Abian da geometria aldakorreko legealdia

Indar korrelazio eta gehiengo berriak azaleratu dira Nafarroako Legebiltzarrean, urte politikoaren hasieran. Adostasunik ez Geroa Bai eta Ezkerraren artean, senatari autonomikoaren aukeraketan

Lehen lan saioa egin zuen atzo parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Lauko gobernua hil da, gora lauko gobernua. Nafarroako Parlamentuko lehen lan saioak agerian utzi du urte politiko soilaz gain aro politiko berri bat ere abiatu dela foru erkidegoan. Joan den legealdiko indar korrelazioa etenda, gehiengo parlamentario berriak datoz: laukotea eta UPN-PSN-PP entente cordiale-a bereizten zituen marra gorria lausotu da erabat, eta aurreko gobernuari eusten zioten lau taldeen arteko batasun estrategikoa ere deseginda dago.

Gehiengo garbirik ezean, geometria aldakorreko akordioek zedarrituko dute 2019-2023 legealdia, eta adostasun horietara iristeko gaitasunak baldintzatuko du gobernuaren egonkortasuna. Horren isla garbia izan zen atzoko Mahai eta Eledunen Batzordea.

Lehen lan saio horretan, senatari autonomikoa aukeratzeko prozesua izan zen eztabaida piztu zuen gaietako bat, Geroa Bairen eta Ezkerraren artean, batez ere. Aurreko legealdiko akordioek indarrean segitzen duten ala ez: horra polemikaren gakoa. Ezkerrak dio hari dagokiola senatari izateko hautagaia proposatzea, Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-rekin apirilean sinatutako hitzarmenean hala jaso zutelako. Geroa Baik, berriz, uste du baldintzak aldatu egin direla eta ituna bera ez dagoela indarrean. Hortaz, hautagai propioa aurkezteko asmoa du, PSNrekin ados jarrita.

Apirileko itunean, senaturako hautagaitza adostu zuten lau indarrek, Aldaketa izenpean. Zerrenda hartan, postu bana zegokien Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-ri. Ezkerrari, berriz, senatari autonomikoa aukeratzeko eskubidea aitortu zitzaion, gainontzeko hiru taldeen babesarekin. Aldaketa zerrendak ez zuen ordezkaririk lortu apirileko hauteskundeetan. Hori dela eta, Geroa Baik uste du itunak ez duela balio: «Akordioa indargabe gelditu zen apirilaren 28an bertan», esan zuen Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek, atzoko saioan. Ezkerrako Marisa de Simonen aburuz, berriz, ituna indarrean da «beste hauteskunde deialdi bat egiten ez den bitartean».

EH Bilduk atzo berretsi zuen Ezkerrako hautagaia babestuko duela: «Hori izan zen sinatu genuena, eta hitza beteko dugu», azaldu zuen Bakartxo Ruizek. Hortaz, Ezkerrak ziurtatuak ditu zortzi parlamentariren botoak. Geroa Baik, berriz, PSNren botoekin, hogei izanen lituzke, Navarra Sumak bezainbeste —eskuineko koalizio espainiazaleak ere asmoa du hautagaia aurkezteko—. Kasu horretan, Navarra Sumarentzat litzateke senataria, berdinketa izanik, boto gehien jaso zituen zerrendako hautagaia aukeratu behar baita. Hori dela eta, Geroa Baik «ardura» eskatu die gobernu bazkide ohiei: «Erantzukizunez jokatu beharko dute batzuek eta besteek; apirileko itunari eutsiz gero, senataria Navarra Sumari oparituko zaio».

Ahal Dugu-ko Mikel Builek, azkenik, erdibidean kokatu zuen bere burua: akordioa indarrean dela onartu eta Ezkerrari arrazoia emanda ere, «babes handiagoa bila dezala» galdegin zion Marisa de Simonen koalizioari, eta «kontsentsurako deia» egin zien alde guztiei.

Senatariaren aukeraketaz galdetuta, aro politiko berriaren deskribapenik zehatzena egin zuen PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek: «Iragan legealdiko kontuak horixe dira, iragana, eta hor utzi behar ditugu».

EH Bilduk ere argi utzi nahi izan zuen egoera berrian oposizioan egonen dela «argi eta garbi», eta estu hartuko duela Maria Txibiteren gobernua: «Gutxiengoan dagoen gobernu bat da, eta frogatu egin beharko du negoziatzeko eta adostasunera iristeko borondatea», esan zuen Bakartxo Ruizek. Haren esanetan, EH Bilduk ez du atzerapausorik onartuko «eskubide sozialetan, hizkuntz eskubideetan eta aberastasunaren banaketan».

UPN, erreketeen ekitaldian

Parlamentuko Mahaiak, bestalde, adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo [PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoekin], Leitzan abuztuaren 25ean eginiko omenaldi karlista gaitzesteko. 1936ko gerran hildako lehen erreketearen omenezko ekitaldia izan zen, eta, atzo adostutako agirian, parlamentuak arbuiatu zuen Navarra Sumako bi ordezkari izan zirela omenaldi hartan: Iñaki Iriarte eta Patxi Perez. «36ko estatu kolpearen printzipioei gorazarre egin zitzaien», dio adierazpenak. Navarra Sumak, aldiz, ukatu egin du hura ekitaldi «frankista» izan zenik, eta auzitara jotzearekin mehatxu egin du: «Informazio faltsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.