Harritu ez baina dezepzionatu ere ez zuen egin joan den astearte gauean Natura bizia saioaren lehen emanaldiak, aurretik ere pentsatzekoa baitzen ikusgarria eta interesgarria izango zela. Lexeia Larrañagak zuzendu eta Alberto Iñurrategik gidatu eta aurkeztuta, Euskal Herriko biodibertsitatearen berri emango duen dokumental saila da, zortzi ataletan banatua, ETBren udako programazioko eskaintza nagusi eta erakargarrienetako bat.
Astearteko estreinaldian, Pirinioetara eraman gintuen Iñurrategik, eta, besteak beste, bertako sarrioak, ugatzak, hartzak, eta basoilarrak erakutsi zizkigun, haien egoeraren eta ibilien berri ondo dakiten adituen azalpenak eta iritziak jasoz eta indar plastiko handiko irudi bikainak eskainiz, kontu eta pazientzia handiz lortutakoak, Larrañagak, emanaldia baino minutu batzuk lehenago, Udak dakarrena saioan Julian Iantziri adierazi zionez.
Klima aldaketari buruzko kezka agertu zuten aditu horietako batzuek. Esate baterako, basoilarren Nafarroako kantu lekuetako bat duela urte batzuk baino gorago omen dago gaur egun, eta basoilarrek lehen baino lehenago jotzen omen dute horietara, eguraldia lehenago epeltzen hasteak aldaketak dakartzalako landaredian eta ekosistema osoan. Horrez gain, igarri dute lehen kantu-leku horietan beti elurra izaten bazen ere, orain askoz ere elur gutxiago izaten dela, eta batzuetan batere ez.
Ziur naiz Euskal Herriko biodibertsitatearen berri ematearekin batera, biodibertsitate horretaz arduratu eta biodibertsitate hori zaintzearen garrantziaz ohartaraziko gaituela, aurreneko saioan bezala, aurreragokoetan ere Natura bizia-k.
Nahiz eta leku askotatik ari zaizkigun heltzen eta errepikatzen horrelako diskurtsoak eta ohartarazpenak, ez daude soberan, eta are beharrezkoagoak dira klima aldaketaren eta berotze globalaren ondorio kaltegarriak bertatik bertara eta datu zehatzen laguntzaz erakusten direnean, Natura bizia-n gertatzen den bezala. Are gehiago erakusten den hori etxetik hain gertu daukagunean.
Ez dakigu zer ikusle kuota izango duen, ezta zer oihartzun eta zer eragin izango duen ikusleengan ere, baina berri pozgarria da Natura bizia pantailetara iritsi izana. Kalitateko entretenimendurako ez ezik, kontzientziaziorako ere balioko ahal du!
EKOGRAFIAK
Entretenimendua eta kontzientziazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu