Koronabirusa

Ziurtagiria indarrean denetik 39.000 lagun txertatu dira lehen aldiz Hegoaldean

COVID ziurtagirien aurretik txertatu ziren 12 urtez gorakoen %92; orain %94,5 dira. 103.000 ume ere txertatu dituzte. Agiriak indarrean egon diren bi hilabeteotan izurri osoko positiboen erdiak baino gehiago atzeman dituzte: 300.000

Gotzone Sagardui eta Iñigo Urkullu, atzo, Labiko bilerara bidean. RAUL BOGAJO / FOKU.
mikel p ansa
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
COVID ziurtagiriak ez du eragin nabarmenik izan txertatze kanpainan. Ipar Euskal Herriko txertaketen datu xeherik ez da, baina Hego Euskal Herrian indarrean jarri zirenetik, 12 urtez gorako 39.000 pertsona inguru joan dira lehen txertoa hartzera. 2021eko abenduaren 1erako, Hego Euskal Herriko 12 urtez gorako herritarren %92 inguru txerto bat behintzat hartuta zeuden. Aste honetako datuen arabera, %94,5 dira orain. Bi hilabete joan dira, eta, beraz, apenas nabaritu den ziurtagirien eragina.

The Lancet aldizkarian joan den abenduaren erdialdean argitaratu zuten artikulu bat —The effect of mandatory COVID-19 certificates on vaccine uptake (COVID-19 ziurtagiriek txertoen onarpenean duten eragina)—, Eusko Jaurlaritzak ziurtagiria leku itxi guztietarako ezarri zuen egunetan, eta azterketa horrek ez du zalantzarik agertzen: txertatzeak arrakasta txikiagoa izan duen herrialde batzuetan ziurtagiriak izan du eraginen bat, baina txertatze tasa handiagoak dituzten herrialdeetan apenas nabaritu den.

Ikerketan Alemania eta Danimarka aipatzen zituzten adibide gisa, eta horietan baino txertatze tasa handiagoa du Hego Euskal Herriak. Kantabriako Gobernuak, Espainian, urtarrilaren 19an kendu zuen ziurtagiriaren eskakizuna, iritzita ez duela balio koronabirusaren transmisioa eteteko, eta segurtasun sentipen faltsua sortzen duela. Hortaz, COVID ziurtagiriak zertarako balio izan duen galderak airean segitzen du.

Izurri osoko positiboen erdiak baino gehiago

Ezertarako balio izan al du COVID ziurtagiriak? Birusaren transmisio datuei erreparatuta, behintzat, ematen du ezer askorako ezetz, izurri osoko positiboen erdiak baino gehiago detektatu baitituzte azken bi hilabeteotan. Nafarroako Gobernuak azaroaren 27an ezarri zuen ziurtagiria zenbait establezimendutarako, eta Jaurlaritzak, abenduaren 4an—abenduaren 14an hedatu zuen toki itxi guztietara—. Osakidetzak 2020ko martxotik orain arte 600.000 positibo detektatu ditu, eta horietatik 300.000 joan den abenduaren 4tik. Osasunbideak 2020ko martxotik 180.000 positibo atzeman ditu, eta horietatik 100.000 joan den azaroaren 27tik.

Askoz kutsatu gehiago daude, baina ezin da jakin zenbat diren, positibo guztiak antzemateko lanari utzi diotelako administrazioek, baina COVID ziurtagiriak indarrean daramatzan bi hilabeteotan ez du eten SARS-CoV-2 birusaren transmisioa, bistan denez.

4.000 paziente gehiago ospitalera

Eta ospitaleratzeetan eragin du ziurtagiriak? Abenduaren 4tik 4.047 paziente eraman dituzte Osakidetzako zentroetara, eta azaroaren 27tik, 987 Osasunbideko ospitaleetara. Ezin da seguru esan ziurtagiririk gabe zer gertatuko zatekeen. Ospitaleratu gehiago izango ziren? Ospitaleratzeak saihestu ditu ziurtagiriak? Ezin da ezetz esan, baina baietz ere ez. Bistan dagoena, lehen olatuaz geroztik ez zela hainbeste gaixo ospitaleratu behar izan kolpez, baina, aldi berean, ZIUetara sartu behar izan dituztenak azken olatuetan baino gutxiago izan direla —oraingoz, behintzat—. Baina, horretan, ziurtagiriak baino eragin handiagoa izan dute txertoek, zantzu guztien arabera.

Lehen olatuaz geroztiko heriotza gehien

Eta heriotzetan, eragin positiborik izan al du ziurtagiriak? Bada, indarrean jarri ziren astean 26 hildako izan ziren Hego Euskal Herrian, eta urtarrileko bi astetan 160 gaixo baino gehiago hil dira COVIDarekin. Baina aintzat hartu behar da azkeneko bi hilabete hauetan 2020ko martxoko lehen olatu hartan baino jende gehiago kutsatu dela koronabirusarekin, eta garai hartan 300-400 heriotza zenbatu ziren lau astez jarraian. Orduan baino jende gutxiago hil da oraingoan —momentuz bederen—. Txertoen eragina sumatu liteke hobekuntza horretan, ziurtagiriarena baino gehiago; eta orain zabalduen dagoen aldaerak, omikronak, orduko aldaerak ez bestelako ezaugarri batzuk dituela ere bai.

Lehen aldiz txertatu den jenderik ez ia

Orduan, zertarako balio du ziurtagiriak? Jendea txertatzera bultzatzeko balio izan dute? Ez modu masiboan. Ziurtagiriak indarrean jarri zirenetik 12 urtez gorako 39.000 herritar inguru besterik ez dira joan lehen txertoa jartzera. Abenduaren 1erako, 2.358.000 pertsonak jarria zuten dosi bat; orain 2.396.000 dira —herritar guztien %84; txertatu daitezkeenen %94,5—. Zergatik ez da joan jende gehiago txertatzera? Bada, irudi duenez, txertatu nahi zuten gehienak lehendik txertatuak zeudelako, ziurtagiriak horretara behartu gabe ere. 12 urtetik gorako adin tarte guztietan %87tik gorako txertatze tasak ditu Hego Euskal Herriak, Europako handienetakoak. Eta ziurtagiriak indarrean jarri direnetik, batez ere txertatu gabeko gazteren batzuk joan dira lehen aldiz: bi hilabeteotan lehen aldiz txertatu diren 39.000 lagun horietatik 22.000k 12 eta 29 urte artean zituzten —horietatik 12.000k, 12 eta 19 artean—.

30 eta 49 urte arteko jende pixka bat ere joan da lehen aldiz txertoa hartzera: 12.000 lagun inguru —abenduaren 1erako, adin tarte horretako 688.000 lagunek hartua zuten dosi bat bederen; orain 700.000 dira—. Ziurtagiriek, beraz, bultzatu dute zenbait jende lehen aldiz txertatzera, baina ia ez da horren eragina nabaritzen kopuru orokorrean. Datu horiek erakusten dute txertatzea pentsatua zuten gehienak txertatuak zirela ziurtagirien beharrik gabe ere.

Umeak eta hirugarren dosiak, erdizka

Ziurtagiriak jarriz geroztik hasi dira umeak txertatzen ere. 5 eta 11 urte bitartekoei abenduaren 14an hasi ziren txertoak jartzen. Geroztik, Hegoaldean, adin horretakoen erdiak txertatu dituzte, eta beste erdiak ez. Ziurtagiriek izango zuten eraginen bat, baina adin tarte hori da txertatze tasa txikienekoa, eta ez du ematen ziurtagiriak txertatze masibora bultzatu dituenik gurasoak. Abenduaren 14tik 11 urtez azpiko 103.000 ume txertatu dituzte Hego Euskal Herrian. Baina beste 93.000 txertatu gabe daude oraindik.

Eta hirugarren dosia hartzera bultzatu ditu ziurtagiriak herritarrak? Adinduenen artean, gehienek hartua dute hirugarren dosia: 60 urtez gorakoen%90ek baino gehiagok —bigarren dosia ia ehunetik ehunek hartu zuten—. 50 eta 59 urte artekoetan, %74ra jaisten da hirugarren dosia hartutakoen tasa. 40 eta 49 urte artekoetan, %48 besterik ez dira. Eta 30 eta 39 urte artekoak duela ez asko hasi dira txertatzen, eta oraingoz %22 besterik ez dira.

Konparazio batera: txertoa hartu dezaketenen %94,5ek hartua dute bigarren dosia, eta hirugarrena, oraingoz, %65ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.