Inflazioak gorantz jarraitzen badu ere, bada itxaropenerako tarterik. Aurrera begira, argi izpi batzuk ageri dira lehengai metalikoen merkatuetan, egoera lasaituko ote den. Adierazlerik argiena burdinaren salneurria da: uztailaren 16tik beheranzko joera argia izan du, %62 egin baitu behera —%30 azken hilabetean—. Burdina altzairuaren ekoizpenerako lehengaietako bat izanik, azken hilabetean eraikuntzan erabili ohi den altzairu ijeztua ere %28 merkatu da; eta aluminioaren prezioa marka historikoetatik badator ere, azken 30 egunetan %12 jaitsi da. Dena den, egoerak zuhurtzia eskatzen du. Izan ere, oraingoz ez dago aldaketarik Hego Euskal Herriko galdategiek kaleratutako urriko txatarraren eta altzairuaren prezioetan.
Goiz al da oraindik, ala merkatze horrek zerbait adierazten du? Niko Cuenca ekonomistak uste du joera aldaketa baten hasiera izan daitekeela. «Aldaketa hori ondo islatzen da etorkizuneko merkatuetan. Bertan negoziatzen diren kontratuek epemuga batzuk dituzte, eta jaitsiera bat islatzen da abenduko, urtarrileko eta otsaileko prezioetan». Horregatik, etorkizuneko merkatuek aurreratutako egoera hori eguneroko merkatuen bilakaeran errealitate bihurtzea espero du.
Prezioen jaitsieraren atzean, Txinako egoera ekonomikoa dago. Cuencak gogora ekarri duenez, konfinamendu gogorra ezartzen lehena izan zen, eta «lehena izan zen ateratzen ere». Iazko udatik ekonomiak hazkunde handia izan du, «bertikal-bertikala». Adibiderik argigarriena eraikuntza sektorea izan da: Asiako erraldoiaren ekonomiaren laurdena ordezkatzen du, eta hain azkar hazi da ezen haren material beharra asetzeko altzairua esportatzeari utzita inportatzen hasi dela Txina. Alta, beroaldiak bere ordaina ekarri du. Evergrande higiezin arloko erraldoia kinka larrian da, sektoreko beste enpresa batzuk bezala: «Izu handia zabaldu da burbuila lehertzear ote dagoen; Txinako Gobernuak zorpetzea kontrolatzeko esku hartu du, eta sektorea asko gelditu da. Txinaren eraikuntza alorra gelditzeak eskaria jaistea eragin du merkatuetan».
Itsas garraioan eragina
Txinak utzitako hutsune hori eraikuntzan erabili ohi dituen lehengaien prezioetan islatu da. Baita handizkako itsas garraioan ere. Baltikoko Lehor Indizeak (Badi) edukiontzirik gabe ontziratzen diren osagaien garraioaren kostua erakusten du —hala nola zementua, burdina, altzairua, zerealak...—, eta urriaren 7tik %50 merkatu da. «Aurreko urteekin alderatuta, indizeak goian jarraitzen du, baina azken hilabetean izugarri jaitsi da».
Alta, edukiontzietan doazen produktu amaituen itsas garraioan ez dago aldaketa handirik, eta hori da aurtengo hornidura arazoen eta inbutu efektuaren faktore nagusietako bat. Cuencak azaldu duenez, CO2 emisioak murriztu eta ikatzarekiko menpekotasuna leuntzeko asmoz, neurriak hartu zituen Txinako Gobernuak, baina ez zuen nahikoa gas inportatu argindarrak ekoizteko eta bere produkzio beharrei erantzuteko. Horrek argindar mozketak eragin ditu industria ekoizpen handiko probintziatan. «Argindar mozketen ondorioz, industriako enpresen %44 ezin ekoitzi ibili dira. Industria bat atzeratzen bada, edukiontzia betetzea geldotzen da, eta zamaontziak ez dira ateratzen erabat beteta egon arte».
Atzerapen horiek urduritasuna eta tentsioa eragiten dute munduko hornidura kateetan. Eskasiari erantzuteko, eskaria handitzen dute enpresek, eta horrek arazoa areagotu besterik ez du egin. Maersk munduko itsasontzi bidezko garraio enpresa handiena da, eta lasaitasuna eskatu du bere akziodunetako batek, APM Terminals enpresako buruak:«Gurpil zoro hori nola hautsi asmatu behar dugu. Kontsumitzaileen eskaria apaldu behar dugu hornidura kateari eguneratzeko beta emateko, edo hazkundea beste modura banatzeko», azaldu du APMko presidente Morten Engelstoftek,
Cuencaren arabera, beharrezkoa da hornidura kateari lasaitasuna ematea: «Eskariak soka gehiago tenkatzen badu, korapiloa ez da inoiz desegingo. Alderantziz, sokari tentsioa kendu behar zaio korapiloa askatzeko. Hori esaten ari dira itsasontzi enpresak». Alarmismoa baretzeak lagunduko luke, baina, halaber, esatea baino zailagoa da egitea, batik bat Eguberrien atarian. «Kontsumo handiko egunak datoz. Hurrengo asteak gogorrak izango dira. Enpresek biltegiak bermatu nahi izan dituzte, eta eskatu behar zuten baino gehiago eskatu dute. Horrek tentsio handiagoa eragin du».
Industriari onura, oraingoz
Dena den, altzairuaren eta burdinaren merkatuan soka apur bat lasaitu dela ematen du, eta joera hori sendotzeak mesede egingo dio Euskal Herriko industriari. Dena dela, egoera ekonomiko orok du bere ifrentzua, eta Cuencak ohartarazi du Txinaren gehiegizko moteltzea kezkagarria dela, batik bat burbuila baten eztandaren ataria bada. Hirugarren hiruhilekoan, barne produktu gordinaren urtearteko hazkundea %4,3koa izan da eta bigarren hiruhilekoarekin alderatuta %0,2koa. «Txina da gure esportazioetarako jomugetako bat. Produkzioa murrizten bada, metalen eskaria jaitsiko da eta prezioak murriztuko dira, bai; baina ez diogu hainbeste salduko Txinari. Egoera bakoitzak bi alde ditu».
Horrek ez du esan nahi ere inflazioa berehalakoan jaitsiko dela. Alde batetik, Cuencak uste du energia kostuen igoera eta lehengaien garestitzea ez dela azken prezioetan oraindik erabat islatu. Bestetik, mikrotxip eta beste osagai garrantzitsu batzuen ekoizpena Europara ekartzeak edo krisi honek just in time ekoizpen eredua auzitan jartzeak bere ondorioak izan ditzake luzarora. Cuencak uste du %2-%3ko tartean ibiliko dela hurrengo urteetan KPIa. Ezin da ahaztu Europako Banku Zentralak helburu hori duela, oreka egokia delakoan.
Salneurrien garestitzea. Lehengaiak
Soka apur bat askatu da
Urtebetean lehengai metaliko asko nabarmen garestitu diren arren, burdina, altzairua eta aluminioa merkatu egin dira azken hilabetean. Txinako eraikuntza gelditzeak arnasa eman die prezioei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu