Zenbakiak, taulak, portzentajeak, big data. Analisi estatistikoaren garapen sofistikatuari esker, antza, gobernu garaikideek informazio gehiago daukate eskura, politika eraginkorragoak diseinatzeko eta errealitate soziologiko zein joera ekonomiko-politikoen erradiografia zehatzagoa edukitzeko. Zorionekoak gu. Ondo gobernatuak izateko eskubidea behintzat bermatuko digute.
Paradigmatikoa da Gobernu Txinatarrak abian jarritako Kreditu Sozialaren Sistema (KSS) programa. Bertan, herritarren onarpen, estatus edo maila soziala neurtzeko metodo bat ezartzen da 350 puntutik 950era iristen dena. Big data ahalguztiduna erabiliz, irizpide batzuk ezarri dituzte, herritarrak sailkapenean puntuazio bat edo beste lortzera daramatzatenak. Egunero dituzten jokabideen, ohituren edo gustuen inguruko neurketa aplikatzen dute horrela, etengabe datuz hornitu behar den start-up ultragaratu baten bidez. Noski, puntuazioan gorago edo beherago egoteak badu ondoriorik pantaila bateko sailkapenetik haratago, eguneroko behar errealetan islatzen da: estatuaren diru-laguntzak lortzeko orduan, kalitatezko lanpostuetarako sarbidean, prestigiozko ekitaldi sozialetarako sarrerak eskuratzean edota finantza erakundeetatik maileguak jasotzerakoan. Ia zientzia-fikziozkoa dirudien diseinu sasibirtualak hortaz, ondorio material ukigarriak dakartza, klase sozialen arteko banaketa oraindik gehiago arrakalatzen duena.
Ez dago, ordea, Asiako erraldoiarenganaino joan beharrik kreditu sozialen antzeko sistemekin topo egiteko; Alemaniako eta Italiako gobernuek ere big datan oinarrituriko sistemak jarri dituzte martxan, geureDiru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Langabezia tasaren antzeko diru-laguntzak lortu nahi dituztenentzat. Nolabait, sistema horietan parte hartzera behartzen dute langabezian, bazterkeria egoeran edo oro har biziraupenerako oinarrizko baldintza materialak kolokan dituen edozein. Portaera sozialak diziplinatu nahi dira, gizarte psikologiak esango ligukeenez. Izaerak baloratzeko tresna bat garatu dute azken finean, kapitalismo garaikidea elikatuko duten jokabideak barneratu ditzaten. Italiaren kasuan, Cinque Stellek bultzatutako Reditto di Cittadinanza proiektuak logika hori darama zainetan; herritarrentzako errenta unibertsala eta behar material oinarrizkoak bermatzearen izenean, lan eta mugikortasun behartuak onarrarazteko tresna aplikatu dute, plataforma digital sofistikatua jarriz zaindari lanak egiten. Diru-laguntzak jaso nahi dituztenen bizi-ibilbideak marraztu gura dira. Mezua, argia: Estatuko diru-laguntzak jasotzeko eskubidea duzu, baina portatu ondo, badaezpada.
Nolabait, balioaren giharrak puzten jarrai dezan, jada ez da nahikoa egunero zortzi orduz (edo gehiagoz) produkzioaren kate zoro amaigabean buru-belarri aritzea: giza esperientziaren adar guztiek egon behar dute Barne Produktu Gordina hazteko prozesuan murgildurik. Balioa edonondik xurgatzeko modua asmatu dute, biztanleria aztertzeko baliabide soziometriko horiei esker. Sakoneko oinarri antropologikoen eraldaketa prozesu kezkagarria bizi dugu; orain gutxi arte, merkatuaren hartu-emanak produktibo egin behar zireneko printzipio ekonomikoa gailendu izan da; gaur ordea, gutako bakoitzaren bizitza produktibo egiten duen printzipioa nagusitzen ari da. Ford-ek produkzio moduak irauli zituen, Google-k bizimoduak irauli ditu. Bizitza balioari emana.
Geure gorputzak nahieran egokitzen eta bere elikagaitzat duen birus oldarkorra nola, hedatzen ari den ekonomia mota hori geure gihar eta hezurretaraino iristen da, gorputzak okupatzen dizkigu. Egiten dugun edozer, eguneko momentu oro dago neurtua algoritmikoki, geure jokabideak, helburuak eta ametsak izena horren ongi jarria duen giza kapitala puztera bideraturik egon daitezen. Algoritmoek egiten gaituzte. Paradoxa historikoa, ordea, zera da: kontrolerako sistema aurreratu horiek ez dira estatu edo merkatuen inposizio esplizituz eratorri, kapitalismo garaikidean puri-purian dauden behar eta desiren arteko joko finetik baizik. Geuk hornitu dugu datu-basea.
Txinan, Estatu Batuetan, Alemanian edo Italian orokortzen ari den gobernu sistema geure lurretara iristea denbora kontua da (dagoeneko iritsi ez bada), zaintzapeko kapitalismoak ez baitu muga politikoez ulertzen. Agian, sekula aurrez ikusi ez dugun botere, jakintza teknologiko-militar eta aberastasunaren pilatze ia neurrigabekoa ehuntzen ari da egungo nazioarteko botere-harremanen konfigurazioan. Kontrol sozialerako aukerak biderkatu dira, ibilbide eta esperientzia subjektibo zehatzak diseinatzearekin batera. Batetik, alor pribatu-merkantilean, bezeroen informazio jario etengabearen bidez kontsumo-ohitura, zaletasun eta gustu estetiko nagusiak zein diren inposatzeko ahalmena dute Amazon, Google edo Facebook moduko erraldoiek; bestetik, alor publiko-estatalean Kreditu Sozialen Sistema edo Reditto di Citadinanzza moduko esperientzien bidez herritar zintzo-eredugarri diziplinatuen produkzio postmodernoari ekin diote.
Aurrez egon izan diren esperientzia historikoei eskerrak jakin badakigu, ordea, zibermerkatu automatizatu sofistikatuenak ere ezingo duela baldintzatu ehuneko ehunean harreman sozial zein politikoen biharko konfigurazioa. Badatorren teknologia gaitasun hori guzti hori bestelako abiapuntu batean kokatzen asmatzea dagokigu, zentzu kolektiboz eta gaur hain iraultzaile diren balio errepublikanoez ondo ereindako lurzoruan; izan ere, algoritmoen erritmora antolatzen den aulki jokoak ez du nahi banan-banan parte-hartzaileak kanporatzerik, denak aulki berberean esertzea baizik, bata bestearen gainean, elkar itoz.
Algoritmoen aulki jokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu