Gaitza joaten ez denean

Badira koronabirusaren sintomak luzaroan dituzten gaixoak: muturreko nekearekin bizi dira, bizitza normala berreskuratu ezinda. Antolatzen hasiak dira, haien gaitza iker dadila eskatzeko, eta arreta egokia ere aldarrikatzeko.

Fatima Gottwald Morenok lau hilabete egin zituen etxean bakartuta. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Futbolari jardundakoa da Irantzu Esparza (Bilbo, 1983), baina orain «zientzia fikzioa» da harentzat korrika egitea. Martxoan, COVID-19arekin gaixotu eta sendatu zen, baina maiatzean berriro agertu zitzaizkion sintomak, eta ordutik gaitza gainetik kendu ezinik dabil; bereziki, muturreko nekea du: «Esfortzu bat egiteko moduan sentitu nintzen azken aldian, eta farmaziara joatea erabaki nuen, etxetik 600 metrora; bada, oinez amaren besoari helduta joan nintzen, eta hamar bat aldiz geratu behar izan nuen, zorabiatuta». Fatima Gottwald Morenok (Granada, Espainia, 1989), berriz, bost hilabete egin ditu febrikularekin: «37 eta 37,5 gradu arteko sukarrarekin. Egunero. Eta nekea ere ez doa». Bizkaian bizi dira biak, eta Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformako kideak dira. Munduan milaka pazientek asteak eta hilabeteak daramate koronabirusaren sintomekin, baina salatu dute ez direla jasotzen ari osasun arreta egokia.

«Oraindik ezin dugu azaldu froga zientifikoekin zer gertatzen ari zaien», berretsi du Lorenzo Armenteros familia osagileak. SEMGF Mediku Orokorren Espainiako Elkarteak COVID iraunkorraren inguruan abiatutako egitasmoan parte hartzen ari da, besteak beste, gaitzari buruzko informazioa biltzen. Argitu du gaixo horiek ez direla koronabirusaren ondorioak jasaten ari, baizik eta sintomak: «Ez dute eritasuna pasatu: gaixo daude. Sintoma iraunkorrak dituzte: egun batzuetara mugatu ordez, iraun egiten dute». Hala ere, ez dute birusa kutsatzen: «Zalantza asko ditugu gaitz honen inguruan, baina nahiko seguru gaude sintoma iraunkorrak dituztenek ez dutela gaitasun infekziosorik».

Pazienteen taldea «heterogeneoa» dela azaldu du medikuak, baina plataforman bildutakoak batik bat gazteak eta helduak direla esplikatu du Esparzak: «30 eta 60 urte artekoak gara, aurretiazko patologiarik gabeak, eta askoz emakume gehiago gaude, baina ez dakigu gaitzak eragin handiagoa duen gugan ala errazago hurbiltzen garen halako taldeetara. Gehienok ez ginen larri egon gaixotasunaren lehen asteetan, baina ez dugu osatzerik lortu». «Gutariko asko pertsona aktiboak gara fisikoki, kirolariak, eta orain ez gara paseo bat emateko gai», erantsi du Gottwaldek.

Sintomatologian, denetik

Sintomak, dena den, askotarikoak dira, SEMGFk bildu duen informazioaren arabera: orokorrak (febrikula, egonezina), arnas aparatukoak (arnasestua, eztula), neurologikoak (zefalea, zorabioa, memoria galtzea, kontzentratu ezina, dispraxia), digestiboak (beherakoa, sabelaldeko mina), bihotzekoak (takikardiak, palpitazioak, sinkopea, hipertentsioa)... «Sintomatologiak ia organo guztietan eragiten du, eta bizi kalitatea nabarmen galtzea dakar», adierazi du Armenterosek. Eta aldakorra da: «Pertsona bat egun batean hobeto sentitzeak ez du esan nahi hobera egiten ari denik; hurrengo hiru egunetan leher eginda egon daiteke».

Bat datoz Esparzaren bizipenak: «Ezintasun maila handia dakar. Nik neuk gurasoen etxera itzuli behar izan dut, laguntza behar dudalako janaria prestatzeko, erosketak egiteko, garbitzeko... Zurekin hitz egiten ari naiz, eta giharretako minez nabil». Tarteka gelditu egin behar du mintzaldia: «Nekatzen naiz».

Erantzun gosez daude COVID iraunkorra dutenak. «Ez dakigu zer gertatzen ari zaigun, eta ez dakigu guztiz sendatuko garen», esan dute biek. Medikuak «galduta» sumatu ditu Esparzak: «Normala da: birus berri bat da, eta ahal dutena egiten ari dira, baina gure kasuak iker ditzatela nahi dugu». Erantsi du sintoma iraunkorrak dituztenetako askok arazoak izan dituztela probekin: «Martxoan eta apirilean ez ziguten PCRrik egin, eta antigorputzak garatu ez dituztenek negatibo ematen ari dira serologikoetan. Beraz, ofizialki ez dute koronabirusik izan, eta sintoma asko subjektiboak direnez, antsietate diagnostiko batekin bidali dituzte etxera edo psikiatrarengana». Diagnostikoak bestela zehaztu behar liratekeela uste du: «Egin dizkiguten probek ez badute detektatu zer dugun, ez dira ari asmatzen probekin; beraz, diagnostikoa sintomatologian oinarritzea eskatzen dugu».

Ados dago Gottwald: «Aitortza mediko eta soziala behar dugu». Erizaina da, eta Urdulizko ospitalean aritu zen koronabirus gaixoekin lanean, bera ere eritu zen arte. Azalpen tekniko zehatzak eman ditu apiriletik eduki dituen sintomak zerrendatzean: hasierako egunetan batez ere arnasteko arazoak izan zituen, gero digestio aparatuan, ondoren azalean, eta, azkenik, takikardiak. «Eta nekea, bosgarren egunetik. Oraingo sintoma iraunkorrak dira zorabioak, buruko mina, ikusmen lausotua, oreka eta kontzentrazio falta, eta gauzak ahaztea». Negatibo eman du egin dizkioten PCR eta proba serologiko guztietan. «Nire medikua sinetsita zegoen COVID-19a nuela: hark aginduta, bi hilabete egin nituen etxean guztiz bakartuta, eta beste bi partzialki bakartuta. Egun ez dago koronabirus arrastorik nire diagnostikoan: febrikula, nekea eta pisu galera ditut orain». Kezka du horrek arazoak ekar diezazkiokeelako epe ertainera: «Osakidetzak ez dit onartzen lan istripua izan denik, ofizialki ez naizelako kutsatu. Zer gertatuko da guztiz osatzen ez banaiz?».

Proiektu «handinahia»

Ildo horretan, baikor agertu da Armenteros: «Ez dakigu seguru, baina uste dugu sendatuko direla. Eri batzuengan ikusten ari gara sintoma kopurua eta intentsitatea jaisten ari dela». Halere, osagileak aitortu du pazienteak «umezurtz» egon direla sarri, «mediku batetik bestera saltoka». Hori errotik aldatzeko asmoz, ikerketa proiektu «handinahi» bat abiatu du SEMGF elkarteak. Lau talde eratu dituzte, eta horietako bat protokoloak lantzen ari da, lehen arretako langileentzat: «Familia medikuek jakin dezaten nola jardun, zer proba egin, zer neurtu eta eritasunaren zer eremu landu».

Baina egitasmo horren barruan, gaitz iraunkorra bera ere aztertuko dute: «Bi urteko jarraipena egingo diegu pazienteei, ikusteko zer bilakaera duen gaixotasunak». Horrekin batera, sintomak neurtzeko tresnak ere landuko dituzte, ez baitago berariazko erremintarik nekea, disnea, eragin emozionala edo usaimenaren galera neurtzeko. Hori nola egin daitekeen, adibide bat jarri du Armenterosek: «Nekearen inguruan, galde daiteke ea noiz hasten den, 50 metro ibiltzean ala 500 metro; nekatuta altxatzen diren ala egunean zehar agertzen den... Informazio horrek aukera emango digu aldaketak detektatzeko eta neurtzeko». Tresna horiek txalotu ditu Esparzak: «Denok berdin trata gaitzaten nahi dugu, irizpide zehatzen arabera».

Lan eskubideei erreparatzeko lantalde bat ere jarri du martxan medikuen elkarteak. Erien ezinegon handienetako bat baita, Gottwaldek salatu duenez: «Plataformako kide batzuk presio handia jasaten ari dira lanera itzultzeko, eta ezin dute: gaixorik daude. Eta sekulako astakeriak entzun behar izan dituzte: egunero febrikula duen kide bati medikuak esan zion sukarra neurtzeari utzita konponduko zela arazoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.