Zientzietako kategorietako aurtengo Nobel sarien iragarpenak ikusita, batek pentsa lezake azkenean genero-bereizkeriari aurre egitea erabaki duela Suediako Zientzien Errege Akademiak. Izan ere, akademia horrek erabakitzen du nori eman saria fisikan eta kimikan, eta iragarri dituen bost sarituetatik hiru emakumezkoak dira: Andrea M. Ghezek jasoko du fisikakoa (Reinhard Genzelekin eta Roger Penroserekin batera), gure galaxiaren erdian dagoen zulo beltzaren gaineko ebidentzia sendoak lortzeagatik; eta Emmanuelle Charpentierrek eta Jennifer A. Doudnak kimikakoa, genoma editatzeko CRISPR metodoa garatzeagatik.
Hala, Ghez fisikako Nobel saria jasoko duen laugarren emakumea bihurtu da (215en artean), eta Charpentier eta Doudna, kimikakoa jasoko duten seigarren eta zazpigarrenak (112ren artean). Inoiz ez dute emakumezkorik saritu bakarka fisikan, bai ordea kimikan: Marie Curie, 1911n. Aipatzekoa da bi Nobel sari jaso dituen emakume bakarra dela Curie (1903an eman zioten fisikakoa), eta lau bakarrik dira bina Nobel jasotako zientzialariak.
Fisikako eta kimikako Nobel sariez gain, Fisiologia edo Medikuntzakoa ere ematen da zientzien eremuan. Gaur egun, askoz ere emakume ikertzaile gehiago daude arlo horretan, kimikan eta, batez ere, fisikan baino. Beraz, zentzuzkoa litzateke arlo horretan emakume sarituen ehunekoa besteetan baino nabarmen handiagoa izatea. Ez da hala, ordea. Karolinska Institutuak erabakitzen du nor saritu, eta 222 sarituetatik, 12 baino ez dira izan emakumeak. Azkena, 2015ean: Tu Youyou, malariaren kontrako tratamendu bat garatzeagatik. Nabarmentzekoa da, ez baita ohikoa, Tu Youyou txinatarra dela eta Txinan egin duela ikertzaile-ibilbide osoa. Are gehiago: hango medikuntza tradizionaletik abiatuta aurkitu zuen sendagaia.
Izan ere, generoan ez ezik, beste irizpideetan ere erabat herdoilduta daude Nobel sariak. Aipatu denez, sarituen gehiengoa (% 96) gizonak dira, baina, jatorriari erreparatuz gero, esaterako, oraindik ez dute saritu afrikar jatorriko zientzialaririk. Gehien-gehienak AEBetako eta Europako unibertsitate eta ikerketa-zentro ospetsuetako ikertzaileak dira, eta, asiarrak edo latinoamerikarrak saritu dituztenean ere, ia beti leku horietako ikertzaileak izan dira.
Horrez gain, norbanakoak saritzen dituzte, kategoria bakoitzean gehienez hiru. Eta hori ere ez da uztartzen zientzia egiteko moduarekin, gaur egun ikerketa gehienak elkarlanean oinarritzen baitira, talde zabaletan egiten dira, eta sarri nazioartekoak dira.
Horrenbestez, Nobel sariek bultzatzen duten eredua ez dator bat gaur egungo zientziarekin, eta kaltegarria ere izan daiteke. Adibidez, zenbait ikerketak erakutsi dute, hain emakume zientzialari gutxi daudenez, eta daudenak hain bikainak direnez, arriskua dagoela nota arruntak ateratzen dituzten neskek pentsatzeko zientziak ez direla beraientzat egokiak. Eta gauza bera gerta daiteke zuriak edo aberatsak ez diren gazteekin. Hortaz, ezinbestekoa da eredua zabaltzea eta berritzea, etorkizuneko zientzian dibertsitatea handiagoa izan dadin, eta, azken finean, zientzia hobea egin dadin.
Zientzia. ARGI ALDIAN
Nobel sariak, herdoilak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu