«Ez gara kriminalak»

Infernua Bizirik-ek salatu du Ertzaintza agindurik gabe sartu dela okupatutako guneko hiru eraikinetan. Plataformaren ustez, «asmo errepresibo argi eta garbia» eduki zuen Poliziak aurreko asteburuan.

Iazko azaroko kaleratzeak salatzeko Infernuaren kanpoaldean egindako elkarretaratze bat. INFERNUA BIZIRIK.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Infernua Bizirik plataformaren arabera, Ertzaintzako agenteak agindurik gabe eta «inpunitate guztiarekin» sartu ziren, lehengo larunbatean, Donostiako Infernua gunean okupatuta dauden hiru eraikinetan. «Lo zeuden auzokideen etxeetan sartu ziren. Auzo guztiaren intimitatea bortxatu zuten», salatu du, ohar batean. Plataformako kide batek BERRIAri adierazi dionez —ez dute izena eman nahi izan—, epaile baten aginduz azaroan guneko«fabrika eta eraikin bat»jendezhustuak izan baino lehen ere «handia» zen Poliziaren presentzia. «Egiten zituzten operazioak legalak ez beste edozer ziren», kritikatu du. Iruditzen zaio Ertzaintzak joan den asteburuan erakutsitako jokabideak «asmo errepresibo argia eta garbia» zuela. Plataformako kidearenzat, Polizia eta instituzioak ahaleginak egiten ari dira haiek kriminalizatzeko. «Baina hemen elkarri laguntzen diogu. Komunitatean bizi gara. Era guztietako tailerrak egiten ditugu, euskara eskolak ematen ditugun, arabierazkoak... Ez gara kriminalak; gure helburua herriari hori erakustea da».

Orain dela ia sei urte okupatutako eraikin horien jabea «Eusko Jaurlaritza» da, plataformako kidearen hitzetan. «Ez da egon abisurik edo jakinarazpenik. Azkeneko bost urteotan ez da egon lege mugimendurik; beraz, jabeak guztiz abandonatuta dauka», zehaztu du, eta nabarmendu prozedura judizialik ez dagoela irekita.

Antigua auzoko eraikinetan gertatutakoari buruz galdetu dio BERRIAk Ertzaintzari, eta Poliziaren prentsa kabineteak erantzun dio Gipuzkoako Foru Aldundiak «salaketa bat» jarri zuelako joan zirela agenteak Infernura. «Horren arabera, lekua okupatuta zegoen». Ertzaintzak azpimarratu du agenteen jarrera «egokia, arauzkoa» izan zela. «Poliziek oso lasai jardun ahal izan zuten, inolako istilurik eta kontrako gorabeherarik gabe».

Eraikinetan bizi direnen artean «denetik» dago, plataformako kidearen esanetan. «Zuriak eta etorkinak daude». Duela ia sei urte okupatu zutenak «zuriak, bollerak, transak eta marikak» izan ziren, hain zuzen. Haiena «erabaki politiko bat» izan zen. Gainera, iazko azaroan Ertzaintzak beste eraikin bat hustu zuen epaile baten aginduz, eta han bizi ziren etorkinetako batzuk alboko eraikinera mugitu ziren. «Espazioa genuen, eta hona etorri dira, beste lekurik ez dutelako».

Baliabide urriko «63 pertsona» utzi zituzten kalean orduan. Infernua Bizirik-ekoak ez daki horiek denek zer egin duten, baina badaki beste batzuk kalean bizi direla, eta «gutxi batzuek» aterpe batean lekua «lortu» dutela. «Eta badira hemendik [Euskal Herritik] alde egin behar izan dutenak, errepresioarengatik eta hemengo politika administratibo arrazistarengatik».

Kide horren iritziz, «periferiako pertsonak» dira Infernuko blokeetan bizi direnak. «Noski. Bollerak, transak, marikak eta migratzaileak gara. Zuk esango didazu estatuak nola asimilatzen dituen horrelako gorputzak, hemengo gorputz gehienak ez badira sartzen produkzio sisteman».

Eraikinetan badute argindarra, badute ura, eta badituzte berogailu elektrikoak eta bi tximinia, «arrabio» deitutakoak. «Hainbat etxe daude eta badituzte komunak, logelak, dutxak...». Nolanahi ere, «orokorrean» zaurgarritasun egoeran bizi dira. «Oraintxe bik dugu soldatapeko lana. Lanik ez dutenek gizartze zerbitzuen laguntzak jasotzen dituzte. Nahiz eta bakoitza bere etxean bizi den, kontaktu komunitarioa dugu batak besteari laguntzeko». Segurtasun arrazoiak argudiatuta, plataformako kideak ez du argitu zenbat pertsona bizi diren eraikin horietan. «Oraingoz hamahiru pertsona daude identifikatuta».

Pintaketak

Blokeetako korridoreetako paretetan Ertzaina herria zurekin eta Gora Ertzaina jartzen duen pintaketak egin zituzten poliziek pasa den larunbatean, plataformak hurrengo egunean jakinarazi zuenez. «Baina guk gertatutakoa salatu genuenean, hurrengo egunean hiru polizia etorri ziren barkamena eskatzera. Beraz, onarpen bat dago», adierazi dute plataformatik. «Legalki egin nahi izan zuten dena. Bezperan ez zuten nortasun agiri bat ere eskatu. Hori, beraz, bizilekua bortxatzearen delitua izan zen». Plataformako kidearen arabera, ertzainek esan zieten barne ikerketa bat hasiko zutela, «pintaketak egin zituen agentea botatzeko». Infernua Bizirik-ekoek, ordea, ez duteikerketa hori egingo duten «bermerik».

Pintaketei buruz galdetuta, Ertzaintzak BERRIAri esan dio larunbateko «jarduna» bukatu eta gero eduki zutela pintaketen berri. «Ikerketa bat abiatu du autoretza detektatzeko, eta, hala badagokio, erabaki egokiak hartu ahal izateko», adierazi du prentsa kabineteak.

Infernuan bizi direnen iritziz, «asmo bat» dauka Poliziak: «Lehen, jipoiak ematen zituzten, eta orain, berriz, nekearen, akiduraren, beldurraren, intimidazioaren bidezko errepresioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.