Pedro Perez Saez de Ocariz eta Felipe Cendoya Galdos, biak Orenin herrikoak, biak ia adin berekoak eta biak, frankozaleen ustetan, gorriak. Gauzak nola jartzen ari ziren ikusita, Arabatik Gipuzkoara ihes egitea erabaki zuten. Mugatik oso hurbil zeudela, 1936ko abuztuaren 30ean, errekete batzuek atxilotu, hil eta lurperatu egin zituzten. Gaur, 83 urte pasa eta gero, inork ez daki non dauden. Pedro eta Felipe ez dira desagertutako pertsona bakarrak. Araban eta Euskal Herri osoan, ehunka. Estatuan, milaka.
Desagerrarazitako fusilatutako gehienak gizonak izan ziren. Emakume gutxi batzuk ere bai. Eta emakumeak izan ziren herrietan eta etxeetan gelditu zirenak, gizonak ihes eginda, kartzelan edo lurpean zeuden bitartean. Emakume horiek pairatu behar izan zuten frankisten gorrotoa: gosea, ile mozketak, Espainiako banderak ilean jarrita pasearazteak, kaleak eta elizak eskobatzeak, irainak...
Martxan jarritako errepresioa ez zen horretan bakarrik gelditu, gizarteko esparru osoak ukitu baitzituen. Kontrol soziala izugarri zabaldu zen, eta edozein pertsonari buruzko zalantzak edo salaketaren bat agertzen bazen, ikertua eta depuratua izaten zen. Horrela, funtzionario askok lanpostua galdu zuten. Administrazioaren esparru guztien artean garrantzi handia eman zioten irakaskuntzari. Errepublika garaian pixkanaka aurrera ateratzen hasia zen eskola laikoa, berriro putzu beltzean sartu zen, bere osotasunean Elizaren kontrolpean gelditu baitzen. Jaungoikoarengan federik gabeko maisu-maistrak hiltzaileak baino okerragoak zirela esaten zuten frankistek, eta horrela jokatu zuten: inhabilitazioak, deserriratzeak eta fusilatzeak izan ziren baieztapen horren emaitzak.
Frankistek oso garrantzitsutzat jo zuten hezkuntza estatu kolpearen hasieratik; hortik berrogei urteetan jasan dugun eskola, bere parafernalia eta sinbolismo guztiarekin, euskararen debekuarekin. Pentsa dezakegu urte horietan guztietan ez zutela ezer lortu. Agian egia izango da, baina, ez ote ari dira lortzen orain?
Azkenaldi honetan, Euskal Herriko institutuetan oso jarrera kezkagarriak zabaltzen ari dira ikasleen artean. Gehienetan tontakeriak dira, eta askotan probokazio jokoaren zati bat besterik ez dira: Arriba España! oihuak, besoak altxatuta agurtzea, svastikak marraztea, Espainiako banderak margotzea eta geletan jartzea, pintaketa txikiak, Francoren aldeko berbak...
Pentsa dezakegu umekeriak direla, laster pasatuko zaiela, adinaren kontuak direla, ez dakitela zer esaten eta egiten duten... Arrazoia! Ziurrenik ez dakite zer esaten duten, eta horrek zer suposatzen duen. Baina hori guztia oso kezkagarria da. Ezin dugu onartu. Faxismoa ez da txantxa bat. Eta orain mozten ez diren jarrerak, ez bazaie azaltzen ondo eta garbi hori zer den, etorkizunean damutu egingo gara. Jarrera hauetatik beti gelditzen da zerbait.
Alferrik da PISAn emaitza bikainak ateratzea. Alferrik dira matematikak, historia, fisika eta abar, gizarte intolerante, xenofoboa eta faxista bihurtzen bazaigu. Agian, hartu beharko genituzke ordu batzuk matematikak alde batera utzi, eta gauza hauek guztiak argi uzteko.
Egoera eta gertakari horiei buelta ematea gizarte osoaren lana da. Ez da eskolako edo irakasleen lana bakarrik. Lan hau etxeetan ere egin behar da. Emaitza akademikoen gainetik, gure nerabeak pertsonak dira, eta urte gutxitan haiek bideratu beharko dute gizarte hau.
Egoera honekin kezkatuta irakasle batzuk martxan jarri dira. Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuko iniziatiba adibide bat da. Sortu duten web orrian material bikaina dago ikasleekin lantzeko. Hasiera besterik ez da, baina zalantzarik gabe, berandu izan baino lehen, egin beharreko lana.
Denok dakigu Pedro, Felipe eta beste askoren hiltzaile intelektuala non dagoen. Orain dela gutxi lekuz aldatu dute. Ehorzleku berriak ez du aurrekoaren handitasuna, baina eskuin muturreko jarraitzaileentzat peregrinazio eremua izaten jarraituko du. Hantxe daude ere Francoren lagun batzuk: Carlos Arias, Luis Carrero, Carmen Polo, Rafael Leónidas Trujillo eta beste asko. Oroimen lekua diktadoreentzat, mundu osoan parekorik ez duena.
Inork ba al daki non dagoen lurperatuta Hitler? Sobietarrek lana ondo egin zuten, eta haren arrastorik ere ez zuten utzi. Gaur egun, Alemanian, Hitleren apologia egitea legez kanpokoa da. Adolf izena ere ia desagertu egin da. Gaur egun alemaniar gutxi batzuek jartzen diete semeei izen hori.
Espainian ez. Spain is different. Espainian frankismoaren apologia onartuta dago, frankismoaren sinboloak ikusten dira kaleetan, faxistak elkartu egiten dira poliziaren babespean, eta mezak egiten dira diktadorearen omenez. Doan atera zaizkie hilketak, torturak, lapurketak, umiliazioak. Gainera, harro daudela erakusten digute behin eta berriro. Eta, zalantzarik gabe, gai dira berriro sarraskia errepikatzeko.
Francoren hilkutxa ikusi ahal izan genuen Erorien Haranetik irteten. Seguruenik barruan lehortutako momia bat besterik ez da egongo, baina, Franco ez zen hil. Francok bizirik dirau. Adi! Agian gure eskoletan ere bai.
Historia konta dezagun, faxismoa hedatzerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu