Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren inguruko Arkaitzerrekan izandako amoniako isurketaren inguruko txostena Epronak (Guardia Zibilaren ingurumen delituak ikertzeko EAEko taldea) egin izanak haserrea eragin du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailean, Ertzaintzaren eskumenak «urratzea» egotzi baitio, berriz ere, Guardia Zibilari.
Eztabaida 2019ko abenduan piztu zen lehenengoz, Guardia Zibilak iragarri baitzuen ingurumen delituak ikertzeko talde bat sortzera zihoala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduteko. Jaurlaritzak eskuduntzak bere gain hartzea egotzi zion Madrili. Talde ekologisten artean, baina, eztabaida beste ikuspegi batetik hartu dute. Izan ere, Guardia Zibila sartzearen alde azaldu ez arren, beharrezkotzat jo dute Ertzaintzak alor horretan daukan hutsunea norbaitek betetzea.
Ertzaintzaren ingurumen delituetarako brigada 2010ean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Sei agente zituen orduan, eta zortzi ditu gaur egun. Nafarroako Foruzaingoak ere badu antzeko talde bat, 30 agenterekin, eta Tutera eta Iruñeko polizia etxeetan aritzen dira lanean. Ipar Euskal Herrian, jendarmeak eta poliziak aritzen dira ikertzaile moduan.
«Giza baliabideen eta materialen falta» izatea egotzi izan diete ekologistek Ertzaintzaren taldeari, eta baita beharrezko espezializazio eta formakuntzarik ez izatea ere. Oskar Padura Eguzkiren abokatuak ohartarazi du gero eta delitu gehiago salatzen dituela gizarteak, baina hori ez dela gero islatzen ikertzera edo epaitzera iristen diren auzi kopuruan. «Jatorrian oso txikia zen Ertzaintzaren talde hori, eta geroztik ez dute garatu behar zen moduan, ez taldea handituz, ez haren espezializazio mailan sakonduz».
Izan ere, ingurumen delitua konplexua dela ohartarazi du Padurak, eta, horri heldu ezean, delitugileak irabazle irteteko aukera gehiago daukala. «Aspalditik ari gara eskatzen handitzeko Ertzaintzaren brigada horren ahalmenak. Parlamentuak ere gauza bera egin du, baina Jaurlaritzaren erantzuna izan da ertzain guztiak direla ingurumen agenteak eta ez dela beharrezkoa. Gauza bera litzateke esatea denak direla narkotrafikoaren inguruko agenteak», dio Padurak.
Delitu bakoitzak badauzka bere berezitasunak. Esate baterako, ohikoa da basa faunari pozoiak jartzea, eta talde ekologistek eskatu izan dituzte txakur bereziak horiei aurre egiteko. Jaurlaritzak erantzun izan du ezetz. Espainiako Ingurumen Fiskaltzak agerian utzi ditu ingurumen delitu batzuetan EAEn dauden gabeziak; esate baterako, 2018ko txostenean aipatzen zuen baliabide falta dagoela Bizkaian nahita piztutako baso suteak ikertzeko. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, esate baterako, ingurumen delitu bakoitza ikertzeko talde espezializatuak daude (ehizarako, baso suteetarako, uraren kutsadurarako, hirigintzarako...)
Hego Euskal Herrian, ingurumen delituak ikertzeko aukera daukate Ertzaintzak, foruzainek, udaltzainek eta basozainek. Fiskaltzak eskatuz gero, Guardia Zibilak ere badu, polizia judizial moduan, haiek ikertzeko aukera. Hain zuzen ere, hori gertatu da Zubietan. Salaketa epaitegian jaso ostean, Fiskaltzak Guardia Zibilari eskatu dio ikertzeko. Erraustegiko lau arduradun ikertzen ari dira ingurumen delituagatik.
Nolanahi ere, hainbeste kolektibo egoteak koordinazio falta ere eragin du zenbaitetan. Horri aurre egiteko, eta Arartekoaren ekimenez, hainbat bilera egin dituzte judikaturako ordezkariek, talde ekologistek, basozainek eta polizia ezberdinetako ordezkariek. Hortik fruitu gutxi heldu delakoan da Javi Vazquez Ekologistak Martxan-eko kidea. «Irizpideak bateratzea eta protokoloak zehaztea zen bilera horien helburua, eta, guk dakigula, ez zen inongo protokolorik adostu».
Gogoan du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkide eta ingurumen gaietako arduradunak aurreko agintaldian gai horri buruz egindako lana. Funtsean, Jaurlaritzari egindako eskaera nabarmendu du; hots, ingurumen delituetarako brigada indartzeko. «Bat egin genuen ekologistek, alderdi batzuetako ordezkariek eta erakunde batzuek. Egin ziren agerraldiak, eta lortu zen legez besteko proposamen bat onartzea. Bi puntu zeuden: unitatea indartzea eta departamentuen arteko mahai bat eratzea, ingurumen eta segurtasun sailen artean. Baina bakoitza alderdi baten esku zegoen, batean EAJ eta bestean PSE-EE, eta EAJk ez zuen interesik gai horretan. Beraz, koordinazio mahaia bildu ere ez zen egin».
Basozainen kexa
Egoera horrekin etsita, gaian interesa daukaten pertsona eta eragile batzuk harremanetan jarri ziren Guardia Zibilarekin. «Eta Guardia Zibilak zer gehiago behar du: guztiz jarrera irekia dauka, noski. Guk kontraesan bat daukagu horri dagokionez, zeren ingurumen delituak ikertzea nahi baitugu, baina ez dugu nahi Guardia Zibilak sarbide bat izatea», dio Oterok. Ingurumen brigadaren inguruan dauzkan asmoez galdetu die BERRIAk Eusko Herrizaingo Saileko arduradunei, eta erantzun diote oraingoz saila antolatzen ari direla, eta goiz dela horretaz hitz egiteko.
Gaiari gertutik jarraitzen diote basozainek ere. Bere izena gordetzeko eskatu duen Gipuzkoako basozain batek honela azaldu du bere iritzia: «Guk badugu gai honetan aritzeko eskumena, eta norbait harrapatzen badugu babestutako espezie bati tiro egiten edo su bat pizten, ikerketa egin dezakegu. Zein da kontua? Ez daukagula nahikoa formakuntzarik, ez nahikoa jenderik, ezta nahikoa baliabide tekniko eta materialik ere behar den moduan aritzeko». Azken finean, honela laburtu du egoera: «Ez gu eta ez ingurumen ertzainak ez gaituzte maite, eta ez dute nahi lan hauek egitea. Zergatik? Uste dutelako ingurumen delituei jazarriz gero traba bat izango dela garapen ekonomikorako». Basozainak diputazioen menpe daude, eta, guztira, 280 bat daude Hego Euskal Herrian.
Koordinazio falta
Arartekoak gidatuta hainbat erakundek egin zituzten kontrol bileren ostean, ingurumen akta bat ezartzea erabaki zuen Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren egoitzetan, herritarrek ingurumenarekin zerikusia duten falta edo delituen berri emateko. Akta horrek ere ez duela behar bezala funtzionatzen salatu du Javi Vazquezek: «Ideia litzateke aktan jasotzen diren salaketa eta gertaerak ingurumen brigadara helaraztea, hark erabakitzeko delitua den edo ez. Baina ez du funtzionatzen; polizia etxe batzuetan akta egiteko aukera ematen dizute, eta beste batzuetan ez. Kasu askotan, agenteek ere ez dakite zer den.».
Ekologistak Martxan-eko kidearen iritziz, fiskaltzak ez badu salaketa aintzat hartzen, Poliziak ere ez du ikertzen. Horrela, ingurumen delitu asko ikertu gabe geratzen direla iritzi dio. «Brigada honek hastapeneko bitarteko berak ditu. Ez da behar den moduan bultzatu, eta horren isla da polizia etxe askotan ez dakitela badenik ere. Orduan, Jaurlaritzak bere lanak egiten ez dituenez, Guardia Zibila heldu da, eta Jaurlaritza kexaka hasi da eskuduntzak kentzen zaizkiolako. Ondo, bada, eman Ertzaintzari behar diren bitartekoak, eta, gero, kexatu».
Kazeta honekin hitz egin duen basozainak modu grafiko honetan azaldu du egoera: «Ikusi duzu Guardia Zibila trafikoan sartu nahian? Hori ez zaie okurritu ere egin, alor hori ondo beteta dagoelako. Ingurumen arloan ez da gauza bera gertatzen». Izan ere, oso gai sentiberak dira ingurumen alorrekoak. Auziak irekita daude Aralarko mendi pisten inguruan, Zaldibarko zabortegiaren auzian eta Zubietako erraustegian. Andaluzian, esaterako, basozainek ahalmena daukate ikerketak egiteko zabortegietan. «Hemen zergatik ez dira bultzatzen gauza horiek? Guk esaten duguna da ez dagoela interesik. Basozainok gutxi gara, eta formakuntza asko gure dirutik ordaindu behar izan ditugu. Gipuzkoan baso suteei aurre egiteko talde bat badago, hori ere gure ekimenez sortua».
Formakuntza eta baliabide gehien dituena delako, askotan, Ingurumen Fiskaltzak berak Guardia Zibilari ematen dizkio ikerketak. Horretan bat datoz eragile guztiek. «Ertzaintza polizia integrala baldin bada, beste polizia batzuek lortu duten garapen eta espezializazio maila lortu behar du, eta, egun, gauzak ez dira horrela», adierazi du Padurak. Eta gauzak horrela diren bitartean, aitortu du Eguzkik berak ere jo izan duela Sepronara. «Momentu jakin batean, arazo bati erantzuna eman behar diotenek ez badiote erantzunik ematen, bada, etor daitezela beste batzuk ematera».
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Ertzaintzak tramitatutako arau hauste penalek gorabehera gutxi izan dituzte urte hauetan. 2012tik 2017ra 730 salaketa erregistratu ziren polizia autonomikoaren egoitzetan. Espainiako Ingurumen Fiskaltzaren arabera, 2007an 130 delitu zenbatu zituzten, eta hamarkada bat geroago, 600; beraz, aurrekoa halako lau. Ertzaintzak jasotako datuetan ez da halako hazkunderik ikusten, 2012an 146 arau hauste erregistratu zituen, eta 2017an, 107.
Ertzaintzaren «hutsuneei», Sepronaren itzala
Jaurlaritza kexu agertu da Guardia Zibilak talde bat sortu duelako ingurumen delituak ikertzeko. Ekologistek azpimarratu dute Ertzaintzak horretarako daukan taldeak gabeziak dauzkala agente kopuruan eta baliabideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu