Sortzaileak

2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Azkenaldian ezker-eskuin agertzen ari dira sortzaileen gaineko iritziak eta ekimenak. Bazen garaia pentsatuko du askok, arrazoi osoz. Sortzaileak eta artistak kulturaren oinarririk garrantzitsuenetakoak dira, euren lanik gabe ez baitago ezer, ez dago ez literaturarik, ez antzerkirik, ez arterik, ezta musikarik ere. Kulturaren ekosistemaren barnean, ordea, sortzaileak eta artistak dira euren lana prekaritaterik izugarrienean garatzen dutenak. Ez dugu orain hitz egingo sormen lana garatu eta erakutsi ahal izateko espazioen beharraz eta horien baldintzen gainean. Ez gara mintzatuko kulturari, orokorrean, eta sortzaileei, bereziki, hedabideetan eskaintzen dieten espazioez. Ezta kultur programazioetan eta espazio publikoetan inexistentziara kondenatutakoak direnei buruz. Ez ditugu aipatuko diru zein bestelako laguntzak jasotzeko dauden zailtasun burokratikoak. Horiek guztiek, jakina, arrunt baldintzatzen dituzte sortzaile eta artisten lan ekoizpenak. Hainbeste baldintzatu, ezen, uste baino gehiagotan, ez dira egiten nahi diren lanak, merkatuak agintzen dituenak baizik; sortzailearen sormen askatasuna ezbairik gabe baldintzatuz, sormen lanak merkantzia huts bihurtuz; kultur eskaintza aske, anizkuna eta kritikoa baldintzatuz; herri batek beharko lukeen kultur kritiko, aurrerakoi eta berritzailea bazter bidera igorriz.

Gai horiek guztiak aspalditik hitzetik hortzera dabiltza irteerarik gabeko bukle maltzurrean. Badago arlo bat, baina, gutxitan aipatzen dena, publikoki behintzat, eta oinarrizkoa iruditzen zaiguna. Sortzaile eta artisten lan prekaritatea arazo larria da kulturaren arloan, batez ere azken hamarkadetan, profesionalizazioaren nahia eta hautua aski zabaldu denean euskal sortzaile eta artisten artean. Lan artistikoak ezegonkortasuna, aldizkakotasuna eta heterogeneotasun izugarria dauka beste lan esparruekin alderatuz gero. Zoritxarrez, gutxitan aipatu ohi da artisten eta sortzaileen langile izaera, euren lana, gustukoa dutenez, lanordu gehienak ezkutuan geratzen direnez (prestaketak, ikerketak, entseguak...) eta irudi mediatizatu bat erakutsi ohi denez, ez baita «benetako» lan gisa identifikatzen. Artista baten soldata ere definigaitza izan ohi da, gehienetan gainontzeko langileen, hilabeteko soldata ideiarekin zerikusirik ez duena, edo lanorduak emanaldia irauten duen denbora horrekin identifikatzen dela soilik. Irakurle batek ez daki idazleak zenbat kobratuko duen liburua idazteagatik, ezta zenbat denbora eman duen idazteko ere. Liburua garesti iruditu zaionez, usteko du idazlea urre artean bizi dela. Aktoreak sari ezaguna jaso duenez, hedabideetan elkarrizketatu dutenez, usteko du antzezlan edo film horretan bere lana gustukoa izan duenak sekulako bizimodua daramala. Izan ere, jendartera proiektatzen den artisten eta sortzaileen irudia ez da langile arrunt batena, pribilegiatuarena baizik. Are gehiago, ez da pentsatuko langilea denik, beste «zerbait» baizik. Errealitateak bestela dio.

Espainiako Gobernuaren datuen arabera, Gizarte Segurantzan 2018. urtean afiliatutako artistak 197.187 ziren. Horietatik, 70.445 gutxienez 20 eguneko jarduna izan dute; eta horietatik euren lanagatik lan tarte horretan, %20ek (14.089) bakarrik jaso dute hiru aldiz lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik gorako soldata. Iturri beraren arabera, kolektibo horren urteko jarduerarik gabeko denbora zortzi hilabetekoa da. Ikusten denez, prekaritatea ezaugarririk nabarmenena da sortzaile eta artistengan. AISGE Espainiako interprete eta sortzaileen kudeaketa elkarteak, berriz, ikerketa bat argitaratu zuen 2016an, zeinen arabera Espainiako aktoreen artean %8,17 bakarrik bizi daiteke bere lanetik, urtean 12.000 eurotik gora irabaziz. Datu kezkagarri gehiago ematen ditu. Lan egiten duten aktore eta dantzarien artean (%43), erdiak baino gehiagok ez ditu urtean 3.000 euro ere irabazten. Deigarria da lan esparru honetan ere, emakumeek gutxiago irabazten dutela, zailtasun gehiago dituztela lana aurkitzeko.

Hego Euskal Herriko sortzaile eta artistak egoera honen barnean sarturik ikus dezakegu beraien lan egoera prekaritateak eta pobreziak jota dagoela. Eta datu horietan euskaraz aritzen direnen egoera are zailagoa izan daitekeela pentsa dezakegu. Baina euskal sortzaile eta artistak bi estatu artean banatzen dira Frantziako eta Espainiako legediak ezberdinak izanik horien arteko lan egoeran ere aldea dagoelarik. Frantziako Errepublikan babes handiagoa ematen zaie Intermitenteen legediaren bitartez. Horrek esan nahi du euskal sortzaile batek lan egoera ezberdina izango duela mugaren alde batean edo bestean biziz gero.

Horrek guztiak argi erakusten digu ezinbestekoa dugula Euskal Artisten Estatutua, non euskal jendartean sortzaileen eta artisten garrantzi soziala aldarrikatzen den. Horrekin batera, prekaritateari aurre egiteko hainbat neurri planteatu beharko lirateke, kulturaren sektore honen lan duina bideratuz. Euskaraz sortzen dutenek ere nolabaiteko hobariak eta errekonozimendua beharko lituzkete, jendartean dagoen hizkuntz egoera diglosikoa sorkuntzan ere oreka dadin. Estatutu horrek ere bere jarduna Euskal Herrian garatzen duen edozein sortzaile eta artistaren berdintasuna ziurtatu beharko luke Bidasoaren alde batean edo bestean bizilekua izanik ere. Eta, jakina, emakume sortzaileen diskriminazioa ezabatu beharko luke.

Euskal jendartearen zutabeetako bat beharko lukeen kultura sendo eta aurrerakoia ezin da garatu, sortzaile eta artisten lan prekaritatearen egoerari irtenbide duin eta justua eman gabe. Egoera horren konponbideak lagunduko luke jendarte justuagoa, kritikoagoa, berdinagoa eta ez kontsumista eraikitzen, balio ez-merkantilistetan, berdintasunezkoetan eta aurrerakoietan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.