COVID-19a ala zerbait gehiago?

Hegazkingintzaren krisia estrukturala edo behin-behinekoa den inguruko eztabaidak baldintzatu du ITP Aero Castingseko 83 langileren kaleratzeei buruzko epaiketa.

ITP Castingeko langileen elkarretaratzea auzitegiaren aurrean; Aernnovako eta Tubacexeko hainbat gehitu zitzaizkien. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Noiz bihurtzen da behin-behineko krisi bat estruktural? Enpresa batek noiz alboratu ditzake behin-behineko neurriak traumatikoagoak hartzeko? Edo, auzia lanpostuetara eramanda, noiz onartu behar da enpresa batek aldi baterako erregulazioa hautatu beharrean kaleratzeak egitea horrekin enpresaren iraupena bermatzen badu? ITP Aero Castingseko (PCB ohia) 83 kaleratzeen epaiketa atzo izan zen Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, eta zalantza horien inguruko eztabaidak pisu handia izan zuen lau ordutik gorako saioan.

Hegazkingintzaren gaineko laino beltza noiz joango den, horixe zalantza. Langile batzordeko sindikatuek (CCOOk, UGTk, LABek eta ELAk) behin-behineko krisia dela argudiatu zuten. Enpresaren abokatuak, berriz, aurkakoa, aeronautikaren krisia estrukturala dela defendatu zuen, COVID-19a iritsi aurretik hasia zela, eta pandemiak areagotu egin duela. Juan Carlos Iturri da epailea, eta gizarte arloko salako beste bi magistraturekin batera ebatzi beharko du kaleratzeak legezkoak diren, bidegabeak diren edo epaiketa indargabetuko duen. Hilabeteko epean espero da ebazpena.

Sindikatuen abokatuek erregulazioa indargabetzea eskatu zuten, hiru arrazoi nagusirekin. Batetik, enpresaren fede txarra negoziazioan, kaleratzeak eginez gero bezero bat lortuko zuela hitzeman baitzien. Bigarrenik, 2016ko barne lan akordio bat urratu izana egotzi diote; kaleraturiko langileak espresuki izendatu zituela, eta haien artean %90ek kaleratzeen aurreko babes klausula zutela —PCBko bi langiletik batek du—. Hirugarrenik, kaleratzeak justifikatzen dituen ekoizpen galera pandemiak eragindakoa delako. Azken puntu horretan du garrantzia krisiaren jatorria eta bilakaera zein den.

Enpresak, berriz, kaleratzeak legezkoak direla defendatu zuen. Haren abokatuak gogoratu zuen lan ikuskaritzak fede txarra ezbaian jarri zuela, eta fiskaltzak epaiketan bertan esan zuen bere ustez kaleratzeetan ez zela diskriminaziorik izan.

Horiek hala, joko zelaia krisiaren jatorria eta bilakaera da, are gehiago iragan asteko aurrekariaren ondoren. ITPk abenduan iragarri zuen lan erregulazioa, baina aurretik, maiatzean, aldi baterako erregulazio bat eskatu zuen koronabirusaren eraginari aurre egiteko. Auzitegi Nagusiak, baina, iragan astean berretsi zuen eskaera ez zela legezkoa, agiriak falta zirelako, eta arrazoi ekonomikorik ez zegoelako.

Enpresaren abokatuak diru kontuen erradiografia zehatza egin zuen. 2016tik galerak dituela esan zuen, eta inbertsio plan bat martxan jarri zuela orduko hartan. 2019an, 1,9 milioi euro galdu zituela nabarmendu zuen, eta 2020rako espero zen 80 milioi euroko fakturazioa 47 milioira murriztu zela. Etorkizunera begira ere jarri zen: 2020rako 10,9 milioi euroren galerak espero ditu, 2021erako 11,1 milioikoak, eta 2022rako, berriz, 3,8 milioikoak. Haren ustez, kaleratzeek asko arinduko lituzkete galerak: 2021ekoak bost milioira murriztuko lirateke, eta 2022an bi milioi euroren irabaziak izango lituzkete. Horiei finantza zorra gehitu behar zaie. «2020n auditoreak zalantzan jarri zuen ea enpresak irekita jarraitu zezakeen», azaldu zuen. ITP Aero Castingsek Sestaon eta Barakaldon ditu plantak (Bizkaia), eta egun 420 langilek dihardute.

Sindikatuek, berriz, arrazoi horiek auzitan jarri zituzten. Enpresak iaz 67 milioi euro fakturatu zituela nabarmendu zuten, eta galerek ordainduriko maileguen epeekin harremana zutela. 2016 eta 2020 bitartean jende asko kontratatu zituela azaldu zuten, eta iazko martxoan 617 langile zituela. Ondorioz, erregulazioko 83 kaleratzeei behin-behineko beste 120 gehitu behar zaizkie; alegia, doitze neurriak hartuta zeudela aurretik. Sindikatuek beste galdera bat planteatu zuten: zergatik ez behin-behineko neurriak hartu? ELAko abokatuak argudiatu zuen: «Erregulazioarekin, eta kalte ordainen eraginez, bi urtean 17,5 milioi galduko ditu enpresak; aldi baterakoarekin, berriz, 16,3. 1,2 milioi aurreztuko lituzke».

Salmentaren itzala

Orduan zergatik egin kaleratzeak? Rolls Roycek ITP Aero osoa saldu nahi du, eta operazio hori errazteko taldeko langileen %15 kaleratzea agindu zuela nabarmendu zuten sindikatuek. Era berean, enpresak iazko martxoan aurreikusi zuen ekoizpenaren %40ko jaitsiera, eta, sindikatuen ustez, hor garbi ikusten da koronabirusak eragindakoa dela. «Maiatzeko erregulazioa koronabirusarengatik zen; abendukoa, berriz, estrukturala. Noiz bihurtzen da behin-behineko krisia estruktural?», galdetu zuten. «Hemezortzi hilabetez galerak izatean, Auzitegi Gorenaren ebazpen bat dago», erantzun zuen enpresako abokatuak, eta iragarpen txarrekin hornitu zuen bere tesia: 2024an 2019ko lan kargaren %73 izango dute, eta 2026ra arte ez da aurrekora itzuliko. Sindikatuek ezbaian jarri zuten IATAren aurreikuspen baikorragoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.