Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hausnartzeko balio dezala

2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Filmin Euskaraz jaio da, Filmin ordainpeko plataforma digitalaren eskutik. Ekimena Kataluniatik etorri da, eta ez du Eusko Jaurlaritzaren inolako diru laguntza publikorik jaso. Horrela jaso zuen kazeta honek, atzo. Euskarazko filmen, telesailen eta dokumentalen lehen streaming kanala da. Hau da, ez da plataforma berria; baizik eta Filminek jada euskaraz zituen edukien atal espezifikoa. Film berriak gehitu dituzte azken egunotan. Hala nola Koldo Almandoz euskal zinemagilearen Oreina (2018) eta Shipo Fantasma filmak ez zeuden katalogoan pasa den astean. Jaume Ripoll plataforma katalanaren bazkideetako baten arabera, helburua da titulu kopurua handitzea; euskaraz sortu, euskarara bikoiztu edo euskaraz azpidatzitako lanena, alegia. «Iristen zaizkigun heinean, gaineratuko ditugu. Horien artean, Golem banatzailearen Europako zenbait film egongo dira, euskarazko azpidatziekin». Plataforma digitalaren akziodunetako bat da Golem.

Filmin euskaraz izateko saiakera ere izan zen 2017an. Hala kontatu zuen Ripollek berak, 2019ko urrian, Bilbon antolatutako Ikus-entzunezkoen erronkak Europako hizkuntza ez-hegemonikoentzat jardunaldian. Jaurlaritzak baztertu egin zuen aukera hori, eta askorik ez dakigu arrazoien inguruan, ezta Filminen proposamen zehatzaz ere. Argi dagoena zera da, ikus-entzunezko edukien kontsumoa modu digitalean nagusitzen ari den honetan, Eusko Jaurlaritzak ez duela estrategia zehatzik. Ez behintzat Netflix, Amazon Prime Video, Hulu, HBO eta Filmin bezalako plataformen pareko euskarazko eskaintza eraginkorrik. Garazi Goia ikus-entzunezkoetan adituak iaz BERRIAn argitaratu zuen artikuluan ezinbestekotzat jo zuen «estrategia koherentea» izatea. Hau da, sektoreko eragile guztiak aintzat hartzen dituena. Horretarako, apustu berriak, edukien eta igorleen arteko harremana, eta audientziaren ezagutza azpimarratu zituen. Jaurlaritzak, berriz, nahiago izan du beste aldera begiratu.

Hausnarketa egiteko balio dezala Filmin Euskaraz egitasmoak. Euskarazko ikus-entzunezko edukien ekoizpen propioa handiagotzeko beharra dago. Baita erdaretan ekoizten diren produktu gehiago euskarara ekartzeko ere; bikoizketa zein azpidatzi bitartez. Eta, azkenik, estrategia digitala urgentziaz zehazten hasteko. «Guk ez badugu egiten, guri egingo digute».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.