EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Errealitatea ezberdin ikusteko

Arlo sozioekonomikoan euskara balio erantsi bat izan daitekeela azpimarratu dute Euskaraldiak antolatutako solasaldi batean. Bide horretan urratsak egin behar dira, ordea.

Aritz Otxandiano, Naiara Goia eta Mari Jose Aranguren, atzoko mahai inguruan. Maite Artola moderatzailea, ezkerretik bigarrena. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gizartea goitik behera astindu du COVID-19 gaitzak, eta, gaur-gaurkoz, munduko gobernu denen lehentasuna osasun krisiari aurre egitea da. Txertaketa kanpaina masiboak egiten hasiko dira han eta hemen, eta, dirudienez, hori ezinbestekoa izango da pandemiari aurre egingo bazaio. Baina osasun krisia igarotzen denerako, esperoan egongo da beste bat: ekonomikoa. Enpresa gehienak egoera berrirako txertoa bilatzen hasiak daude, eta bakoitzak bere egoerara egokituko du sendagaia. Euskaraldiak antolatuta, atzo solasaldi bat egin zuten Donostiako Tabakaleran, eta gai horren bueltan aritu ziren Aritz Otxandiano Fagor taldeko berrikuntza sozialeko arduraduna, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria, eta Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendaria. Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza(k) izeneko mahai inguruan, arlo sozial eta ekonomikoan hizkuntzak duen garrantzia nabarmendu zuten hiru hizlariek.

Gobernantza modu berrien inguruan hausnartuz hasi zen Goia, eta nabarmendu egungo erronkei heldu behar zaienean eremu askotan ez zaiola balio erantsirik ematen euskarari: «Baina askotan ez gara jabetzen euskara ez dela hizkuntza bat bakarrik: mundua ikusteko modu bat ere bada. Adituek diote arlo bakoitzeko erantzunak norbere ikuspegitik eman behar direla, eta hor ikusten dut euskarak izan dezakeela bere rola; egoera jakin batzuei erantzunak emateko momentuan, tresna oso indartsua izan daiteke».

Norberaren mundu ikuskeran eragina baitauka hizkuntzak, Arangurenek esan zuenez: «Arazoei aurre egiteko modu ezberdina ematen du, ikuspuntu ezberdinak». Azaldu zuenez, Orkestrako lantaldean aniztasun handia daukate kideen jatorriari dagokionez. «Egoera batzuetan, ikuspuntu ezberdinetatik aurre egiteko moduak dauzkagu; batzuek ikusten dituzte gauza batzuk guk ikusten ez ditugunak, eta hortik jo beharko genukeela iruditzen zait». Aniztasun horrek ematen baitie eurei ere ikuspegien aniztasuna.

Euskarak tokian tokiko ikuspegi bat eskaintzen duela aipatu zuen batak, eta hizkuntza aniztasunak ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituela besteak. Horrek guztiak enpresen eguneroko jardunean positiboki eragin dezakeela bat egin zuten, eta balio erantsi hori izan dezakeela euskarak. Baina hori horrela izanda ere, «euskararen ezagutza ez da baldintza moduan ezartzen enpresa pribatuaren sektorean». Arangurenen arabera, enpresa askoren ikuspegitik, lanpostu baterako bete behar diren gaitasun teknikoek hizkuntzek baino garrantzi handiagoa hartzen dute. Eta ikuspegi hori gailentzen den bitartean, lan arloa euskalduntzea zaila izango da.

Erabilera sustatzeko premia

Fagor Taldeak hogei urte daramatza bere kooperatibetan euskara planak sustatzen, eta, Otxandianoren arabera, hizkuntzaren presentzia areagotzea lortu du. Baina zein da lehentasuna? Enpresa euskalduntzea ala lehiakortasun ekonomikoa ? «Horrek euskararen normalizazioan talkak sortzen ditu». Esaterako, langileak kontratatzerakoan. «Profil jakin bat betetzeko, batzuetan gertatu daiteke euskal hiztuna ez den norbait kontratatu behar izatea. Badakigu lan dinamiketan nola eragiten duen bakar batek euskaraz ez jakiteak, eta hainbat neurri hartu dira halako egoerak saihesteko». Euskara eskatzen dute kontratazio berrietarako, eta «ehuneko handi batean betetzen da». Eta hala ez denean, gutxieneko ulermena eskatzen dute, hizkuntza erabileran ahalik eta gutxien eragiteko.

Nazioartean presentzia nabarmena du Fagorrek, eta, horren eraginez, hizkuntza askotan egiten dute lan. «Garrantzia ematen diogu hizkuntzei funtzio propioak aitortzeari eta euskaraz aritzeko eremu batzuk egoteari». Administrazio organoetako bilera gehienak euskaraz egiten direla esan zuen Otxandianok, eta batzar orokorretan euskara lehentasuna izaten dela. «Identifikatu ditugu arnasguneak, eta horiek babesten saiatzen gara». Hor ikus liteke euskara plan batek zenbateko eragina izan dezakeen enpresa batek hizkuntza batean edo bestean funtziona dezan.

Lantegietan euskararen arloa landu ezean Goiak erretratatutako egoera errepikatu baitaiteke: «40 urteko eta hortik beherako langile multzo handi bat badago euskaraz lan egin eta sortzeko gaitasuna duena, baina hizkuntza ohiturek pisua dute. Gertatu izan zait 30 urteko pertsona batek lanean euskara ez erabiltzea, soilik jendea agurtu eta kafe makinaren inguruan; eta ez ezagutza faltagatik, lan esparruan euskararen erabilera normalizatuta ez dagoelako baizik». Horregatik, une honetan arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko abagune «on» bat dagoela uste du: etorkizuneko erronkei heldu, eta euskararen erabilera prestigiatzeko. Eta horretarako baldintza soziolinguistiko egokiak egon, badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.