Eusko Jaurlaritzak ziurtatuta dauka otsailaren 9ko osoko bilkuran 2021erako aurrekontuak onetsiko direla, EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean osatzen duten gehiengo absolutua dela medio. Halere, ikusteko dago aurrekontuen babesa gobernuko alderdietara mugatuko den edo hori baino zabalagoa izango den. Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk atzo eginiko bileraren musikari erreparatuta, behintzat, akordiorako atea zabalik dago: koalizioak dokumentu bat aurkeztu zion gobernuari bere proposamenekin, eta eskatu zion «maitasunez» aztertzeko, Miren Gorrotxategi bozeramailearen esanetan. Proposamenak «maitasunez eta interesez» aztertuko dituela agindu zion Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Litekeena da erantzuna gaur bertan iristea; Jaurlaritzako eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek gaur bertan egingo dute beste bilera bat (16:00), «balizko topaguneak» bilatzeko, Azpiazuren hitzetan. Talde politikoek astelehenera arteko epea dute osoko zuzenketak aurkezteko, baina, atzoko bileraren ondoren, Gorrotxategik esan zuen «goiz» dela jakiteko koalizioak kontuen kontra egingo duen: «Gobernuak gure proposamenetik onartzen duenaren edo ez duenaren arabera erabakiko dugu».
Modu telematikoan egin zuten atzoko bilera; izan ere, berrogeialdian dago koalizioko talde parlamentario osoa, euren artean COVID-19 kasu positibo bat atzeman dutelako. Miren Gorrotxategi, Jon Hernandez eta David Soto legebiltzarkideek osatu dute Elkarrekin Podemos-IUren ordezkaritza.
Funtsean, koalizioak Jaurlaritzari eskatu dio gastu publikoa handitzeko: bere proposamenen balioa 392,9 milioi eurokoa da, eta, hori ordaintzeko, galdegin dio defizit muga handitu dezala: %2,2tik %2,6ra: «Badakigu teknikoki gastu publikoa areagotu daitekeela. Horrek ahalbidetuko luke diru nahikoa izatea guk planteatutako proposamenak aurrera atera ahal izateko». Gorrotxategik esan du ez dela erabat onartzeko edo baztertzeko testu bat, eta «hitz egiteko aukera» ematen duela: «Gu prest gaude akordioetara iristeko, zeinek betiere balioko baitute jendearen bizimodua nabarmen hobetzeko».
Bilkuraren ondoren, Elkarrekin Podemos-IUrentzat hitz atseginak izan zituen Azpiazuk, uste baitu koalizioa izan dela «aurrekontuen inguruan benetako negoziazio batean sartzeko asmoarekin joan den bakarra». Hortaz, konpromisoa hartu du proposamena «patxadaz aztertzeko».
EH Bilduz «kexu»
Azpiazu, ordea, kexu azaldu zen EH Bilduren jokabidearekin; salatu zuen indar subiranistak 10:00etan bidali zuela bere proposamenak jasotzen dituen txostena, prentsan aurkeztu baino minutu batzuk lehenago: «Oso ezohikoa eta desegokia iruditzen zait EH Bilduk aurrekontuen proiektuaren inguruan bere proposamena egiteko modua: prentsaurrekoan, negoziazio mahaian aurkeztu beharrean. Ez dirudi logikoena baldin eta akordio batera iristea bada helburua».
Izan ere, EH Bilduk iragarria zuten bere txosten batean bilduko zituela bere proposamenak, eta atzo aurkeztu zuen. 429 milioi euro jartzea eskatuko luketen proposamenak egin ditu, hiru ardatzetan banatuta: diru sarrerak handitzea, zerbitzu publikoak indartzea eta pandemian ohiko funtzionamendua mugatua duten sektore ekonomikoak erreskatatzeko funts bat osatzea; horrez gain, eskatu dio Next Generation Europako funtsei buruz eztabaidatzeko «esparru iraunkor bat» ezartzeko urtarrilaren 31 baino lehen.
Txostena aurkezteko agerraldian, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu zuen «inork» ez lukeela ulertuko, «baliabideak egonda, oinarrizko arloak diren osasuna, hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoak ez indartzea». Erantsi zuen datozen hilabeteetan «asko» dagoela jokoan, eta, «ardura politikoz», Jaurlaritzari «elkarrizketarako eta akordiorako aukera» eskaini zizkion: «Gure proposamenak errealistak dira; gure ahalmen ekonomikoaren barruan daude, eta herri honen pertsonen beharrei erantzuten diete».
Lehen bilera sorta amaituta, murriztu egin dira akordiorako aukerak. Asteartean, PP+C's koalizioko kideak bildu ziren Azpiazurekin, eta Carlos Iturgaiz bozeramaileak iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Jaurlaritzak adostasunerako atea itxi zion Voxi ere. Hilaren 29an eztabaidatuko dituzte osoko zuzenketak.
«Maitasunezko» negoziazio bat
Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzari eskatu dio ia 400 milioi euro handitzeko gastu publikoa. Azpiazuk esan du EP dela hitz egiteko prest egon den oposizioko indar bakarra; gaur bilduko dira berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu