«Bosnian gerra ez da inoiz amaitu»

Bosnia eta Herzegovinan genozidioa eta gerra krimenak ukatzea debekatu dute joan den uztailaren 28an. Erabakiak batzuen poza eta besteen haserrea eragin zituen: Bosniako Serbiar Errepublikak boikoterako deia egin du.

Edvin Kanka Cudic. BESTEAK.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Genozidioa eta gerra krimenak ukatzea debekatzen duen legeak areagotu egin zuen Bosniako komunitateen arteko tentsioa, eta krisi politikoaren atarira eraman du gobernua. Valentin Inzko Bosnia eta Herzegovinako Federaziorako Europako Batasunaren ordezkari berezi ohiak hartu zuen erabakia, joan den uztailaren 28an. Bosniako Serbiar Errepublikako lehen ministro Milorad Dodikek legea baztertu, eta herrialdeko instituzio nagusiak boikotatzeko deia egin zuen. Legea onartu ondoren sortutako giro nahasiak agerian utzi du Bosniako herritarren iritzien arteko talka, eta baita komunitate bakoitzak bere egia defendatzen duela ere. Horrela adierazi dio BERRIAri Edvin Kanka Cudicek, Bosniako UDIK Ikerketa Sozialerako eta Komunikaziorako Elkarteko koordinatzaileak.

Hamar urtean lehenbizikoz, eta bere agintaldia amaitzear zela, Inzkok berezko dituen eskumenak baliatu zituen Zigor Kodean aldaketa bat agintzeko. Horrela, debekatu egin zuen Bosniako Gerran (1992-1995) egindako genozidioa eta gerra krimenak ukatzea, baita gerra kriminalak gorestea ere. Legearen arabera, horrelakorik ukatzen duenak sei hilabete eta bost urte arteko espetxe zigorra jasoko du.

Giza eskubideen aldeko ekintzaileek eta herrialdeko gobernuz kanpoko erakundeek pozez hartu dute erabakia. Gerra krimenen biktimak izan ziren komunitateek txalotu egin dute Inzkoren jarrera, eta esan legedi berriari esker, «haren izena herrialdeko historiaren parte» izango dela. Cudicen ustez, ordea, neurria berandu heldu da: «Duela sei urte, Srebrenicako genozidiotik hogei urte bete zirenean, erakundeko kideok genozidioa ukatzea debekatuko lukeen lege bat onartzeko eskatu genion Bosniako Gobernuari. Ez genuen erantzunik jaso». Inzkoren erabakia babesten duen arren, argudiatu du hobe litzatekeela erabaki hori Bosniako agintarien eskutik iritsi izan balitz.

Bosniako Serbiar Errepublikako agintarien eta goi kargudunen bulegoetan, berriz, hautsak harrotu ditu Inzkoren adierazpenak. Errepublikako ministroaren alderdiko kideek ez dute legea onartu, eta hura atzera bota ezean, Bosnia eta Herzegovinako Presidentetzari, Parlamentuari eta Ministro Kontseiluari entzungor egingo dietela ohartarazi dute. Aleksandar Vulin Barne ministro serbiarrak legea galarazi edo alde batera utzi behar dela nabarmendu, eta horren ezarpena ekiditeko Zigor Kodean aldaketa bat prestatzen ari direla aurreratu du.

Bosniako Serbiar Errepublikako ministroaren hitzetan, Inzkok hartutako erabakia Bosnian bizi diren serbiarren aurkako «erasoa» izan da, eta berretsi du Srebrenican ez zela «genozidiorik egon» — 8.000 gizon musulman hil zituzten—. Bosnian bizi diren serbiar askok «krimen latza» izan zela onartzen dute, baina gehienek ez duteuste genozidioa izan zenik.

Horrelako iruzkinak oso ohikoak direla dio Cudicek: «Genozidioaren inguruan hitz egiten denean Serbiako herritarrak errudun kolektibotzat jotzen dituztela uste dute Serbiako politikariek». Hala, ekintzaileak salatu du gai hori lantzen duten film, liburu, artikulu eta eduki oro «konspirazio» gisa aurkezten dituztela.

Krisi politikoaren atarian

Hamabi urteren ostean, joan den abuztuaren 1ean utzi zuen Valentin Inzkok nazioarteko ordezkari kargua. Kristian Schmidt alemaniarrak ordezkatuko du datozen urteetan, aurretik Alemaniako Nekazaritza ministro izandakoak. Schmidtek kargua hartu zuen egun berean prentsaurrekoa eman zuen Dodikek, eta ohartarazi zuen nazioarteko ordezkari berria ez zela «ongietorria». Gainera, esan zuen ez duela «haren autoritatea aitortzen», eta, beraz, Bosniako Serbiar Errepublikak ez dituela hark hartutako erabakiak errespetatuko.

