Scroll-ari tiraka, pantailan gora-behera edo ezker-eskuin ibiltzen gara gogoratuko ez dugun edukia kontsumitzen. Antsietatea, baina, airean dago eta ez da digitala soilik, oso erreala da. Haurrei tableta edo sakelakoa uzteari uko egiten diogu edo azken aukera bezala erabiltzen dugu hauek lasaitzeko. Bitartean, bazar txinatarrak, lehertzen diren airedun burbuilezko plastikoen antzekoak diren silikonazko burbuila zanpagarriez eginiko jostailu koloretsuez bete dira. Aurretik spinerrak bezala, antsietatea kontrolatzeko jostailuak horiek ere. Zer gertatzen ari zaigu?
Digitalidadeak antsietate horren sortzaile dela sinplifikatzea litzateke, berez, kontrakoa ere bada aldi berean, honi aterabide bat emateko erabiltzen baita. Ikus-entzunezko kontsumo neurrigabea, aspertzeraino ere egiten dugu. Kontsumo konpultsibo horrek, baina, antsietate sentsazioa kenduko digula iruditu arren, gehiago sortzeko mekanismo bihurtzen da maiz. Berdina gertatzen da sare sozialen erabilerarekin ere. Asperdura ekiditzearren, hauen erabilera konpultsibo bihurtzen dugu, antsietatea ekidin gabe, baina ekidingo dugula pentsatuz.
Ez dakit zer gertatzen ari zaigun, baina orokorra da eta berriro diot, ez da mundu digitalean soilik gertatzen ari edo horregatik soilik gertatzen ari. Inoiz baino gehiago kostatzen ari zaio jende askori ikasturteari heltzea. Desilusioa, ziurgabetasuna, nekea... Batez ere neke sentsazioa komentatzen du jendeak nire inguruan. Pandemiak ere zerikusia izango du, baina ez da faktore bakarra.
Mark Fisherrek zioen Errealismo Kapitalista deiturikoaren etorkizunaren kantzelazioarekin lotzen dut nik. Daukaguna ez zaigu gustatzen, baina ezin dugu etorkizun hobeago batean pentsatu, aukera hori kendu digutelako. Akaso hau da?
Edozein dela ere arrazoia, antsietatea aire kutsaduraren pare zabaltzen ari da inguruan; antsietate orokorra da. Nire sentsazioa bakarrik izan liteke noski, baina ez bada, argi daukat ez dela arazo indibidual soil bat; garaiko arazo kolektibo bat da eta beraz soluzioek ere kolektiboak behar lukete izan. Kaleak eta bizitzak gure eskuetan hartu, etorkizun berrien eraikuntzan. Bizi-greba orokor bat behar dugu, dena dantzan jartzeko, bizitzen jarraitzeko edo bizitza berriak sortzeko; zerotik hasi behar badugu ere.
IRLEN SAREA
Antsietate orokorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu