Indarrak nola, kontuak hala

Jaurlaritzako aurrekontuak bideratuta, EAJk eta PSE-EEk bermatuak dituzte 2021erako kontuak aldundi eta hiriburuetan ere. Eibarren eta Irunen bestelako itunak egin dituzte

Gasteizko udalbatzarra gaur zortzi, 2021erako aurrekontuak onartzeko. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
jon olano
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteetan, Eusko Jaurlaritzaren 2021erako aurrekontu proiektuak hartu du eztabaida politikoaren protagonismoa. Jaurlaritzak 12.442 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, eta urtarrileko bigarren astean bilera sorta bat egin zuen oposizioko taldeekin, horien inguruan hitz egiteko. Emaitza jakina da: oposizioko talde politiko guztiek aurkeztu zituzten osoko zuzenketak, eta, joan den ostiralean, guztiak baztertu zituzten Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta PSE-EEk osatutako gehiengoak emango dio bide aurrekontuen behin betiko onespenari, otsailaren 11n. Eusko Legebiltzarrean ikusitako argazkia, ordea, orokorragoa da, EAJ-PSE aliantzaren hedadura instituzionalak bide emango dielako aurrekontuei Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietan eta hiru herrialdeetako hiriburuetan. Maila horietako erakunde guztiek izango dituzte aurrekontu eguneratuak 2021ean, beraz.

2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutua eskuratu zuten hiru herrialdeetako batzar nagusietan: Araban, 51tik 27 batzarkide; Bizkaian, 33; eta Gipuzkoan, 29. Horrek modua eman zuen 2015-2019ko legealdiko aliantzari eusteko eta bi alderdien artean osatzeko aldundiak, eta, besteak beste, 2023. urtera bitarteko aurrekontuen onarpena bermatua izateko. Hori horrela, Arabak 527,7 milioi euroko aurrekontua izango du aurten; joan den ostiralean onetsi zuten Batzar Nagusiek, soilik aldundia osatzen duten alderdien babesarekin. Bizkaiko kontuen proiektuak 7.970 milioi euro jaso ditu, eta espero da otsail amaieran onartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, 983 milioiko aurrekontuak prestatu ditu, eta tramitazio prozesuan dago Batzar Nagusietan.

Kontuak onartu bai, baina aurrekontuen eztabaidak agerian utzi du gaur-gaurkoz gobernuetako alderdi politikoen eta oposizioko taldeen artean dagoen arrakala. Izan ere, hiru lurraldeetako aurrekontuek soilik jeltzaleen eta sozialisten babesa izango dute, gainerako talde politikoek osoko zuzenketak aurkeztu baitituzte. Gauza bera gertatu da Donostian eta Bilbon ere; bi hiriburuetan, EAJ-PSE aliantzak ez du arazorik kontuak aurrera ateratzeko.

Jokaleku horretan, Gasteiz da salbuespena. Jaurlaritza, foru aldundiak eta hiriburuetako udalak aintzat hartuta, Gasteiz da bi indarrek gehiengo absolutua ez duten erakunde bakarra —27 zinegotzitatik hamahiru dituzte EAJk eta PSE-EEk—, eta, beraz, Gorka Urtaranen gobernuak aurrekontuak onartzeko bestelako aliatuak bilatu behar izan ditu. Kasu horretan, Elkarrekin Gasteizko hiru zinegotziek abstentzioaren bidez emango diete bide aurrekontuei, udal gobernuak hiru milioi euroren balioa duten 34 zuzenketa jasotzearen truke.

Udaletan, bestela

Tokiko beste akordio batzuek ere apurtu dute egungo aliantza politikoen inguruko irudi monolitikoa, eta, zenbait kasutan, posible izan dira ezkerreko alderdien arteko gerturatzeak, nahiz eta, gehienetan, EAJ ez den geratu hitzarmen horietatik kanpo. Irun eta Eibarren kasua da. Gipuzkoako udal horietan, PSE-EE dago alkatetzan, eta, hurrenez hurren, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu sartu dira aurrekontuen inguruko adostasunean. Eibarren, Miguel De los Toyos alkateak bermatuta zeuzkan aurrekontuak EAJren abstentzioarekin, baina abstentziora jo du EH Bilduk ere. Irunen, sozialisten eta jeltzaleen arteko harremanak gaiztotuta daude azken urteetan. Andoainen ere sozialistak daude alkatetzan; EAJrekin gobernatzen du PSE-EEk, baina aurrekontuen inguruko akordiora erakarri du Elkarrekin Podemos.

«Borondate politikoa dagoenean, guk akordioak egiten ditugu; erakutsi dugu hori, gobernuan gauden udaletan nahiz ez gaudenetan», esan zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak urtarrilaren 22an BERRIAk argitaratutako elkarrizketan. BERRIAn bertan, akordio horien garrantzia nabarmendu zuen Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Guretzat oso garrantzitsua da horrelako akordioak lortzea, demostratzen duelako PSE-EE erdigunean dagoela, oso ezberdinak diren alderdien artean gai garela ados jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.