Duela 20 urte, urtarrilak 6 zituela, Ordesako basozain batzuek hilik aurkitu zuten Celia izeneko bukardoa. Bere espezieko (Capra pyrenaica pirenayca) azken banakoa zen. Dena den, zorrotz jarrita, espeziea ez zen egun hartan desagertu behin betiko. 2003an, zortzi minutuz mundura itzuli zen; gero, betiko galdu zen.
Hain zuzen, denbora hori baino (zortzi minutu, 480 segundo) ez zuen iraun bizirik Celiaren klonak. Bukardo klonatuaren jaiotza sekulakoa izan zen: lehen aldiz, desagertutako animalia bat klonazio bidez berpiztea lortu zuten! Baina ikertzaileen poza kezka bihurtu zen, eta kezka, etsipen, bukardo jaioberriak arnasteko arazoak zituela ikusi zutenean, eta ezin izan zutenean ezer egin bizirik jarrai zezan.
Bukardoaren aztarna zaharrenak Paleolitokoak dira. Azterketa paleontologikoek erakutsi dute neanderthalen eta gerora sapiens-en ohiko ehizakia zela. Arlanpen, esaterako, bukardoen bost fosil aurkitu dituzte, eta 17.000-33.000 urte dituztela kalkulatu dute. Euskal Herrian eta Pirinio osoan bizi izan zen, baina, XIX. menderako, Pirinioetara mugatuta zegoen.
Bere edertasun eta bakantasunagatik, Europako ehiztarien pieza preziatu bihurtu zen mende horren erdialdean, eta XX.aren hasierarako Frantzian galduta zegoen. Populazioaren gainbehera hain zen nabarmena, ezen 1913an hura ehizatzea debekatu zuten, eta bizi zen eremua (Ordesa ingurua) Parke Natural izendapenarekin babestu zuten, 1918an.
Ez zen nahikoa izan, eta 1960ko hamarkadan beste neurri batzuk hartu zituzten, hala nola bazka eramatea neguan. Alferrik: 10 urte geroago ez ziren geratzen 50 baino gehiago, gutxiegi espeziearen osasuna eta iraupena bermatzeko.
1990eko hamarkadan, larrituta, Capra pyrenaica hispanicarekin (genetikoki hurbileneko ahaidea) hibridatzeko saiakerak egin zituzten, eta espeziea bere onera ekartzeko plan bat ere ezarri zuten, Europaren, Frantziaren eta Espainiaren eta Aragoiren babesarekin. Dena, alferrik: 1999an banako bakar bat geratzen zen bizirik, Celia. Harrapatu, eta larruazaleko zelula batzuk erauztea erabaki zuten, agian, egunen batean, klonatzeko erabiliko zituztelakoan. Aske utzi zuten gero, eta hurrengo urtean hil zen.
2003an egin zuten klonatzeko saiakera. Zelula haietatik abiatuta, 1.285 enbrioi garatu ziren. Basahuntzen eta basahuntz-ahuntz hibridoen umetokietan txertatu zituzten, eta bakarra jaio zen, zesareaz. Esan bezala, berehala hil zen. Hala ere, beste saiakera bat egin zuten 2014an.
Baina esperimentua arrakastatsua izan balitz, zer? Bada, espeziea berdin-berdin galduko zen, ia ziur. Hori uste zuten orduan klonazioaren aurka zeudenek ere; dirua eta ahaleginak oker bideratzea zela. Eta gaur egun ere klonazioa ez da inongo espezieren salbatzaile izango, ez Pirinioetan, ez Australian, ez espezieak galtzen ari diren munduko beste edozein lekutan.
Zientzia. ARGI ALDIAN
Azken bukardoaren azkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu