Goizero bezala, dozenaka behargin elkartu dira 08:00etan Uvesako langa automatikoaren alde banatan. Gaueko txanda amaituta, lantegitik ateratzen ari dira batzuk; beste askorentzat, berriz, lanaldiaren hasiera da. Burumakur doaz gehienak, hitz erdirik ere esan gabe: «Ezinegonez eta beldurrez bizi ditugu egun hauek: lanera etorri behar dugu ezinbestean, baina ez dugu gaixotu nahi», esan du Emine Maaloufek, presaka, Peugeot 205 autoan sartu eta atea itxi aurretik. Azken egunetako COVID-19 agerraldien ostean, kezkaren epizentro bihurtua da Tutera (Nafarroa). Atzo, Uvesako lantegia behin-behinean ixteko erabakia hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta enpresako arduradunek, ostegunean 197 positibo atzeman ostean —lantalde osoaren %28 inguru da hori—. Langileei seroprebalentzia probak eginen dizkiete, eta enpresako instalazioak desinfektatuko dituzte datozen egunetan. Badaezpadako neurriok, baina, ez dute balio izan langileen eta bizilagunen ezinegona amatatzeko.
Haragiaren sektoreko enpresa bat da Uvesa: hegaztiak prozesatzen dituzte Tuterako Montes del Cierzo industrialdeko hiltegian eta ekoizpen lerroan. 713 beharginek egiten dute lan bertan; haietako asko, etorkinak. «Soldata txikia ordaintzen diete, eta baldintza eskasetan ari dira langileetako asko: segurtasun tarterik gabe, ez ekoizpen lerroan, ez jantokian. Behin baino gehiagotan salatu dugu enpresaren jokabidea», azaldu dio BERRIAri CCOOko ordezkari Jesus Cerasek.
Lantegiaren atarian, Uvesako arduradun bat ari da langile berriei oharrak ematen. Kazetari batzuk ere badira inguruan, lanaldia amaitu dutenei galderak egiten. Beharginek ez dute hitz egin nahi, ordea. Ez, behintzat, enpresako arduradunen begiradapean. «Ez dakit», «presaka nabil», «ez naiz hemengoa, ez dut ulertzen». Erantzun horiek errepikatzen dituzte gehien. Metro batzuk harago, aparkalekuan, erantzutera ausartu dira bakan batzuk: «Eman dizkigute maskarak, baina langile askok ez dituzte jartzen, edo lepoan daramatzate... Ardura falta handia nabaritu dut askoren partetik», azaldu du Maaloufek.
Harekin bat dator Mikel —ez du benetako izena eman nahi—. Ekoizpen lerroko langilea da gaueko txandan. Ostegunean egin zioten PCR proba, eta etxean bakartuta eman zuen eguna, emaitzaren zain. Negatibo eman zuela ikusi eta berehala, lanera itzuli zen atzera ere: «Bagenekien positiboak agertuko zirela, baina ez hainbeste. Ezustean harrapatu gaitu honek. Argi dago enpresak jarritako neurriak ez direla nahikoak izan».
Martxotik, segurtasun neurri zorrotzagoak eta lan baldintza egokiak eskatu dituzte sindikatuek, baina, salatu dutenez, Uvesako zuzendaritzak entzungor egin die orain arte. ELAk —gehiengoa du enpresan— jarduera «segituan» etetea galdegin zuen, eta, zuzendaritzak halakorik egin ezean, gobernuari esku hartzeko eskatu zion. CCOOk, berriz, salaketa jarria zuen Lan Ikuskaritzan. Denborak arrazoia eman diela uste du Cerasek. «Langileek pilatuta egiten dute lan, elkar ukitzen kasik, eta atsedenaldian ere ez dago espazio nahikorik. Hamaiketakoa hartzeko txandak ezar zitzakeen enpresak, baina ez zuen egin. Espero dezagun gaitzaren agerraldi honek balio izatea, behingoz, lan baldintza egokiak ezartzeko».
Hain zuzen, EH Bilduk lantokiak ikuskatzeko neurrien inguruan galdetuko dio Nafarroako Gobernuari. Koalizio abertzalearen ustez, Uvesako kasua «eskandaluzkoa» da: «Oso kezkagarria da enpresak aurretik beharrezko neurriak hartu ez izana. Izan ere, lantegi horretan neurririk ez zegoelako piztu zuten alarma sindikatuek».
Izurriaren itzala Tuteran
Uvesaren itxierak kalapita handia piztu du Tuteran, han bizi baitira lantegiko behargin gehienak. Ezinegona, baina, ez da oraingoa. Joan den asteartean 21 positibo atzeman zituzten Nuestra Señora de Gracia zahar etxean, hiriko erdigunean, eta beldurraren mamua hedatu zuen agerraldi horrek ere: «Kezka handia dugu orain, barruan gelditu direnengatik», azaldu du Elena Martinezek. Zahar etxeko erabiltzailea du ama, eta bisita egitera joan zaio, baina burdinazko hesi baten bestaldetik ikusi behar izan du. «Animoz eta osasunez ongi ikusi dut, baina ezin dut ezinegon hau gainetik kendu», gaineratu du.
Tuterako parte zaharreko bizilagun eta dendariek ere nabaritu dute kaleko giroa asko apaldu dela egunotan. «Egoera zaila zen lehendik ere, baina beherakada latza nabaritu dugu azken egunetan», esan du Ana Lalindek. M&A arropa dendaren jabea da, eta, kontatu duenez, apenas sartu zaion bezerorik azken egunetan. «Kaleak hustu egin dira. Azken kutsatzeek areagotu egin dute jendearen beldurra».
Koronabirusa
Kezkaren epizentroan
Azken astean, Tutera zurrunbiloaren begian egon da, COVID-19aren agerraldi jendetsuen ondorioz. Uvesa enpresa behin-behinean itxi behar izan dute, lantaldearen %28k positibo eman ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu