Herritarrek berrogei egun baino gehiago eman dituzte etxean konfinaturik, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, eta oraindik ez dago argi egoera noiz aldatuko den. BERRIAk zenbait herritarren testigantzak bildu ditu, konfinamenduak haien bizimodua zertan aldatu duen jakiteko.
1. Zer moduz daramazu konfinamendua?
2. Zein kezka eragin dizkizu?
3. Etorkizuna nola ikusten duzu?
TITA NABARLAZIruñea, 81 urte
«Ariketa gisa korridorean 45 itzulinguru ematen ditut egunero»
1. «Ondo daramat konfinamendua. Bakarrik bizi naiz, eta badakit ezin dudala etxetik atera. Suhiak egin ohi dizkit erosketak, zaborrak bota eta gutunak igo. Bederatzietan esnatzen naiz, eta, gosaldu ondoren, bazkaria prestatzen dut. Garbiketa, etxea antolatu, apur bat irakurri, telebista ikusi... Denbora berehala igarotzen da. Txoritxoak asko laguntzen dit, egun osoa ematen dut harekin hizketan. Hilabete etxean eman ostean, apenas ibili naizen, eta azken egunetan neure buruari ariketa gisa jarri diot korridorean gora eta behera ibiltzea. 45 itzulinguru ematen ditut egunero».
2. «Denbora luzez ez dugu aurretik genuen bizimodurik izango. Hilabete eta erdi eta gero, ohitu naiz oraingo egoera honetara, nahiz eta lehen egunetan gehiago kostatu. Gero, beldur apur bat ematen du jakiteak eta entzuteak adinekooi gehiago eragiten digula gaixotasunak».
3. «Etorkizuna beltz ikusten dut. Ez dakit zenbat denboran egon beharko dugun etxean. Aurreko egunean zioten adineko asko depresioan erortzen ari zirela, eta hori ere kontuan hartu behar dela etxetik noiz atera gaitezkeen erabakitzeko. Nik ez diot buruari buelta asko ematen. Hasieran apur bat arraro nengoen, baina azkenean hemen egon behar badut, hemen egongo naiz».
URKO MANTZIZIDOR Mundaka (Bizkaia), 43 urte
«Etorkizuna desberdina izango da; denok moldatu beharko dugu»
1. «Egia esateko, nahiko ondo daramat. Aparteko arazorik gabe egiten ari naiz».
2. «Batez ere, kezka bi izan ditut: alde batetik, umeak, seme-alaben ongizatea; ondo egongo ote diren, estresatuko ote diren, eskola, eta abar. Horrek asko kezkatzen nau. Eta, beste aldetik, lana; hau kolpe handia izango da sektore guztietan, baina nik lan egiten dudan sektorea, autogintza, seguru asko gehien kaltetuetako bat izango da; horrek ere kezkatzen nau».
3. «Etorkizuna ezberdina izango da. Denok moldatu beharko dugu, lehen egiten ez genituen gauza asko egitera, eta lehen normaltasun osoz egiten genituen batzuk ez egitera. Egoera oso desberdina izango da, duela sei bat aste genuenarekin alderatuta».
AMAIA SANZ LOPEZ Legutio (Araba), 24 urte
«Dena emango nuke lehengo errutinara bueltatzeko»
1. «Hasierako asteak nahiko ongi eraman nituen, azkar pasatu zitzaizkidan; baina azken egun hauek neketsuak ari dira izaten, eta asteak oso luzeak egiten ari zaizkit. Bi lan ditut: batean hamar ordu baino ez ditut egiten astean, eta orain bi ordu inguru baino ez dizkiot eskaintzen, eta lan nagusian, berriz, aldi baterako erregulazio espedientea ezarri didate. Beraz, lan errutinarik ere ez dut».
2. «Nire aitaren osasun egoerak kezkatzen nau. Duela bi hilabete bihotzekoa eman zion, eta, arrisku taldekoa denez, kontu handiz ibili behar dugu. Oso kezkatuta nago etorkizunarekin: ez dakit lana izango dudan eta etxetik bakarrik bizitzera joan ahal izango dudan. Ziurgabetasunak kezkatzen nau».
3. «Guztia oso ezberdina eta arraroa izango da. Epe ertainean, behintzat, ez gara aurretik ezagutzen genuen normaltasunera itzuliko. Zer gertatuko den ez jakiteak beldurtu egiten nau. Lehen gure errutinaz kexu ginen, baina orain dena emango nuke lehengora bueltatzeko».
BEÑAT IANTZI ETXARTE Lesaka (Nafarroa), 19 urte
«Ikusi da nolako gizartea behar dugun: elkarri laguntzen diona»
1. «Ahal den moduan, eta uste nuen baino errazago. Erran zutelarik ezin zela etxetik atera, segidan aldatu nuen txipa. Goizetan gosaldu, gero ikasketak zailtasun batzuekin, zeren ez baita berdin eskolara joan edo etxean egotea, bazkaldu, kirola egin, eta irakurri: egunero egiten dut berdin, eta aspertzeko denborarik ez dut, egia erran».
2. «Alde batetik, noiz ateratzen ahalko garen, lagunekin eta neska lagunarekin egoteko. Ikasketetan, kezka da ez jakitea zer erabakiko duten: ikasleok ez gaituzte kontuan hartzen deusetarako, eta ez dakigu zer gertatuko den, nola ebaluatuko gaituzten, bueltatuko garen klaseetara... Baina, oraingoarekin baino, gero etorriko denarekin dut kezka: zer gertatuko den lanpostuekin, langileen eskubideekin, denda txikiekin… Eta bertze kezka da noiz bueltatuko garen normaltasunera; edo bueltatuko ote garen».
3. «Nahiko gaizki. Aitzineko krisi guzietan bezala, langileek ordainduko dute. Badut esperantza ez dela horrela izanen, baina aukera anitz ikusten ditut betikoek ordaintzeko. Honen ondoren krisia etorriko da, nire ustez, eta, beti bezala, aberatsek etekina aterako dute bertzeen miseriatik. Halere, konfinamendu garaian ikusi da nolako gizartea behar dugun: elkarri laguntzen diona. Esperantza dut jendeak hausnartzeko eta orain arteko gizartea aldatzeko».
AURA VASQUEZ Zamudio (Bizkaia), 52 urte
«Lehenesten genituen gauzak ez ziren hain garrantzitsuak»
1. «Egoera normaltasun handiz eramaten dut: etxea eroso samarra da, familiarekin nago, eta ez dut aparteko arazorik».
2. «Gertuko familian, zorionez, denok ondo daude, baina sorterrian, Venezuelan, bi osaba hil zaizkit oso denbora laburrean, hiru eguneko tartean. Tristea izan da hori. Gainerakoan, etxekoak ondo daude».
3. «Hau guztia zenbait gauza aldatzeko aukera ere bada. Ikusi dugu natura ere lehengoratzen ari dela konfinamendu honen ondorioz, eta, gizarteari dagokionez, konturatu gara lehenesten genituen gauzak ez zirela hain garrantzitsuak. Honek erakutsi beharko liguke enpatia handiagoz jokatu behar dugula».
PAUL MOAL DARRIGADEDonapaleu (Nafarroa Beherea), 25 urte
«Herriko bozetarako etorri ginen, eta hemen gelditu gara»
1. «Pixka bat bitxia da, anai-arrebak gurasoen etxera itzuli garelako. Herriko bozetarako denak Euskal Herrira sartu ginen, eta konfinamendurako hemen gelditu gara. Haurtzaroan bezala da; berriz ikasi behar dugu elkarrekin bizitzen, baxeren itzulia egiten… Irrigarria da. Bordelen ari naiz doktoretza prestatzen, eta etxetik ari gara, telelanean. Entseatzen naiz egunak bulegoan balira bezala egiten, goizean altxatu eta 9:00etatik 18:00etara. Ez dut beti lortzen eraginkorra izatea, baina ez dugu beste hauturik».
b>2. «Guk badugu xantza barnealdean: badugu baratze bat, badugu lekua, joaten ahal gara kanpora... Ez du arrangura berezirik sortu. Nire kasuan aski ongi heldu da, ez dudalako laborategian manipulaziorik egiteko; datuak aterarik nituen, eta orain badut denbora horiek landu eta interpretatzeko».
3. «Ez dakit sobera. Ez da erraza izanen afera. Deskonfinamendua pausoka egin beharko da. Guri erran digute iraila aitzin ez garela normaltasunera itzuliko. Emeki-emeki egin beharko da. Bestarik gabe... uda berezia izanen da».
IDOIA ALTAMIRA Donostia, 58 urte
«Harrera prozesuari begira, hau opari bat izan da»
1. «Ondo daramat konfinamendua, baina gu pribilegiatuak gara. Lekua badugu etxean, terraza ere bai. Etxean? Bai, baina suerteko gara».
2. «Kezkarik handienak nire haurraren eskolako lanak nire gain hartu beharrak ekarri dizkit. Seme-alaba biologikoak handiak dira, baina harreran hartuta dut 11 urteko ume bat; zailtasunak ditu eskolan, eta buru-belarri jarri behar izan dut hari laguntzen. Zenbait irakaslerekin harreman estua dut, eta lanak egokitzen dizkiote. Beste zenbait, ordea, mapatik desagertuta daude. Alde onak ere baditu itxialdiak: harrera familia gara, eta orain arte inoiz ez dugu izan hainbeste denbora elkarrekin egoteko. Pertsonalki, harrerako prozesuari begira, opari bat izan da».
3. «Zalantzaz beteriko geroa dugu aurrean. Kezkagarria da, baina horrek ezin gaitu geratu: aurrera nola egin pentsatu behar da. Eta bakarrik ez da inor aterako. Bai, goian daudenak; baina aparteko gizarte paralelo batzuetan bizi dira horiek. Gainerakoan, guztioi eragingo digu. Eta bide bat bakarrik dago: elkartasuna».
KATTIN MENDIBURU Donibane Lohizune (Lapurdi), 72 urte
«Konfinamenduak ez dit kezkarik eragin, baina giroak eta geroak bai»
1. «'Ongi' ezin da erran. Bortxaz gelditua izatea ez zait gustatzen, askatasun eskas hori erabakia izatea. Gehiegizkoa ere iruditzen zait. Ez dut konprenitzen erreka bazterrean ibiltzea arrunt debekatua izatea, eta isunak ezartzea. Bestela, pertsonalki, baliatzen dut nire buruari buruz, jendeari buruz ditudan harremanez pentsaketa egiteko. Gauza batzuk argitzen dira».
2. «Konfinamenduak berak ez dit kezkarik eragin, baina giroak eta geroak bai. Berriz berdin-berdin segitzen badugu bizitzen lehen bezala… Badakit birus hori hor dagoela, baina denbora berean krisi ekonomikoa ere bada. Kapitalismoan segitzen badugu, lantegiak urrun bidaliz merkeenera joateko... Berriz pentsatu behar ditugu gure kontsumo ohiturak. Horretarako balio badu, ongi. Kezka hori nuke».
3. «Kasik erranen nuke laburregia izanen dela haustura hau, aldatzeko. Ez dakit. Nire beldurra da jendeak erraztasunean bizi nahiko duela berriro; denak ez dira erraztasunean bizi, baina batzuk bai: kontsumismoa, itxurakeria... Hori aldatu behar dugu».
JAIME GRISALEÑA Gasteiz, 64 urte
«Pena handia dut, biloba ezin dudalako besarkatu»
1. «Gorabeherak izaten ditut, baina ahalegin guztia egiten dut ongi egoteko. Musika dut pasio, eta etxeko itxialdia arintzeko oso lagungarria zait. Ez dut ukatzen lehen egunetan oso kezkatuta egon nintzela nire bilobagatik, astebete egon zelako sukarrarekin, eta okerrena pentsatu genuen, baina anginak zituela esan zuen pediatrak. Sendatu zenean, lasaitua hartu nuen. Orain, pena handia dut besarkatu ezin dudalako»,
2. «Familia eta lagunak ez kutsatzeaz aparte, pandemiaren zergatiak kezkatzen nau. Fikziozko pelikula bat dirudi: Txinan jaio da birusa, eta orain herrialde horrek dauka egoeraren kontrola. Bestetik, kalean, mendian, bizikletan eta lagunekin egoten den horietakoa naiz ni, eta neure burua etxean itxita ikustea oso nekeza egiten zait».
3. «Pentsioduna naiz, eta lasaitasuna da bizitzari eskatzen diodan bakarra da. Nire seme-alabei eta bilobari utziko diegun etorkizunak kezkatzen nau, eta baita ekonomiaren egoerak ere, lanpostu ugari galduko direlako».