Xabier Landabidea Urresti.

Humanitate digitalak Euskal Herritik

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Modan daude humanitate digitalak. Ikusiko zenituzten dagoeneko banketxeen iragarkiak, unibertsitateetako gradu eta graduondokoak, igandeetako gehigarrietako nazioarteko guruak… Eta ikusi ez badituzue, lasai egon, gelditzeko etorri dira-eta, batez ere mundu mailako pandemia honek digitaltasuna berriro lehen planora ekarri digun honetan.

Han-hemenka agertzen diren baina inoiz argi azaltzen ez diren kontzeptu horien indarra haien lausotasunean aurkitu behar izaten da (printzipio honen gailurretako bat 1999 urrun hartan kokatu zen Volkswagen Polo modeloko autoak saltzeko ziritione berba erabili zuenean publizitate kanpaina arriskatu baina arrakastatsu hartan), baina berehala agertzen dituzte haien mugak, lausotzearen lausotzez edozer eta ezer ere ez izateko arriskua datorrelako. Oskol-berbak, edukirik gabeko ontziak, mamirik gabeko azal gelditu daitezke; moda huts, finean.

Kontua da baditugula humanitate digitalen definizioak. Ez da oskol- termino hutsa. Ez da publizitate stunt soila (halakoetarako baliatu nahi izango duenik faltan izango ez dugun arren). Humanitate Digitalek konputazio gaitasunen eta humanitateetako diziplinen arteko harremanak, gurutzaketak, aukerak eta problemak dituzte gai. Hormetan marrazten, soinuak irudiz errepresentatzen edo gailu mekanikoekin paper gaineko kopiak egiten hasi ginenean bezala, teknologiak aldaketak ekarriko ditu gure egiteko, pentsatzeko, gogoratzeko eta izateko moduetan.

Digitalizazioa azkarra eta sakona izaten ari da ia planeta osoan (amildegi lotsagarriak aurkitzen ditugun arren, ingurune digitala ez baita giza desoreka eta bidegabekeriaren historiatik libre jaio den eremu garbi eta orbangabe berri bat). Oso denbora tarte laburrean oinarri genituen ezagutza-objektuak (alfabetoaren letren arabera ordenatutako tomotako entziklopedietan pentsatzen ari naiz, baina hitz egin genezake baita testuliburuez, etxeko telefonoez edo bideokluben amaieraz).

Kaleetako telefono kabina erdi abandonatuen irudiak etortzen zaizkit burura iragatearen ikono bezala. Beste garai bateko naufragoak iruditzen zaizkit, gero eta urrunago gelditzen ari den eta atzean utzi dugun garai bateko ez-objektuak, Marc Augéren proposamena alderantzizkatuz. Eta objektuak ordezkatzeaz gainera, prozesuak ere ordezkatzen ari gara. Jada ez ditugu telefono zenbakiak buruz ikasten, plataforma eta kontuetara sartzeko pasahitzak ahaztea bilakatu zaigu giltzak galtze berria, ia-edozeri buruz ia-edozein momentutan informazioa poltsikoan izatera ohitu gara, lehen hain ohiko genituen apustuak zentzugabe bilakatuz.

Eguneroko objektu eta prozesu soilak dira noski, gauza handirik ez. Baina Michel de Certeauk arrazoia zuen egunerokotasunaren praktiken zentraltasuna aztertzerakoan. Nire ustez, eta Euskaraldia izan daiteke honen paradigma, hor egiten gara pertsona, gizarte eta herri.

Urte aldrebesa izan da, baina izan ditu bere momentu apartekoak ere. Haien artean, zalantzarik gabe, urteroko elkarrizketa, eztabaida eta ikasteko aukera kolektibo bihurtu nahi duen eta aurten UEU eta Errenteriako Udalaren artean elkarlanean HDEH2020 deitu diogun jardunaldia azpimarratuko nuke. Beste hainbati bezala ia-dena aldrebestu zaigu aurtengo jardunaldiak antolatzerako orduan, eta topagune fisiko izateko asmoa zuena esperimentu teknologiko akzidentatu bilakatu zaigu: glitch eta inperfekzioz josia eta gurutzatua, zirriborroaren gainean zirriborroa, plangintzaren gainean inprobisazioa.Baina Martin Etxauri Sainz de Murieta Txo! eta Okela Sormen lantegiko Irati Urrestarazu eta Sahatsa Jauregik jardunaldiaren lehen blokean aipatu bezala, batzuetan interesgarria da tresna hausten denean, teknikak huts egiten duenean, prozesua arrarotzen denean, honek «ezezagunaren esparrura itzultzek» aukera eskaintzen baitigu.

PJ Harvey musikariak tarte batzuez gitarra utzi egiten omen du, teknikarekin erosoegi ez sentitzeko eta soinua garbiegia, aratzegia bihur ez dadin. Zentzu horretan, HDEH2020 honetako arazo teknikoak emankorrak izan dira tresna eta prozesuez hitz egiteko ez ezik tresna eta prozesuek ere hitz egin dezaten. John Culkin jesulagun, irakasle, ikerlari eta humanitate digitalen aitzindariak bere lagun Marshall McLuhani buruz idatzitako gidan jasotako esaldia moldatu nahi izan dugu, gure egoera ondo jasotzen duelakoan: tresnak sortzen ditugu, tresnek sortzen gaituzte.

Glitchak glitch Teknologia, artea eta sorkuntza, Ikerketa, ezagutza eta zabalkundea eta Artxiboa, banaketa eta kontsumoa-ren inguruko solasaldi garaikide eta ezin interesgarriagoak jaso ditugu bideoz eta audioz, eta, zuzenean jarraitu ahal izateko ez ezik, gerora kontsultatu eta eztabaidatzeko moduan ere biltegiratu ditugu. Eztabaida ez dugu amaitu ardatz bakar batean ere, guztietan altxatu behar izan dugu gosez mahaitik, eta guztietan egin zaizkigu labur hizlariei irekitako tarteak; baina jakinaren gainean geunden, hor ez dugu plangintza hautsi: hori zen berez asmoa.

Humanitate Digitalak definitzeko ditugu oraindik Euskal Herritik. Zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.