Politikari serbiarrek legeari erantzun oldarkorra eman dioten arren, Cudicek ez du uste mehatxu horiek gauzatuko dituztenik: «Bosnia eta Herzegovinaren aldetik diru laguntza jaso nahi duten bezain laster, haien jarrera aldatuko dute. Beti jokatu dute horrela». Gainera, legea indarrean sartu zenetik, Dodikek bere hitzak «neurtu» dituela esan du UDIK elkarteko kideak: «Legea onartu zutenetik, behin bakarrik ukatu du genozidioa. Hori legea martxan dagoen seinale da».

Auziaren inguruan ezer gutxi esan du nazioarteak: legea ezarri izana txalotu dute batzuek, eta krisi politikoa piztuko duela kritikatu besteek. Cudicen arabera, ordea, nazioarteko komunitatea herrialdeko egoeraren erantzule da, izan ere, «nazioarteko herrialdeek sortu zuten Bosnia eta Herzegovinako sistema politikoa». Hori horrela, nazioarteko herrialdeei auzian esku hartzeko deia egin, eta adi ibiltzeko ohartarazten ditu Cudicek: «Politikari serbiarrek askotan mehatxatu dute Bosniako Gobernua, baina kroaziarrak ez dabiltza urruti. Isilik eta ezkutuan egiten dute lan».

Antzeko iritzia azaldu zuenErregionalismorako Zentroko zuzendari Aleksandar Popovek; auziaren inguruan arduratzeari utzi izana leporatu die Mendebaldeko herrialdeei: «Atzerriko presiorik gabe, herrialdean iraganeko joerak indartu dira eta gerra kriminalen goraipatzea areagotu egin da».

Banatutako herrialdea

1995az geroztik, hiru komunitatek partekatzen duten lurraldea da Bosnia eta Herzegovina. Bi erakunde autonomok —Bosnia eta Herzegovinako Federazioak batetik, eta Bosniako Serbiar Errepublikak, bestetik— osatzen duten herrialdean, baina, lurraldeko historiaren bertsio bana ezagutu dute komunitate horietako belaunaldi gazteek.

Gazteek jasotzen duten hezkuntza horren erantzule dela uste du Cudicek: «Komunitate guztietako belaunaldi berriek hezkuntza bateratu eta berdin bat jaso arte, ez da posible izango genozidioaren eta gerra krimenen inguruan hitz egitea». Oraingoz ez dirudi horrelakorik denbora laburrean gertatuko denik. Cudicek azaldu duenaren arabera, hiru komunitateetako gazteen ikuspegiak eta bizipenak eguna eta gaua dira: «Bosniako gerran genozidioan parte hartu zuten pertsonak heroiak eta ikonoak dira gazte serbiarrentzat».

Dokumentu ofizialei erreparatuz gero, 1995ean amaitu zen Bosniako Gerra. Cudicen ustez,ordea, paper gaineko sinadurak hala agindu arren, «gerra ez da inoiz bukatu». Geroztik, herritarrak hurrengo gerra noiz hasiko zain bizi izan direla dio : «Herritarrak aldaketaren beldur dira, aldaketak gerra bat piztu dezakeela uste dutelako». Haren hitzetan, ez dute arrotza izango zaien etorkizun batean bizi nahi, eta horregatik, orain arte boterean egon diren alderdiak babesten dituzte. Horrek, baina, ondorio «lazgarriak» dituela ohartarazi du: «Indarra duten alderdi gehienak —edo ia guztiak— eskuinekoak dira. Ezkerreko ekintzaileak traidoretzat edo atzerritartzat hartzen ditu jendeak, eta oso gutxitan agertzen dira hedabideetan».

Dena den, legeak ekarriko duenari begira itxaropentsu agertu da Cudic: «Dagoeneko existitzen diren baina entzun ez diren iritziak berreskuratzeko aukera paregabea da». Halaber, herrialdean errotuta dauden jokabide eta ohitura batzuk hankaz gora jarriko dituela uste du: «Gerra kriminalen izenak jarri dizkiete dozenaka kale eta ikastetxeri, politikariek publikoki ukatu dituzte genozidioa eta gerra krimena. Legeak hori aldatuko du».

Ikusteko dago legediak lagunduko duen Bosnia eta Herzegovinan bizi diren komunitateen arteko bizikidetza hobetzen; izan ere, neurria ezarri eta ondorengo orduetan anabasa politikoa nagusitu zen herrialdean, eta gobernua eroriko zen beldurra zabaldu zen. Hala ere, Dodiken alderdikoek ez dituzte adierazitako mehatxuak gauzatu.

Cudicek azaldu bezala, baina, oraingoa ez da herritarrek bizi duten lehen krisi politikoa, eta zuzenbide estatu eraginkor baten gabezia bete, eta muturreko pobreziarekin amaitu arte, ez da azkena izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.