Mundu osoko berrehun ordezkari inguruk astebete daramate NBE Nazio Batuen Erakundeko egoitzan nazioarteko urak babestea helburu duen akordio lotesle bat adosteko ahaleginetan. Datorren ostirala dute epemuga: ordurako hitzarmenik itxi ezean, ezingo dute bete 2030erako nazioarteko uren heren bat babesteko helburua. Horiek hala, eta ikusita lehen astean gehiago izan direla oztopoak aurrerapausoak baino, atzoz geroztik bilerak luzatzen hasi dira nazioarteko ordezkariak.
Ikusi gehiago:Pilar Marcos: «Sarraskiak egitea legezkoa da oraindik, baina ez etikoa»
Negoziazioak hutsean amaituko diren beldur, joan den ostiralean elkarretaratze bat egin zuten NBEren New Yorkeko egoitzaren aurrean, ingurumenaren aldeko mugimenduek eta talde ekologistek deituta. Orduan salatu zuten elkarrizketak ez aurrera ez atzera zeudela une hartan. BERRIAk jakin ahal izan duenez, baina, azken orduetan pauso txikiak ematen hasiak dira ordezkariak.
Iparraldeko estatuen eta hegoaldekoen arteko talkak kezkatzen ditu gehien gobernuz kanpoko erakundeak. «Maurizion hasiak gara nabaritzen ozeanoetako krisiaren ondorioak. Baina ordezkari askok ez dute presarik, eta orduak igarotzen dituzte aspaldian erabakita dauden puntuak eztabaidatzen. Guri huts egiten ari dira, uharteko komunitateei eta datozen belaunaldiei», salatu du Mauricio uharteko ekintzaile batek.
Itsasoen bi heren
Nazioarteko urak dira ozeanoen %64, eta oraindik aztertzeko dauden ekosistema eta espezie anitz aurki daitezke bertan, adituen arabera. Itsasontzien irismen gero eta handiagoak, itsaso sakoneko meatzaritzak eta itsas espezieen bioprospekzioaren gisako jarduera berriek handitu egin dute biodibertsitatea galtzeko arriskua. Hori eragozteko asmoz, iazko urtarrilean 50 herrialdek proposamen bat aurkeztu zuten NBEn, eskatuz neurriak har zitzatela 2030erako planetako lur eta itsas eremuen %30 babesteko. Baina, akordio loteslerik ezean, neurriok ez dute eraginik izango nazioarteko uretan.
Gaur egun, herrialde guztiek askatasuna dute nazioarteko uretan nabigatzeko, bertan arrantza egiteko eta zientzia ikerketak egiteko; ur horien %1,2 soilik daude nolabait babestuta. Stockholmeko Unibertsitateko irakasle Jean-Baptiste Jouffrayren esanetan, azken bi edo hiru hamarkadetan nabarmen azkartu da baliabideen ustiaketa, eta, aldiz, ez da inolako neurririk hartu hori kontrolatzeko. «Ozeanoetako baliabideak ustiatzeko lasterketa bat dago hainbat sektoretan, baina ez dago hori gainbegiratuko duen inor. Badira bi gezur handi askotan errepikatzen direnak: edonork balia dezakeen eremu huts bat dela nazioarteko urek osatzen dutena, eta eremu lasai bat dela», azaldu du Jouffrayk.
Ozeanoak babesteko beharra ez da berria. 2010ean Japonian egindako biodibertsitateari buruzko goi bileran jarri zituzten hogei xedeetako bat izan zen hori. Baina bi hamarkada igaro dira, eta ez dute urratsik egin. Tarte horretan, itsasoen egoerak okerrera egin du. «Afrika mendebaldean ikusi dugu nola joan diren desagertzen arrain espezieak Europako itsasontziek kopuru handietan arrantzatu dituztelako. Horrek arriskuan jarri ditu eskualdearen bizimodua eta elikadura segurtasuna», salatu du Awa Traorek, Greenpeacek Afrikarako duen ordezkariak. Traorek ohartarazi du akordioa gehiago atzeratzeak herritarrek agintariengan duten fedea murriztuko duela: «Ordezkariek beren gobernuen konpromisoak betearazi behar dituzte, eta hitzarmen zabal bat adostu».
Larrialdi egoeran
Ozeanoei buruzko NBEren konferentzia batean, joan den ekainean, Antonio Guterres idazkari nagusiak nabarmendu zuen itsasoak «larrialdi egoeran» daudela, eta zenbait gobernuren berekoikeriari egotzi zion orain arteko ahaleginek huts egin izana. Lisboan egindako goi bilera hartan Jurisdikzio Nazionaletik Haragoko Biodibertsitaterako batzordeko buru Rena Leek ordezkariei ohartarazi zien orain egiten ari diren hau dela akordio bat lortzeko «azken aukera».
Ozeanoak oinarrizkoak dira klima larrialdiari aurre egiteko, beroaren %90 xurgatzen dutelako, berotegi efektua gutxituz. Baina, Munduko Meteorologia Agentziaren arabera, aurreko urteetako marka guztiak hautsi zituzten iaz itsasoen mailaren igoerak, azidotzeak eta berotegi efektua eragiten duten gasen kontzentrazioak, karbono dioxidoa xurgatzeko ozeanoen gaitasuna murriztuz.
Nazioarteko akordio bat lortuko balute ere, erakunde berri bat eratu beharko lukete akordio hori betetzen den zainduko duena, eta hark elkarlanean aritu beharko luke beste instituzioekin. Proposamena lehen aldiz NBEra heldu zenean, ordea, argi utzi zuten erakunde berriak ez lituzkeela egun daudenen eskumenak murriztu behar. Aldi berean, baina, gaitasuna beharko luke babestutako eremuak zehaztu eta horiek zaintzeko, baita nazioarteko uretan egiten diren jardunak baimendu eta mugatzeko ere.
Ingurumena
Ozeanoen alde, erlojuaren aurka
Nazioarteko urak dira ozeanoen bi heren, eta egun soilik %1,2 daude babesturik. 2030erako itsas eremuaren heren bat babestua izatea dute helburu NBEren elkarrizketek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu