Anonimoki zabaldutako zurrumurruak hedatu ziren sare sozialetan joan den igandean, Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren heriotzaren inguruan. 1999tik, Imrali uharteko espetxe batean dago PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzailea. Ocalanen abokatuek ez dute hura ikusteko aukerarik izan 2019ko abuztuaren 7tik, eta harekin azkenekoz hiz egin zuena senide bat izan zen, telefono dei bat izatea baimendu baitzioten, 1999tik lehen aldiz. Serbay Koklu Ocalanen abokatuarekin hitz egin duBERRIAk, mugimendu kurduaren aurkako erasoak gogortu diren eta Turkiako fiskalburuak botere judizialari HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ilegalizatzeko eskatu dion garaian.
Noiztik ez duzue harremanik Ocalanekin?
Iazko apirilaren 27tik ez dugu jaso gure bezeroaren, Ocalan jaunaren, berririk. Bere senideekin eta abokatuekin elkartzea galarazita dauka, eta bestelako komunikazio bideetarako aukerarik ere ez dauka: eskutitzak, faxak eta telefono deiak. Beste modu batera esanda, kanpoko munduarekiko konexio oro moztuta dauka.
Haren heriotzaren inguruko zurrumurruak hedatu dira. Zer dakizu horren inguruan?
Martxoaren 14an, haren osasun egoerari buruzko zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, eta hil egin zela ere zabaldu zuten. Martxoaren 15ean hura bisitatzeko eskaria egin genuen, eta egunero ari gara horretan saiatzen, baina ez dugu jaso erantzunik. Fiskaltzak ohar bat atera zuen martxoaren 16an, esanez Ocalan jauna osasun egoera onean dagoela, baina ez daukagu hori baieztatzeko modurik.
Zer iritzi duzu fiskaltzaren ohar horren inguruan?
Guk ulertu dugunaren arabera, fiskaltzak adierazpen hori egiteko beharra sentitu zuen, zurrumurruen aurrean izandako berehalako erantzun demokratikoagatik, zeina ez baitzen Turkiara soilik mugatu, eta gaiarekiko dagoen sentsibilitateagatik. Hala ere, zeharkako adierazpen horrek ez gaitu asebete, eta Ocalan jaunarekin elkartzeko dugun eskubidea errespetatzea eskatzen dugu, hark zuzenean informatu gaitzan bere osasun egoeraren inguruan. Koronabirusarekiko zaurgarriena den adin tartekoa da gure bezeroa. Zuzenean harekin hitz egin beharra daukagu, haren baldintzei eta osasun egoerari buruzko informazioa haren eskutik jasotzeko.
Nondik dator halako gorrotoa Ocalanekiko?
XX. mendean heriotza aurreikusi zen herri kurduarentzat, eta genozidioaren mehatxupean zegoen berau zatitzen duten lau estatu nazioetan. Esan daiteke hilobiko isiltasunera kondenatuta zeudela kurduak. Alabaina, Ocalan jaunaren iritsierarekin zentzua hartu zuen errautsetatik berpiztu esamoldeak. Kurduena oinarrizko auzia da Ekialde Hurbilean; odol eta malko itsaso bat izateari utzi, eta Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko gakoabihurtu da, modernitate demokratikoari eta nazio demokratikoaren irtenbiderako Ocalan jaunak garatutako kontzeptuei esker. Nazioarteko potentziak gogaitzen ditu horrek; batez ere, Ekialde Hurbilean interesak dituzten nazio estatuak.
Arrazoi horrengatik, Ocalan jauna nazioarteko konspirazio baten jopuntuan egon da, eta bakartzea eta torturak jasaten ditu, 1999an Imrali uhartean espetxeratu zutenetik. Alabaina, egoera horrek berak kontrako efektua ere izan du, eta porrotera eraman ditu nazioarteko konspirazioa sortu zutenak. Kurduen erabakimen askea bakartuta eta torturen menpe izan nahi dutela irudikatzen du Ocalanek, eta baita hark planteatzen duen nazio demokratikorako irtenbidea ere.
Zurrumurrua Newroz eguneko [kurduek urte berria ospatzen duten eguna] ospakizunak baino egun gutxi lehenago zabaldu zen. Kasualitatea al da?
Erasoak areagotu egiten dira urteurren garrantzitsuak diren egunetan; Ocalan atzeman zuten egunaren urteurrenean, otsailaren 15ean, eta Newroz egunean, martxoaren 21ean, kasurako. Newroz egunean, kurduek euren berpizkundea ospatzen dute, eta berpizkunde horren arkitektoa Ocalan jauna da. Horregatik, informazio hori Newroz egunaren aurretik zabaltzea askatasun eskariaren aurkako mezu moduan har daiteke.
Zer espero duzu nazioarteko komunitatearengandik eta atzerriko instituzioengandik?
Nazioarteko instituzioen parte da Turkia, konpromisozko hitzarmenak baititu haiekin. Imraliko kartzela ere nazioarteko kontrolaren menpe dago, baina, zoritxarrez, hango egoerari ez ikusiarena egiten zaio, eta zulo beltz bat bihurtu da. Hori garbi ikusten dugu, eta etengabe salatzen dugu. Ez da legezkoa Turkia Imralin egiten ari dena, eta nazioarteko erakundeek ezin dute jarraitu hori onartzen. Guk nazioarteko instituzioei eskatzen dieguna da Turkiari modu irmoan eta argian exijitzeko aplika dezala giza eskubideen hitzarmenetan jasotakoa.
Serbay Koklu. Abokatua
«Imraliko kartzela zulo beltz bat bihurtu da»
Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren heriotzaren inguruko zurrumurruak hedatu dira azken egunetan sareetan, baina Turkiak gezurtatu egin ditu. Haren abokatuek ez dute Ocalanen osasun egoeraren berririk, espetxean bakartuta eta inkomunikatuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu