2022a. Urte horretarako osa liteke guztiz Gernikako Estatutua, bete gabe lau hamarkadatik gora igaro eta gero. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak zorrotz jarraitzen badiote Madrilek proposatutako egutegiari, transferitzeko dauden eskumen ia guztiek Jaurlaritzaren esku beharko lukete 2021eko ekainerako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoa eskualdatzea faltako litzateke; 2021eko ekainetik aurrera transferentzia hori «aztertzen hastea» aurreikusi du Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzaren esku uzteko eperik zehaztu gabe.
Horixe zen Espainiako Gobernuak atzo aurkeztutako egutegiak gordetzen zituen interesgune nagusietako bat. 2019ko urtarrilean osatutako plangintzan, Pedro Sanchezen gobernuak negoziaziotik kanpo utzi zituen Gizarte Segurantzari lotutako lau eskumenak; urtebete igarota, ordea, idatziz jaso ditu Madrilek, baina zehaztasun handirik gabe.
Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikarako ministroa eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua, nor bere taldeek lagunduta, Gasteizen batzartu ziren atzo, 1979ko estatutuan jasota dauden baina oraindik Jaurlaritzaren esku ez dauden eskumenen transferentzia gauzatzeko egutegia eguneratzeko. Batzarraren ostean, Erkorekak aitortu zuen Gizarte Segurantzaren arloan desados- tasunak daudela bi gobernuen artean, baina balioa eman zion eskumen horiei buruzko «aipamena» jasotzeari: «Kronogramak aipamena egiten die eskumen guztiei, termino batzuetan edo besteetan». Erkorekak azaldu zuen batzarra «oso emankorra» izan zela eta «aurrerapauso garrantzitsuak» eman zituztela: «Biok argi ikusten dugu premiazkoa eta lehentasunezkoa dela estatutuaren betetze bideari bultzada ematea». Erkorekak adierazi zuenez, «harremanetan aro berri bat» zabaldu da bi gobernuen artean.
Espetxeak, ekainetik
Jaurlaritzak 2016-2020 aldirako gobernu programan ezarritako lehentasunen artean zegoen Gizarte Segurantzari buruzko eskumenak eskuratzea, espetxeen kudeaketarekin batera. Atal horretan, badira aldeak Madrilek iaz eta orain aurkeztutako bi proposamenen artean; 2019ko agirian, azken blokerako utzi zuen Sanchezen gobernuak, eta bigarrenera aurreratu du orain; ekainetik abendura bitartean jaso beharko luke Jaurlaritzak Zaballa, Martutene eta Basauriko kartzelak kudeatzeko konpetentzia.
Bestalde, Dariasek azaldu zuen martxoaren 16an batzartuko dela Transferentzien Batzorde Mistoa, lehen eskumenak eskualdatzeko: farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua eta enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak. «Kronograma errealista bat» egin nahi izan dute, Dariasen arabera.
Espetxeen eskumenaz, Sare plataformari «datuak falta» zaizkio balorazio bat egiteko: «Ez dakigu zein izango den transferentziaren mamia eta beronen garapena, eta horrek era zuzenean baldintzatuko ditu ekar ditzakeen ondorioak». Izan ere, Sareren hitzetan, «ezberdina» da «estatuaren espetxe politika bera aplikatuz, beronen exekuzioaren gaineko transferentzia soilik izatea» edo «Euskadiri bere espetxe politika propioa garatzea ahalbidetuko dion transferentzia bat izatea». Bigarrena aurrerapausotzat du Sarek; aldiz, lehena bada, «ez lituzke egoera honi aterabidea emateko bideak zabalduko». Gainera, eskatu du, euskal presoen kasuan, eskumen hori Espetxe Zaintzako epaitegietatik Euskal Herriko auzitegietara eramateko, «Auzitegi Nazionalaren mende» egon ez dadin.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du «gogobete» egin duela akordioa eta lanean jarraituko dutela egutegia bete dadin. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren arabera, berriz, euskal autogobernuarekiko «konpromiso argiari» erantzuten dio hitzarmenak.
Zehaztu gabeko keinua Gizarte Segurantzari
Madril 2021eko ekainean hasiko da aztertzen nola eman Gizarte Segurantzako eskumenak. Iaz baino lehentasun handiagoa eman dio espetxeen transferentziari; ekainetik aurrera negoziatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu