik ere. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kritikatu egin zuten Eusko Jaurlaritzaren jokaera. David Sotok (Elkarrekin Podemos) gaitzetsi zuen gobernuaren azalpen eskasak beti etorri direla oposiziotik eskatu direlako.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, Azpiazu oso berandu zebilen azalpenak ematen: «Hogei egun falta direnean zatoz, gai hau maiatzetik datorrenean». Oteroren ustez, Euskal Herriak bizi duen momentu estrategikoan, Europako funtsekin «herri ariketa bat» egin behar zen, baina EH Bilduk ezin izan du ekarpenik egin, ez delako izan horretarako tokirik eta unerik. Informazio gehiago nahi zuten oposizioko alderdiek, eta EH Bilduk Azpiazuri esan zion hark Madrili leporatzen dion jokabide bera duela.

ZALANTZAK ETA LEIHATILAK

Izan ere, Ekonomia sailburua hein batean kexu zen, Espainiako Gobernuarekin oraindik zalantza asko daudela Europako baliabide horietarako sarbideari buruz, «are gehiago erabaki delarik Estatuko Aurrekontuetan 27.000 milioi euroko diru saila sartzea 2021. urterako».

Eusko Jaurlaritza ikusiz joango da Espainiako Gobernuaren zein leihatilatara jo behar duen «ahalik eta baliabide gehien eskuratzeko». Bai Madrilgoei bai Bruselakoei buruzko zalantza horiengatik, Europako funtsei lotutako diru sail zehatzik gabe aurkeztuko ditu laster Jaurlaritzak bere aurrekontuak, baina lege baten bidez xedapenak izango dira, funts horiek une egokian kontueigehitzeko.

UDALAK

Euskadi Next planeko zerrenda hori prestatzeko orduan soilik EAJk kontrolatutako erakundeekin hitz egitea ere leporatu zion oposizioak Azpiazuri, eta, besteak beste, soilik hiriburuetako udalekin hitz egin izana.

Sailburuak erantzun zien Eudel ari dela parte hartzen prozeduran, eta udalak biltzen dituen erakundeak ziurrenez horri buruzko informazioren bat emango duela gaur egitekoa duen batzarrean. Edonola ere, ziurtatu zuen Azpiazuk, izango dira tresnak eta moduak funts horien eragina udaletara eta tokiko erakundeetara irits dadin.

Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, «oraindik denbora asko izango da hitz egiteko; denbora izango dugu lantzeko eta hobetzeko», eta prozesua «dinamikoa» izango dela gaineratu zuen. «Eta etorriko gara azaltzera. Gaur, oraintxeko emaitza esplikatzera etorri gara, eta oraindik ez da golik egon. Baina gola sartzen ari garenean ere etorriko gara esplikatzera, zein izan diren jokaldiak eta golak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.