Paperean ez dagoenaren bila

Aranzadi zientzia elkarteak oroimen bulego bat zabaldu du Erandion, urte osorako. 1936tik 1959ra bitartean herritarrek bizitako errepresioa dokumentatzea da helburua.

Ione Zuloaga historialaria eta Marilo Ayo Longa erandioztarra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Erandio
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hamabost bat orri dokumentaziorekin zabaldu dio atea 85 urteko erandioztarrak Aranzadiko Ione Zuloaga historialariari, elkarrizketarako ondo prestatuta. «Izen bi dauzkat: epaitegientzat, Dolores, eta Elizarentzat, Maria Dolores, baina amak beti Marilo deitzen ninduen», hasi du kamera aurreko jarduna.

Aranzadi zientzia elkarteak oroimen bulego bat zabaldu du Erandion (Bizkaia), urte osorako. Herritarrek 1936tik 1959ra bitartean bizitako errepresioa dokumentatu nahi du, udalarekin elkarlanean. Hilda daude gerra ikusi zuten gehienak, baina haien senideen kontakizunek osatuko dute ikerketaren zati handi bat. Bulegora jo ahalko dute errepresioa sufritu zutenen familia kideek, informazioa ematen zein jasotzen. Etxeetara ere joaten ari dira, erraz mugitu ezin direnentzat.

Min handiko lekukotasuna eman dio Marilo Ayo Longak Zuloagari. 1936an munduratu zen, gerra lehertuta. Anaia, 1937an. Aita, sozialista, urte horretan hil zuten faxistek Legution (Araba). Kamerari kontatu dionez, ama eta izeba kapitain batekin aritu ziren tratuan gorpua berreskuratzeko, eta Erandiora taxi batean eroan zuten, bizirik balego bezala. Ez zuten nahi hobi komun batean amaitzea. Ayo Longak gogoan dauka oraindik Mendizabal zuela abizena lagundu zien kapitainak.

Paperean ez dagoen horren bila ari dira Aranzadikoak. Iturri dokumentalak eta pertsonalak ikertu behar dituzte herrian gertatu zen errepresioa behar den moduan dokumentatzeko. Dagoeneko hamar bat elkarrizketa egin dituzte. Elkarlana dago Aranzadikoen eta herritarren artean. Senide batzuek informazioa eroaten diete, eta besteek, galderak. Dokumentuak baliagarriak zaizkie jendearen patuaz jakiteko. Askotan kartilla militarrak eroaten dizkietela azaldu du Javi Buces Aranzadiko historialari eta oroimen bulegoaren buruak. Informazio asko lor dezakete horietatik: «Non egon zen borrokatzen, zer adin zeukan, zein afiliazio politiko, zein batailoitan aritu zen borrokan...».

Dokumenturik ez dauzkatenek askotan izen-abizenekin bakarrik jotzen dute bulegora. Bertakoek hainbat artxibo kontsultatzen dituztela azaldu du Bucesek: «Militarrak, eklesiastikoak, estatalak, lokalak eta probintzialak». Bere berbetan, «pistak» bilatzen dituzte, eta batzuetan zortea daukate. Baina ez beti. «Zaila da batzuetan abizen arruntak direnean. Perez Lopez bat oso zaila da bilatzea, estatu osoan pilo bat baitaude. Bereziartua Orbegozo bat, berriz, errazagoa da, bi abizen horiekin gutxi egongo direlako». Biktimek sufritu zuten errepresioaren araberakoa ere bada. Bucesek adierazi duenez, kartzelan egotea edo gerra kontseilu batek epaitzea normalean erregistratu egiten zen. Frontean hildakoak desagertuak eta estrajudizialki epaiketa barik hil zirenak «zailagoak» dira aurkitzen, «ez zirelako errepresio mota ofizialak».

Aranzadik eta beste elkarte batzuek hainbat herritan egin dituzte ikerketak jada, baina asko geratzen dira egiteko, Bucesen aburuz. Gipuzkoan egin dira azterketa gehienak, eta Nafarroan ere «lan handia» egin da, baina «asko falta da» Bizkaian eta Araban. Batez ere, errepresioa ikertzea geratzen dela nabarmendu du. «Batailatxoen berri daukagu: noiz sartu ziren frankistak Bilbon edo Donostian, zeintzuk ziren koronelak eta jeneralak eta protagonista nagusiak... Gauza horiek badakizkigu, ez dakiguna da zeinek sufritu zuen errepresioa».

Ikerketa oraintsu hasi badute ere, Bucesen esanetan, Erandioko kasuak antzekotasunak izan ditzake ondoko Leioako kasuarekin, baserri inguruko auzoak eta kanpotik etorritako langileen auzoak dauzkatelako biek. «Segur aski nabarituko dugu fabriketako langileek, komunistek eta anarkistek errepresio oso gogorra jasan zutela, baserrietako nazionalistek baino gehiago».

Gerra Kontseiluetan dago desberdintasun horren arrazoia. Gerraostean militarrek herrietako alkateei eskatzen zieten epaituei buruzko txosten bat, eta abertzalea izateak abantailak zeuzkan, gehien-gehienak kristauak zirelako. «Alkateek askotan esaten zuten, 'Bai, nazionalista zen, baina katolikoa'», adierazi du Bucesek. «Zigorrak biguntzeko balio zuen. Gorria edo anarkista izateak, berriz, errepresio gogorragoa zekarren».

Min handia gordeta

Halako istorio bat kontatu dio Ayo Longak Zuloaga historialariari. 36ko gerran, kukurruku eztula eta elgorria hartu zituen. Sarnarekin gaixotzean, Basurtuko ospitalera ez eroateko esan zioten amari, «ume asko desagertzen ari omen zirelako». Gogoan dauka 1941eko Errege egunean, gerran umezurtz geratutakoentzat opariak banatzekoak zirela Bizkaiko Aldundian. «Hara eroan gintuen amak, koitaduak ezin zigulako ezer erosi». Ilara luze batean utzi zituen amak neba-arreba biak. «Han zeuden eskola askotako umeak, baita Falangeko umezurtzak ere».

Hotz handia pasatu zutela gomutatu du Ayo Longak, eta ilaran denbora asko eman eta gero heldu zirela sarrerara. «Andre bat zegoen bertan, Pilar Primo de Rivera zen, falangistaz jantzia eta txapela gorriarekin». Agiria eskatu zien, baina neba-arrebek ez zeukaten. Itxaroteko esan zien, eta barrura sartu zen. «Gu poz-pozik; uste genuen jostailuen bila joan zela». Beste gizon batekin itzuli zen. «Zuei ezin zaizue ezer eman, gorri baten seme-alabak zaretelako, eta alde hemendik ni damutu baino lehen», esan zien gizonak. Ayo Longak azaldu duenez, Jose Luis Goioaga zen gizon hura, Bizkaiko Aldundiko presidente frankista zena.

Oraindik gogoan dauka egun hartan eta haurtzaroan jasotako erdeinua. Izan ere, haren aita eta osaba-izebak jaio ziren kaleak Jose Luis Goioagaren izena daroa gaur egun. Hori amaitzeko eskatu du Ayo Longak. Hori da elkarrizketa egiteko arrazoietako bat, kaleari izena aldatzeko eskatzea Espainiako Memoria Legea betetzeko. Erandioko Udala Aranzadiren txosten bati itxaroten ari da aldaketa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.