Unibertsoa «handitu» du

James Webb teleskopioak unibertso primitiboaren argazkiak atera ditu. Tom Broadhurst Ikerbasqueko astrofisikari eta EHUko kidea aurkikuntzako lantaldearen parte izan da.

Webb teleskopioak hartutako Stephanen Boskotea galaxia multzoa. NASA.
Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Egunero argitaratzen eta zabaltzen dira hamaika aferen inguruko argazkiak. Baina inoiz gutxi erakartzen dute mundu guztiaren interesa. Joan den astean gertatu zen, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak unibertso primitiboaren zatitxo bat agertzen den bost argazki argitaratu baitzituen. Orain arte unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira, James Webb teleskopioak eginak. Joan den asteko asteartean, uztailaren 12an, zabaldu ziren.

Tom Broadhurst, Ikerbasqueko astrofisikaria EHUn eta DIPCko kidea, aurkikuntza horretan parte hartu duen lantaldeko kideetako bat izan da, parte hartu baitu teleskopio espazialak egindako kosmosaren sakonera handieneko irudiaren lehen azterketan.

Virginia Garciak Aranzadi zientzia elkartean lan egiten du, kultura zientifikoa sustatzen. Honela mintzatu da irudien inguruan: «Niretzat oso berezia da, batez ere, noraino iritsi den. James Webbek egin izan diguna da unibertsoa handitu. Orain arte inoiz ikusi ez genuen puntu bateraino iritsi da».

Garciak argitu du irudiak ikusgarriak badira ere bertan agertzen diren koloreak artifizialki gehitutakoak direla. «Ez da teleskopio optiko bat bezalakoa. Egin dutena da irudi horiek lortu eta gure begiek ulertzen duten lengoaia batera itzuli». Horrek ez du erran nahi kolorerik gabeko objektuak direnik, baizik eta eurek igortzen duten argiak informazio anitz duela eta giza begiek ezin dutela ulertu. Informazio hori erabiltzen da galaxien inguruan gehiago ikasteko: nola eratzen eta aldatzen diren, hain zuzen ere.

Irudi horiek ateratzeko bi teknika erabiltzen ditu Webb teleskopioak: infragorriak eta espektroskopia. Lehenbizikoaren bidez, giza begiak ikusi ezin dituen xehetasunak topa ditzake. Hala, hauts artetik ikusteko gaitasuna du Webbek, baita gorputz hotzagoak detektatzekoa ere. Modu horretan, unibertso primitiboa behatzeko aukera du teleskopioak.

Bigarren teknikaren bidez, teleskopioak argia deskonposatzen du, eta argi uhin ikusgarri eta ikusezinen longitudeak neurtzen ditu. Teknika horren bidez, objektu jakin baten espektroa aztertzea lortzen dute. «Gizaki bakoitzak badu DNA bat, eta planeta bakoitzak espektro jakin bat dauka», argitu du Garciak. Azterketa horrekin, izar edo planeta bakoitzaren konposizioa zein den determinatu ahal izanen da. Ondorioz, objektu horretan ura dagoen ala ez identifikatzeko aukera dago, adibidez.

Irudi motak

Teknika horiek erabiliz lortutako argazkiak hiru multzotan sailka daitezke. Lehenbiziko mota WASP-96b exoplanetaren espektroskopia datuak dira. 1.150 argi urtera dagoen objektu bat da. Garciaren erranetan, teleskopioak exoplanetaren argia aztertu zuen, gerora objektu horren konposizioa analizatu ahal izateko. Azterketa horien bidez exoplaneta horren ezaugarri andana bildu dute: ur arrastoak, lanbro aztarnak eta atmosferan lainoa.

Bigarren mota Hegoaldeko Eraztun eta Eta Carinae nebulosen irudiek eta Stephanen Boskotea galaxia multzoak osatzen dute. «Horiek ezagutzen genituen; ez dira irudi berriak», adierazi du Garciak. Hegoaldeko Eraztun nebulosa hilzorian dagoen izar baten inguruan hedatzen ari den gasezko hodei bat da. Eta Carinae nebulosan, berriz, izarren sorrerari buruzko informazioa dago. NASAk adierazi du ez dela uste bezain prozesu «baketsua», «ezegonkorra eta suntsitzailea» dela.

Azkenik, Stephanen Boskotearen irudia Webbek inoiz ateratako argazkirik handiena da, 1.000 irudi elkartuz sortutakoa. Bost galaxia daude bertan. Horietako bat 40 milioi argi urtera dago, eta bertze laurak, 290 milioi argi urtera. Galaxia gorenaren erdialdean, gainera, zulo beltz bat ere badago.

Hirugarren mota espazio sakonaren argazkiak osatzen du. SMACS 0723 kumulua agertzen da bertan. 4.600 milioi argi urtera dago, eta infragorrian inoiz aztertu den objekturik urrunekoena da.

Berrikuntza: zehaztasuna

James Webbek bidalitako irudiak 1990. urtean espazioratutako Hubble teleskopioak ateratakoen antzekoak dira. Hala ere, Webbenak bereizmen handiagoan daude, eta urrunago dauden objektu andana erakusten dute. Izan ere, teleskopio berriak zabor espaziala zulatzeko ahalmena du. Aurrerapauso handia dela adierazi du Garciak: «Poliki-poliki osatzen ari gara ez lurraren mapa, baizik eta unibertsoarena».

NASAk adierazi duenez, hilabeteak beharko dira lehenbiziko irudiak aztertu ahal izateko. Baita James Webb teleskopioa zer egiteko gai den erakusteko ere.

Luzera begira, teleskopioaren helburua izanen da unibertsoan bizitza gehiago dagoen ikertzea eta, baldin badago, horretarako baldintzak aztertzea. Horretarako, teleskopioak unibertsoko hainbat objektu behatuko ditu.

Hurrengo hilabeteetan, Broadhurstek eta bere lankideek datu berri horietan detektatutako materia iluna uhinez edo partikulaz osatuta dagoen jakitera heldu nahi dute. Irekita dagoen galdera zabala da hori, galaxien, izarren eta bizitzaren jatorriari dagokionez ondorio sakon eta askotarikoak dituena.

NASAk jakinarazi duenez, mundu osoko ikerlarien proposamenetara irekita egonen da teleskopioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.